Domekan irekiko ditu ateak Seminarixoak, "kultura hazitegi" izan guran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko abe. 21a, 17:32

Itxaronaldi luzearen ostean, domekan irekiko ditu ateak Seminarixoa aretoak eta Udaleko Kultura Sailak eman du urtarriletik abendura bitarteko programazioaren berri; Udal Gobernuak espero duenez, irailerako martxan egongo da zinema ekipamendua.

Atzerapenak atzerapen, heltzear da eguna. Domekan, abenduak 24, irekiko ditu ateak lehen aldiz Seminarixoa aretoak. Luxuzko gonbidatuak izango ditu, gainera, aretoaren irekierak: Mari Domingi eta Olentzero. "Olentzero eta Mari Domingi enbaxadore aproposak izango dira txikiei eta nagusiei halako zeresan handia izango duen agertoki honen ateak zabaltzeko", uste du Kultura zinegotzi Maite Agirrek.

Jakinekoa da askotariko erabilerak eskaintzera datorrela Errege Mintegiko eliza zaharrean eraiki den Seminarixoa. Ondareari eusteko ahaleginak luzatu du itxaronaldia, Elena Lete alkateak gogora ekarri duenez: "Herritarroi luze egin zaigu agertoki berri hau bukatuta ikustea, baina aretoa bera ondarea izanik ondare hori zaintzeko ahaleginak luzatu ditu obra eta egokitzapen lanak. Tentuz eta mimoz egindako lan horri esker, Bergara erdi-erdian kokatuta dagoen XVIII. mendeko gure ondare garrantzitsuetako baten XXI. mendeko azpiegituraz hornitutako agertoki eder bat daukagu".

Zinema, irailetik aurrera

Arte ondarearen eta modernitatearen artean "ia ezinezkoa" zirudien oreka errealitate bihurtu dela uste du alkateak: "Bergarak dagoeneko badu diziplina anitzeko emanaldiak modu erosoenean eta baldintza egokienetan ikusteko eta entzuteko azpiegitura egokia". Hainbat herritarren aspaldiko eskaera izan da Bergaran zinema areto bat izatearena eta horretarako ekipamendua 2018ko irailerako egongo dela aurreikusten da; hain justu, Udal Gobernuak 80.000 euroko partida aurreikusten du datorren urteko aurrekonturako. Irailera arte, beraz, Zabalotegi aretoan izango dira zinema proiekzioak.

Emanaldiaren arabera moldatu

Eliza zaharretik egungo aretoa egiteko obraren eta ekipamenduaren aurrekontua izan da 2.322.633 eurokoa eta horietatik 1.435.089 euro lortu dira Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren diru laguntzetatik. Aretoaren ezaugarri nagusia moldagarritasuna da. Agertokia erabat moldagarria da emanaldiaren arabera –ez denean erabiltzen eliza zaharreko erretaula ikusi ahal izango da–; harmailak jarrita 254 lagunendako lekua dago eta harmaila barik, berriz, 500 lagunendako lekua; hormetako panelen aurpegi batek soinua xurgatzen du eta besteak islatu; agertoki atzeko maskor akustikoa ere muntatu eta desmuntatu daiteke... Gainera, elizako hormek berez duten soinua hauspotzeko joera ere mugatu zaio Seminarixoari.

"Kulturaren hazitegi" izan guran

Seminarixoa izena jarri zaio, besteak beste, Udalak "kulturaren hazitegi bat" izatea gura duelako: "Tamaina ezberdinetako ikuskizunak ekarriko ditugu baina, era berean, herriko kultura taldeek eta artistek ere bertan plazaratuko dituzte euren sorkuntzak. Gure herriko kultura sortzaileek eta kultura zaleek merezitako lekua daukate". Hain justu, martitzenean egindako prentsa agerraldian kultura zinegotzi Maite Agirrek nabarmendu zuen "maila handiko" agertoki bat lortu dela: "Aretoa bera ederra da, herriko ondare bizia, eta baldintzak eta azpiegiturak punta-puntakoak".

Txarteldegia zabalik eguenetan

Urtarriletik maiatzera bitarteko eskaintzan musikak pisu nabarmena izango du –klasikoak, rockak eta popak, besteak beste–, baina lekua izango dute, baita ere, antzerkiak, dantzak eta umeendako emanaldiek ere. Hala ere, udaletik aditzera eman dutenez, lehen programazio hori –ikus 20. orriko taula– "oinarri nagusia" da, baina horiez gain ere izango dira beste ekitaldi batzuk, tartean herriko taldeek sustatuko ekimenak. Sarrerak eskuratzeko bi bide egongo dira: Seminarixoko txarteldegian, eguenero, 18:00etatik 20:00etara, eta ticket.kutxabank. es webgunearen bitartez. Hala, hilabeteko lehen eguenean hasiko dira saltzen hurrengo hilabeteko emanaldietarako sarrerak. Eta txarteldegian zein interneten eskuratu ahal izango dira edozein sarrera; ez da bereizketarik egingo. Udaleko Kultura Sailak maiatzera bitartean aditzera eman dituen ekitaldien artean, sarrerarik garestiena zortzi eurokoa da.

Urtarrilaren 17an elkartzeko deia

Kudeaketaren bueltan kezka agertu duen herritar talde bat saio ireki bat antolatu guran dabil urtarrilaren 17rako. Inguruan martxan dauden beste "prozesu interesgarri" batzuk aipatu dituzte, esaterako, Oñatiko Eltzia, Azpeitiko San Agustin edota Gernikako Astra ekimenak. "Aretoa nola, norekin eta zertarako?" galderari erantzun gura diote, besteak beste.

Abendutik maiatzera bitarteko eskaintza:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak