Frankismo garaiko gizateriaren aurkako krimen guztiak ikertzeko kereila jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez. Alkateak urrats "oso garrantzitsua" dela uste du: "Intxorta elkartearen eta Josu Ibargutxiren eskutik egin dugu lan; Intxorta elkartearekin hitzarmena daukagu eta gai honetan gure txanda noiz helduko zain egon gara. Ekimen honen bitartez hainbat testigantza jasoko ditugu; aukera hori ematea oso garrantzitsua da eta ekimena gero borobildu egingo dugu kereila aurkeztuta". EH Bilduko Agurne Barrusok ere Intxorta 1937 elkartearen lana goraipatu zuen: "Urrats inportantea da kereila hori sartzeko erabakia hartu izana. Bereziki eskertu nahi dugu Intxorta elkartearen lana; euren lanik barik ez dugu uste gaur [atzo] hartu den erabakia hartuko zenik. Aho batez onartu izana pozgarria da guretako; ea Elgetak izan duen ibilbide bera dugun guk ere".
Boluko frontoirako kreditu aldaketa eztabaidagai
Boluko frontoia estaltzeko proiektuaren barruan izandako kreditu aldaketa batek eragin zuen eztabaida gehien 2017ko azken osoko bilkuran. Ogasun batzordeak 120.000 euroko kreditu gehigarria onartzeko proposatu zion atzo udalbatzari eta onartu egin zen EAJren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EH Bilduren zein Irabaziren abstentzioarekin.
Elena Lete alkatearen arabera, Boluko auzotarrek hainbat eskaera egin zituzten: besteak beste, estalkia txukuna izatea, estalki horrek soinua tratatzeko zenbait osagai izatea, frontoiak itxiera bat izatea eta bertako irisgarritasuna bermatzea. Alkateak nabarmendu zuen proiektua orain dutela eginda; esleipen faseari hasiera urtarrilean ematea espero dute eta martxoan Udalak enpresa eraikitzaileen eskaintzak jasoko lituzke. EH Bilduk kritikatu zuen, besteak beste, obrak hasi aurretik hasierako aurrekontua baino 120.000 euro gehiago beharko direla proiekturako. Proiektuaren aurrekontua 341.731 eurokoa da orain.
Garraio publikoa ere hizpide
Amaitzeko, EH Bilduk eta Irabazik Debagoienean kalitatezko garraio publikoa eta "azken murrizketak" salatzeko mozioa ere aho batez onartu zen. Gobernuak uste du garrantzitsua dela bergararrei kalitatezko garraio publikoa bermatzea. Oposizioak pozik hartu zuen Diputazioa gobernatzen dutenak alderdi berberak izanik errekerimendu hori egin izana. Izan ere, Irabazik uste du herritarrek garraio publikoa erabili behar badute, merkeagoa, azkarragoa eta erosoagoa izan behar dela. Eta berriro ere azpimarratu zuen Mugikortasun Plan integral baten beharra.