Abesteko gogoak ez du adinik

Txomin Madina Milikua 2017ko abe. 15a, 21:09

Atzo eta gaur artean, hamazazpi erretiratu elkartetako abesbatzek hartu dute parte Bergaran egin duten XVII. Gipuzkoako Abesbatzen Topaketan. Bergarako San Joxepe elkarteak antolatu du aurten ekimena, eta duela 25 urte elkarteko abesbatza sortu zutenak omendu dituzte gaurko saioa amaitzeko.

Euskarazkoak, gaztelaniazkoak, ingelesezkoak, italierazkoak... Hainbat hizkuntzatako kantuek hartu dute atzo eta gaur Bergarako Santa Marina Parrokia, bertan izan da-eta XVIII. Gipuzkoako Abesbatzen Topaketa. Mutrikutik, Eibartik, Beasaindik, Hondarribitik... etorritako erretiratuen elkarteetako abesbatzek hartu dute parte Topaketan, baita Debagoienekoek ere: Aretxabaletako Basotxokoek atzo abestu zuten; Oñatiko Pake Lekukoek, Arrasateko Abaroakoek eta Bergarako San Joxepekoek, gaur.

Omenaldia sortzaileei

Hain zuzen ere, San Joxepekoak izan dira aurten ekimenaren antolatzaileak, eta beraien emanaldiarekin itxi da Topaketa. Modu hunkigarrian itxi, gainera. izan ere 25 urte bete ditu aurten Bergarakoen abesbatzak, eta gauzak horrela, gaurko kontzertuen ostean, abesabtzaren sorreran ibili ziren eta egun bizirik dauden kideak omendu dituzte. Hala, oroigarri bana jaso dute Karmelo Santorcuatok, Honorio San Prietok, Fernando Azkaratek, Nati Albisuak, Mari Tere Etxanizek, Justina Larrañagak, Rosario Garitanok eta Maria Pilar Larrañagak. Era berean, abesbatzak izan zuen lehen zuzendariari, Ines Elortzari, lore sorta bat oparitu diote.

Fernando Azkarate eta Rosario Garitano "pozik eta gustura" agertu dira omenaldia jaso izanarekin, eta abesbatza martxan jarri zuteneko garaiak gogoratu dituzte: "Oso garai onak izan ziren, zoragarriak". Abesbatzan aritzeak bizia eman diela gaineratu dute: "Lagun asko egin ditugu, aberatsa izan da".  Zentzu berean hitz egin du Maria Pilar Larrañagak: "Nietzat terapia oso ona izan da.  Geure artean hartu-eman ona izan dugu hasieratik, primerakoa. Edozeini esango nioke sartzeko, merezi du; ezin gara sukaldean geratu!".

Ines Elortzak, bere aldetik, San Joxepeko abesbatzako lehen zuzendaria nola bihurtu zen gogoratu du: "Legazpikoen abesbatza sortzen lagundu nuen bere garaian. Gero, eskualanak irakasten nituen Bergaran, joskintza. Eta San Joxepen abesbatza sortzeko erabakia hartu zutenean, zuzendari izateko esaktu zidaten". "Jendea benetan zoragarria da", gaineratu du.

Omenaldiaren ostean, Agur jaunak abestu dute denek batera, eta gaur kantatu duten abesbatzetako zuzendariek oroigarri bat ere jaso dute.  

Jende berriaren beharra

San Joxepe elkarteko presidente Joxe ramon Egunerek Topaketaren balorazio posiboa egin du: "Zailtasunak zailtasun, nahiko ondo joan da. Neketsua da horrelako ekitaldi bat antolatzea, baina gustura gaude". Adierazi du baita ere elkarteko abesbatzako kideak adinean gora doazela, baina espero duela jende berriak ematea izena.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak