Lanpostuak eta ekoizpena mantentzeko protestan, Bergarako Arcelor Mittal-en

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko abe. 1a, 13:07

Zuzendaritzak proposatutako Bergarako Arcelor Mittal-en "berrantolaketaren" aurreko kontsulta-epea amaituta, egungo 149 lanpostuak eta ekoizpena mantentzeko "inbertsio zehatzak" eskatu ditu enpresa batzordeak: "Inbertsio zehatzak paperean ikusi nahi ditugu". Gaur bilera berri bat izango dute zuzendaritzarekin eta langileek espero dute zuzendaritzak euren eskaerei erantzunen bat emango diotela.

Bergarako Arcelor Mittal lantegiaren etorkizuna ziurtatuko duen inbertsioaren berri zehatza idatziz ematea. Horixe da egun 149 langile dituen lantokiko enpresa batzordearen eskaera nagusia. "Aspaldi ez da inbertsiorik egiten. Laminazioan inbertsiorik ez badago, enpresa erori egingo da; zuzendaritzak dio enpresa ez dela lehiakorra, baina ez du inbertitzen...", diote ELAk eta LABek.

Atzo eguerdiko kontzentrazioan enpresa batzordeko presidente Luis Alberto Elorzak azaldu zuenez, langile murrizketa baten aurreko kontsulta epea amaitu da, baina uste dute bilerak Gabonetara arte luzatuko direla: "149 langile finko izatetik 105 izatera pasatuko ginateke. Hori ez da aurrera jarraitzeko modua; 2009an altzairu-fabrika itxi zenetik langile kopurua murrizten eta murrizten joan gara urtez urte".

2017-2022 inbertsio plana paper gainean ikustea

Egoera honetara heltzeko "ezinbesteko" beste arrazoi bat da, Elorzak uste duenez, Bergarako lantegirako inbertsiorik ez dela egin aspaldian: "Bermeak eskatzen dizkiogu enpresari, idatziz. 2017-2022 inbertsio planerako inbertsio zehatzak paper gainean ikusi nahi ditugu; gaur egungo langile kopurua eta ekoizpena, gutxienez, mantendu ditzatela".

Egungo lau erreleboak mantentzeko inbertsioa eskatzen dute. ELAren eta LABen arabera, zuzendaritzak dio 360.000 tona egiteko aukera dagoela Bergaran; tona kopuru hori mantentzen bada langileen baldintzak negoziatu ahalko liratekeela uste dute. Gainera, Elorzak dio langileen batez besteko adina "oso altua" dela: "Orain bertan ez dago 30 urtetik beherako langilerik. Horrela ezin dugu aurrera egin; bestalde, erakundeei konpromisoa eskatzen diegu, bilera eskatu dugu Jaurlaritzako Industria Sailarekin.

Lau erreleboak mantentzeko eskaera

Bergarako industriarentzat planen bat dagoen jakin nahi dugu, 100 urte baino gehiago dituen Arcelor Mittal-ek nola egin dezakeen aurrera". Atzo zuzendaritzarekin egindako bileran aurre-akordioa posible izan dadin konpromisoak eskatu zituzten langileek. Enpresa komiteko presidentearen arabera, 2018rako egutegi proposamen bat eskaini zuen atzo zuzendaritzak lau errelebotara lanean jarraitzeko.

Hala ere, langileen kezka nagusia da epe luzerako etorkizuna, inbertsiorik gabe Arcelor Mittal-en jarduera epe motzekoa izango dela uste dutelako. Gaurko bileran zuzendaritzak euren eskaeretako batzuei behintzat erantzun bat ematea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak