Elena Lete alkatearen arabera, Madrilgo gobernuarekin adostu beharreko kupoa arriskuan zegoela-eta, laurehun mila eurotik gorako diru poltsa bat gordeta zuten badaezpada. "Kupoaren arriskua desagertu denean, diru gehigarri hori herriko hiru proiektutara bideratuko da. Aldunditik eta Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntzetatik ordainduko da proiektu horien %65 inguru", esan zuen Letek.
Zubietako zubiko lanak, udaberrian
Zubietako zubiaren inguruko xehetasun berri emateko, esaterako, prentsaurrekoa egin dute gaur, azaroak 28. Agerraldi horretan iragarri dute, besteak beste, Zubietako zubiaren birgaitzeak 314.252 euroko (BEZ barne) kostua izango duela eta horretarako Eusko Jaurlaritzatik 194.784 euroko diru-laguntza jasoko duela Udalak. Asmoa da udaberrian lanekin hastea, lau hilabeteko iraupenarekin.
Horrez gain, kreditu aldaketa horien barruan beste hobekuntza garrantzitsu bat ere aurreikusten dute, alkateak iragarri zuenez: "Partida txikia izateak ez du esan nahi garrantzia txikiagoa duenik. Garraio publikorako 15.000 euro gehiago jarriko dugu; izan ere, auzo-taxia garatu nahi dugu, eta auzoetarako une jakin batzuetan gaueko zerbitzua eman dugulako".
Mugikortasuna eta aparkalekuak
Hain justu, mugikortasunarekin zerikusia duen beste gai batek eragin zuen eztabaida Irabaziren eta Udal Gobernuaren artean. Izan ere, 2018rako herri barruko taxi zerbitzuaren tarifen harira herriko mugikortasuna hobetzeko "analisi sakon bat" eskatu zuen Irabaziko Aiert Lizarraldek, besteak beste.
Horren aurrean, mugikortasun planik ez dagoela onartzeaz harago, 2008ko azterketaren datuak eguneratzeko beharra sumatzen du alkateak, bereziki aparkalekuen arloan: "Eguneratzeko beharra ikusten genuen atal zehatz baten, aparkatzeko atalean. Horregatik, duela 15 egun enkargatu genuen atal horren inguruko azterketa, gaur egungo datuekin. Hortik etorriko da gero Mugikortasun plana, hori izango da hurrengo pausoa. Zergatik behar dugun aparkatzearen gaia berriro aztertzea? Bergarar gehienei kezkatzen dien gaia delako".
Lizarraldek, aldiz, aparkalekuena arazo bat dela uste du, eta mugikortasun plana hori baino askoz gehiago dela: "EAJ eta PSE-EE arduratuta egongo dira Bergaran aparkatzeko dagoen arazoaz, baina mugikortasuna hori baino askoz zabalagoa da".
Informazio trukea, eztabaidagai beste behin
Bestalde, Udal Gobernuaren eta oposizioaren arteko informazio trukaketak ere eragin zuen eztabaida galderen eta eskaeren tartean. Gaia Irabazik mahai gaineratu bazuen ere, EH Bilduk beste behin salatu zuen komunikabideen bitartez enteratu izana, besteak beste, azken urtean Gizarte Zerbitzuetan hamahiru salaketa jaso direla indarkeria matxista dela-eta. "Udaleko informazio asko dago zinegotzioi eman aurretik publiko egiten dena. Guretzat oso larria da hori; gainera, askotan informazio hori eskatu egin dugunean eta eman ez zaigunean. Gardentasun kontua da. Badirudi batzorde ezberdinetan egoten garela", esan zuen Agurne Barrusok.