Bergarako Udalak emakumeen aurkako 13 indarkeria kasu artatu ditu aurten

Goiatz Arana Begiristain 2017ko aza. 21a, 15:01

Goizean ezagutarazi dituzte datuak Berdintasun zinegotziak eta Gizarte Zerbitzuetako buruak. Urtea hasi zenetik gaur arte Udaleko Gizarte Zerbitzuetan artatu dituzten kasuak dira eta, ildo horretatik, garbi utzi nahi izan dute sail horretara laguntza eske jotzeko ez dela beharrezkoa salaketa jarri izana eta balitekeela Ertzaintzan eta epaitegietan beste kasu batzuen berri izatea. "Errealitate zati bati dagozkion datuak dira guk esku artean ditugunak", azaldu dute. 2015ean, zortzi izan ziren artatutako kasuak; eta 2016an, 16.

Aurtengo datuetara etorrita, biktima guztiak emakumezkoak dira, eta %54 erkidegokoak edo Espainiakoak (%46 beste herrialde batzuetakoak). Euren adina da, ordea, udal ordezkarien esanetan, daturik deigarriena, 18 eta 30 urte bitarteko adin tartean dagoelako biktima kopuru altuena: %32. 41-50 adin tartea dago ondoren (%23). Indarkeria motari dagokionean, gehiengo zabalak (%77) eraso fisikoa eta psikologikoa, biak, jasan ditu; %15 eraso sexualen biktima izan dira; eta %8k tratu txar psikologikoa jaso dute. Erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia da hamar kasutatik zazpitan eta, jatorriari dagokionez, %54 erkidegokoak edo Espainiakoak dira.

Laguntza integrala

Laguntza psikologikoa, alojamendua, aholkularitza juridikoa, diru-laguntzak... ematen zaizkie biktimei, beharraren arabera; haurrak dituzten kasuan, horien babeserako laguntza ere eskaintzen zaie; eta kanpotarrei, dokumentazioa erregulatzeko orientazioa.

Konpromisoa eskatu

Genero indarkeriari aurre egiteko herritar guztien konpromisoa eskatu dute eta salatzera animatzeko dei egin diete biktimei ez ezik kasuren baten ezagutza izan dezakeen edonori. Eta bi telefono zenbaki ipini dituzte herritarren eskura: 900 840 111 eta 112.

Lanean "irmo"

Maite Agirre Berdintasun zinegotziak esan du Bergarako Udala irmo ari dela lanean emakumeen kontrako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde, "elkarbizitza eta berdintasuna ardatz hartuta". Hala, "udalak ezinbestekotzat du emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimen eta haien albokoei laguntza-zerbitzua ematearekin bat, prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia eta erreparazioa bermatzea".

Ildo horretatik, Agirrek gogoratu du joan den asteko osoko bilkuran udalak aho batez onartu zuela Bergarako herria biolentzia matxistez libre aitortzea, udalbatzak indarkeria matxistaren kontra hartutako konpromiso guztiak aurrera eramateko plangintza garatzea eta Berdintasun teknikaria berehala kontratatzeko prozesua martxan jartzea.

Hainbat ekintza

Bergarako Udalak eta martxanterek hainbat ekintza antolatu dituzte egunotarako, erreibindikaziorako eta kontzientziazioa pizteko:

Azaroak 22, eguaztena:

  • Sorgin ehiza eta indarkeria matxista hitzaldia, Barakaldoko Argitan elkarte feministaren eskutik. 18:00etan, Zabalotegi aretoan. (Antolatzailea: Martxanterak)
  • Volar filma. 20:00etan, Zabalotegi aretoan (asteazkeneroko zineklubean). (Antolatzailea: Bergarako Udala)

Azaroak 24, egubakoitza:

  • Koaderno zuria, helduentzako antzezlana, Hika Teatroa taldearen eskutik. 20:00etan, Zabalotegi aretoan. (Antolatzailea: Bergarako Udala)

Azaroak 25, zapatua:

  • Elkarretaratzea. 12:00etan, San Martin Agirre plazan. (Antolatzailea: Bergarako Udala)
  • Akelarre feminista. 20:00etan, San Martin Agirre plazan. (Antolatzailea: Martxanterak)

Azaroak 29, eguaztena:

  • Todos están muertos filma. 20:00etan, Zabalotegi aretoan (asteazkeneroko zineklubean). (Antolatzailea: Bergarako Udala)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak