Indarkeriatik, gatazka armatuetatik edo giza eskubideen bestelako bortxaketa larrietatik ihesi beren herrialdetik joan behar izan duten pertsona errefuxiatuen aldeko kontzertua izan zen atzokoa. Emanaldia berezia zen, eta jendeak ere horrela erantzun zuen, Fraiskozuri plazan jende ugari batu zen-eta. Guztiek asmo bera zuten: Bergarako Pilotalekua betetzea, Siriako errefuxiatuei pasabide seguru baten beharra aldarrikatzeko.
Errefuxiatuen egoera ezaguna zaigu. 2011ko martxoan hasi zen Siriako gatazka, Bashar al-Ásaden gobernuaren kontra matxinatu zirenean. Gerrak zazpi urte eta erdi iraun du dagoeneko, eta borrokek eragindako iheslarien egoera kritikoa da. Kontzertu hau, baina, gerraren krudeltasuna salatzeko baino gehiago, Europara iritsi eta egoera negargarrian dauden milaka pertsonei laguntzeko egin dute.
Jendeak ederto erantzun zuen, eta bergararrak ikusle soil izatetik konponbidearen parte izan nahi dutela erakutsi zuten bart. Kontzertuko sarreretatik lortutako dirua, errefuxiatuak eta musika batzen dituen El sistema Greece erakundeak jasoko du.
Kontzertua hasi aurretik, SOS Arrazakeria GKEren lehendakari Agustin Uzurrunzagak esker oneko hitz batzuk izan zituen eta El sistema Greece zertan dantza azaltzen duen bideo motz bat ere proiektatu zuten. Kontzertuaren xedea ezagututa, emanaldiaren txanda iritsi zen.
Musikak ez dauka mugarik
Mugak politikakoak, linguistikoak edo geografikoak izan daitezke, baina musikak guztiak gainditu ditzake. Lengoaia unibertsal honen sekretuak ondo baino hobeto ezagutzen dituen Gonzalez Chirlaquek programa entretenigarri bat aukera zuen. Musikariek konpositore klasikoak abesti ezagunagoekin tartekatu zituzten. Dudarik gabe, kontzertuko une berezienak jatorri siriarra duen Suad Bushnaq kanadar konpositorearen Ghadam pieza eta Gonzalez Chirlaquek konposatutako Hizkutza erreinu izan ziren.
Musikak jendearen txaloak izan zituen bidelagun, errefuxiatuendako pasabide seguru baten lehen metroak eraikitzeko.
Kontzertuak, baina, bidaiari izaera zuen, eta musikaz gain, bidaia horretan murgiltzen lagundu zuten bi narratzaileak Ugaitz Alegria eta Maitena Salinas izan ziren. Doinu eta hitzei indar gehiago emateko, Javi Julioren argazki batzuk ere proiektatu ziren.
Emanaldian zehar, Bergarako Orkestra Sinfonikoa ez zen bakarrik egon, musikari ahotsa jartzen: Maria Izaga, Ion Agiriano, Asier Elortza, Aitor Garitano eta Miren Elortza izan baitziren. Horiez gain, Bergarako Musika Eskolako abesbatzako kide gazteek ere abestu zuten.
Kontzertua borobiltzeko, Manex Alberdik iazko Kilometroetarako Gonzalez Chirlaquek konposatutako Hizkuntza erreinu abestia dantzatu zuen. Kasu honetan, baina, piezak mezu berezia izan zuen, abestiaren letraren egile den Maddi Iñarrak errefuxiatuak gogora ekartzeko letra moldatu zuen-eta, abestiaren bigarren zatian, zortzikoan. Dudarik gabe gaueko une txalotuena izan zen hau.
Udal Pilotalekua testigu izan zen emanaldiari amaiera bikaina emateko, Ghadam eta Hizkutza erreinu piezaren zortzikoa errepikatu zituzten. Eta bergarar guztien izenean, Elena Lete alkateak, zeharo hunkituta zegoen konpositore kanadarrari koadro bat oparitu zion Bergarako herriaren iroigarri gisa.
Auzolanean sortutako emanaldia
Atzokoa Bergarako Orkestra Sinfonikoak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatu eta Bergarako Udalaren eta Kutxa Fundazioaren babesa izan duen emanaldia izan zen. Erakundeez gain, bergarar boluntario ugarik ere parte hartu zuten antolakuntza lanetan.