Pasabide segurua musikaren bidez

Eneko Azkarate 2017ko urr. 26a, 21:00

Bergarako Orkestra Sinfonikoa, oraingo egunotan, zapaturako entseatzen. (Argazkiak: Aitziber Azkondo)

Bergarako Orkestra Sinfonikoak zapatuan eskainiko duen kontzertu solidarioan Udal Pilotalekua betetzeko jo eta su lanean dabiltza antolatzaileak. Sarreren salmenta bide ionetik badoa ere -beheko aldeko ia sarrera guztiak salduta daude- oraindik geratzen dira. Hemen eskura daitezke eta kontzertu egunean ere bai -20:30etan hasiko da-.

Helburu solidarioa dauka emanaldiak. Pasabide seguru baten alde. Giza eskubide bat delako da goiburua eta Sos Arrazakeria dago atzean, hainbat herritarrekin eta Bergarako Udalarekin batera.

"Garrantzitsuena helburua da. Oso urrunetik bizi dugu siriar errefuxiatuen drama eta berehala ahazteko joera dugu, baina benetan gertatzen ari da, eta gure laguntza behar dute" dio Alfredo Gonzalez Chirlaque orkestrako zuzendariak.

Eta gehitu du: "ume eta amek sufritzen dute bereziki. Horregatik, itsasoan barrena lehorreratzen dabiltzan edo alanbre arantzaduna kendu nahian dabiltzan ume edo ama horiei, gertuko ditugun lagun edo familiartekoen aurpegiak jartzen badizkiegu, agian errazago ulertuko dugu, sentiberagoak egiten lagunduko digu. Horixe da gakoa".

Ahalik eta diru gehien batzeko, zero lerroko sarrerak ere jarri dituzte salgai 5 eurotan, eta pasta solidarioak ere bai. Azken hauek, Gamarrako ostalaritza eskolako irakasle Maite Muñoz bergararrak, ikasleekin batera, egindakoak; pintxo pote egunetan ipini dituzte salgai, "arrakasta handiz", antolaketa lanetan diharduen Aitziber Azkondok azaldu duen bezala.



Hona hemen, Alfredo Gonzalez Chirlaquek esandakoak kontzertuaren gainean:

"Kontzertu ederra izango da"

"Kontzertu ederra izango da; hori hala izateko osagai guztiak ditu, behintzat. Baina, ordu eta erdiko emanaldi ederraz gozatzeaz gain, garrantzitsuena helburua da, zertarako egiten den. Oso urrunetik bizi dugu siriar errefuxiatuen drama eta berehala ahazteko joera dugu, baina benetan gertatzen ari da, ohartu behar gara laguntza behar dutela, dena behar dutela".

"Ume eta amek sufritzen dutena da bereziki gogorra"

"Ume eta amek sufritzen dutena da bereziki gogorra. Itsasoan barrena lehorreratzen dabiltzan edo alanbre arantzaduna kendu nahian dabiltzan ume edo ama horiei, gertuko ditugun lagun edo familiartekoen aurpegiak jartzen badizkiegu, agian errazago ulertuko dugu, sentiberagoak egiten lagunduko digu. Horixe da gakoa".

"Gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu haiei laguntzeko"

"Honenbestez, gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu haiei laguntzeko. Gure aldetik, musikariak garenez gero, musika kontzertua antolatu dugu eta mimo handiz gabiltza prestatzen, zapatuan Udal pilotalekua jendez bete dadin, dena ondo atera dadin, ikus-entzuleek goza dezaten eta, azken finean, helburua bete dezagun: ahalik eta diru gehien batzea siriar errefuxiatuei laguntzeko. Orkestrako kideei ideia proposatu genienean, berehala jaso genuen baietza. Gero, Sos Arrazakeriakoekin eta beste lagun batzuekin batera hasi ginen forma ematen".

"Boluntario piloa batu da laguntzera"

"Boluntario piloa batu da laguntzera; batzuk, pastak eginez Gamarrako ostalaritza eskolan, gero, salgai jartzeko; beste batzuk, sarreran egoteko, agertokia apaintzeko, aretozain lanetarako… Eta, orain, nahi dugu Herriak laguntzea, elkartasunez joka dezala".



"Ihes egitera behartuta"

"Abiapuntua zera da: gerrak eztanda egiten du eta herritarrak ihes egitera behartuta sentitzen dira, mundu egonkorrago, ziurrago eta hobe baten alde. Bidai horretan murgiltzen saiatuko gara, musikaren, narratzaileen -Ugaitz Alegria eta Maitena Salinas- eta irudien bidez eta bidean aurkitzen dituzten zailtasunak kontatzen. Bidaia zail horren amaieran, baina, itxaropenerako tokia ere badago: denon laguntzarekin mamituko dena".

"Suad Bushnaq-ekin kasualitatez topo egin genuen"

"Suad Bushnaq-ekin kasualitatez topo egin genuen. Internetetik. Annie musikaleko Tomorrow abestiaren partiturak-eta bilatzen ari ginela, hara non, Suad Bushnaq-ek konposatutako Tomorrow edo Ghadam bat aurkitu genuen, Siriako orkestrak jotzen zuena. Suite ederra, ukitu arabiarrekin. Berehala konturatu ginen polita izango zela pieza horrekin hasi eta beste Tomorrow-rekin bukatzea. Bata Ekialdekoa eta bestea Mendebalekoa, azken hau bidaiaren amaiera moduan. Harremanetan jarri ginen harekin, partiturak eskatzeko. Bidali zigun eta emanaldira etortzeko gogoa zuela esan zigun. Azkenean, gurekin izango da zapatuan".

"Suad Bushnaq Orkestraren azken bi entsegu orokorretan izango da, eguenean eta egubakoitzean, eta zapatuan hark zuzenduko du emanaldiari hasiera emango dion obra, berak konposatutakoa: Ghadam".

"Suad Bushnaq kanadarra den arren, gurasoak siriarrak eta Ekialde Hurbileko beste jatorri batzuetakoak ditu. Gure ekimenaren berri izan duenean ez du zalantzarik izan Ozeanoa zeharkatu eta Bergarara etortzeko. Domekan, kontzertuaren ostean, badoa".

"Kontzertuak bi zati nagusi"

"Kontzertuak zati bi ditu, nahiz eta atsedenik ez egon bataren eta bestearen artean. Lehenengoan, Suad Bushnaq-en Ghadam joko du Orkestrak bakarrik. Nahiko genuke Suadek berak zuzentzea. Bigarren zatian datoz gainerako obrak: Zapür gi tarnam (herrikoia), Sarabanda (G. F. Haendel), Deliver us (H. Zimmer), Alegretto (L. van Beethoven), Loa loa txuntxurrun berde (herrikoia), Little people (C. M. Schönberg), Bihotz (Kez zazpi), Over the rainbow (H. Arlen), Hizkuntza erreinu (A. Gz. Chirlaque) eta Tomorrow (Ch. Strouse)".

"Musika, testua eta irudia"

"Asmoa da musikak eta irudien zein narratzaileen testuak bat egitea eta apurka-apurka in crescendo joatea. Kontzertu intimo, baina, era berean, oso indartsua izango da".

"Lehen zatian Orkestrak joko du bakarrik, baina bigarrenean, Musika Eskolako tipleen abesbatzaren laguntza izango dugu eta, horretaz gain, baita beste hainbat bakarlarirena ere, honako hauena: Maria Izaga, Ion Agiriano, Asier Elortza, Aitor Garitano eta Miren Elortza. Gainera, Manex Alberdi dantzariak ere parte hartuko du".

"Testuak oso egokiak dira gaia zein den kontuan izanda. Bidaia bat kontatu nahi dugu, testu, irudi eta musikaren bidez. Siria, bidaia, itsasoa, mendebaldea, helmuga… Joxe Marri Carrerenak dira testuak eta Javi Juliorenak argazkiak; Amaia Zaitegiren irudiak ere badaude. Eta narratzaileak izango dira Ugaitz Alegria eta Maitena Salinas kazetariak".

"'Hizkuntza erreinu' berridatzi du Maddi Iñarrak"

"Maddi Iñarrak berridatzi egin du Hizkuntza erreinu. Kilometroak 2016rako propio sortutako musika eta letra da, baina hitzak egokitu ditugu. Une horretan, zortzikoaren zatian, dantzan egingo du Manex Alberdik".

"Batutako dirua da El sistema Greece erakunderako izango da"

"Batutako dirua da El sistema Greece erakunderako izango da. Greziako kanpalekuetara euren herrietako gerratik ihesi heltzen diren umeak gizarteratzeko sortutako erakundea da: eskolak ematen dizkiete umeei eta baita musika ere. Pentsatu dugu egokia dela batutako diru guztia hara bidaltzea".




Suad Bushnaq jatorri siriarreko musika konpositore kanadarraren lan batek -Ghadam- emango dio sarrera zapatuko kontzertuari. Bushnaq Bergaran da egunotan. Zapatuan Udal Pilotalekuan izango da.

Zer kontatzen duzu, zer adierazi nahi izan duzu, zapatuan Bergarako Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen Ghadam obrarekin?

Ghadam (bihar) suite baten zatia da. Sei minutukoa. Pieza edo zati bakoitza, Damaskoko bizitza islatu nahi duen margo-lan moduko bat da; izan ere, lau urtez Damaskon bizi izan nintzen, musika ikasketak egin nituenean. Oroitzapen oso politak ditut, gurasoen etxetik kanpo bizi nintzen lehen aldia izan zen. Gauza berria izan zen Sirian bizitzea, pertsona eta kultura oso bereziak aurkitu nituelako. Kultura asko dago Sirian. Gainera toki oso berezia dago Damaskon: alde zaharra. Kafe bat dago bertan, Al Nofara izenekoa, ehunka urte dituena. Diote munduko kaferik zaharrena dela.

Kafe hartan kontu kontalari bat zegoen eta ordu asko pasa nituen kafean kontu kontalari ari entzuten, tea hartzen… Duela urte batzuk hil zen kontalari hura. Niretzat Damaskoko historiaren zati baten ikono bat zen. Suite honek, Damaskoko zapore, usain, pertsonak… islatzen ditu. Ghadam, zehazki, Damaskoko goiz bati dagokio. Indar handia zegoen nik ezagutu nuen Damaskon, goizetan. Egunsentirako, dendariak martxan zeuden, kaleak ureztatzen… Hortaz, Ghadam-ek hori islatzen du, baina, era berean, egun hobe bat, etorkizun hobe bat, bihar hobe bat ere aldarrikatu nahi du.

Bergaran zure obra hau jotzeko asmoa zutela jakin zenuenean, zela hartu zenuen berria?

Aitziber Azkondok partiturak eskatu zizkidanean, baietza eman nuen berehala, eta Bergarara etortzea erabaki nuen. Batez ere, kontzertuaren helburuarengatik beragatik. Gustuko dut beste orkestra batzuen lanak gertutik jarraitzea eta batez ere nire musika interpretatu behar badu. Zuzendari bakoitzak bere ukitua ematen dio. Bestetik, Euskal Herria ezagutu nahi nuen. Bertako kultura ezagutzeko gogoa sartu zitzaidan. Musika gauza berezia da. Hizkuntza unibertsala da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak