Gureak enpresak Candy izandako Artabila guneko eraikuntza guztiak eskuratu ditu, eta bertan lan jarduna martxan jartzeko gertu daude. Datorren urteko apirilean produkzioaren zati bat bertan ezarrita egotea aurreikusten dute.
Gaur egun ere taldeak badu lantegi bat martxan Bergaran, Labegaraietako industrialdean, zehazki, eta hura mantendu egingo dute. Hortaz, Candyren eraikinak etorkizunean lanpostu berriak sortzeko aukera emango lioke taldeari. "Aurreikuspena da bost urteko epean 75-80 lanpostu berri inguru sortzea", azaldu du Gureak taldeko ordezkari Jose Ignazio Galarragak.
Gureak taldeak ahalmen desgaitasuna duten pertsonei eta, bereziki, Gipuzkoan adimen desgaitasuna dutenei egokitutako lan-aukerak sortu eta kudeatzen ditu, eta Bergara gune estrategiko bilakatu nahi dute.
Fasekako prozesua
Galarragak azaldu du 2018ko apirilerako 75 langile inguru jada Candyren lantegian izango direla lanean, kablea prozesatzeko aktibitatean. 4.000 metro koadro erabiliko dituzte horretarako. Prototipoak garatzeko 500 metro koadroko gune bat erabiliko dute, eta hamabi langile arituko dira bertan. Datorren urtetik 2010ra ekipamendu eta makineria berria eskuratzeko 1,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dutela ere jakinarazi du.
Bigarren fasea 2020an abiatuko lukete: "Bigarren pabiloia okupatuko genuke; hor, teilatua aldatu beharra dago, estruktura ere pixka bat ukituta dago... Hortaz, seguruenik, hori eraitsi egin beharko da eta urbanizazioa garatu beharko da". Bada, fase horretan, muntaia tailerra eramango dute Artabilako lantegira, 120-130 lanpostu inguru.
Guneok lantegiaren alderik berrienean kokatuko dituzte. Eraikuntza zaharrenari dagokionean, zehazteke dute oraindik nola jokatuko duten horrekin, hainbat ideia badituzte ere. Galarragak azpimarratu du Gureak taldearen asmoa Bergara garapenerako gune bihurtzea da. "Gure automozioko aktibitatea Bergaran garatuko da estrategikoki", esan du. Besteak beste, Valeo, Volkswagen, Audi eta Seat dituzte bezero.
Mayc-Candyren itxiera
Artabilako lantegiak pisu handia izan du Bergaran urte luzez, Mayc izenez hasieran, eta Candy izenez ondoren. Duela hiru urte itxi zuen Candyk Bergarako lantegia; 150 langile inguru kalean geratu ziren.
Elena Lete alkateak nabarmendu duen moduan, enpresaren itxiera "kolpe handia" izan zen herriarentzat. "Halako kolpeak beti dira latzak, guztioi eragiten digutelako, eta gure indarrak zuzendu ditugu esparru hori berriro balioan ipintzeko eta erabilera industriala berriro ezartzeko", azaldu du Letek. Era berean, adierazi du Udalaren asmoa udalerrian "enpresen etorrera erraztea" dela. Hori kontuan izanda, "pozik" eman dute berria, gogoraraziz 2016ko udaberrian mozio baten bitartez Candyko esparruak erabilera publikoa izan zezan konpromisoa hartu zutela.
Artean konpromisorik zehaztu ez badute ere, bitartekaritzan Udalaren helburuetako bat izango litzateke Candyren itxieraren ondorioz langabezian jarraitzen duten zenbait langile ohirendako lanpostuak eskaintzea. Taldeak proposamena aztertuko duela esan du, eta Galarragak nabarmendu du langile ohien ordezkariekin harremanetan daudela azkenaldian.
Gunearen transformazioa
Alkateak gogorarazi du Candyren lantegiaren ondoan Miguel Altuna institutuaren eraikin berria ere bukatzen dihardutela, eta, hortaz, nabarmendu du denbora gutxi barru gunearen itxura asko aldatuko dela.