Azaroaren 2tik 12ra, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiak egingo dira Bergaran. Udaleko, Laboratorium museoko eta Jakiundeko ordezkariek eguaztenean aurkeztu zuten hirugarren edizioa, Donostia International Physics Centerren. Jakiundeko eta DIPCko presidente Jesus Ugalderen esanetan, "ohorea" izan da aurtengo jardunaldiak Donostian aurkeztu ahal izatea: "Gustu handiz hartuko dugu parte, zientziaren dibulgaziorako oso lan garrantzitsuak egiten ari direlako".
"Oso programa aberatsa"
Bestalde, Elena Lete alkateak gogora ekarri duenez, jardunaldion hasierako helburua zen Bergarako, Antzuolako eta Elgetako enpresen artean berrikuntza teknologikoari buruzko ezagutza zabaltzea: "Programak eta parte-hartzaileak handitzen joan dira, eta espezializazioak biderkatzen. Oso egitarau aberatsa du, oso gai zabalekin, eta askotariko diziplinak lantzen ditu. Urtez urte herritarren erantzuna are eta handiagoa da; eta gero eta erakunde eta eragile gehiago daude".
Alkateak gaineratu zuen, "apaltasunez baina harrotasunez", emaitzak ikusgarriak direla, eta "zinez eskertzekoak" direla ahalegin horretan bidelagun dituzten eragileak.
Hamar egunetan, hamaika saio
Berrikuntza ardatz hartuta, formazioa eta dibulgazioa esparru ezberdinetan landuko dira, askotariko publikoari zuzenduta. Azaroaren 2an aurkeztuko dira jardunaldiak, Aroztegi aretoan (19:00), eta ondoren, Jesus Ugaldek Berrikuntza: begirada kritiko bat izeneko hitzaldia emango du; egun berean, baina 09:00etatik 17:00etara, ziber-segurtasuna hizpide duen barnetegi teknologikoa egingo dute Zabala jatetxean, Jesus Lizarragaren eta Miguel Fernandezen eskutik.
Azaroaren 3an eta 9an, Joxe Mari Rubio eta Felipe Uriarte asmatzaile bergararrek Juaneloren asmazioa erakusteko saio bana egingo dute ikastetxeetan.
Azaroaren 4tik 5era, bigarren urtez, Wolfram Encounter deritzon bideo-jokoen lehiaketa egingo da Aranzadi ikastolako gimnasioan. Azaroaren 4an 10:00etan hasiko da eta azaroaren 5ean amaituko da, 14:00etan; tartean, hiru hitzaldi izango dira.
Azaroaren 4rako energia azoka antolatu dute seminarioko karpan (10:30-14:30) eta azaroaren 6an, berriz, Vicky Valdiviesoren hitzaldia izango da Laboratoriumean (14:00): Desarrola tus habilidades de comunicación e influencia con técnicas de programación neurolinguística.
Azaroaren 7an, Osakidetzako Larrialdietako Daniel Alonsok Salvar una vida está en tus manos hitzaldia emango du Aroztegin (19:00). Azaroaren 8rako, bestalde, Non dago emakumea ingurune digitalean? izenburua duen mahai ingurua antolatu du PuntuEUS fundazioak Emakunderekin batera; Edurne Larrazak, Lore Martinez Axpek eta Eli Garciak egingo dute berba San Martin plazatik irtengo den autobus ibiltarian (18:00).
Hilaren 9an, Elhuyar fundazioaren eskutik, Wolfram deuna ospatuko dute Zabalotegin (19:30) eta hilaren 10ean Jakiundeko Nora Alonsok Berrikuntza nekazaritzan. On egin! hitzaldia emango du Aroztegin (19:00).
Azaroaren 11n bi ekitaldi izango dira: lurrun-lokomotorraren aurkezpena Aroztegin (12:00) eta Nanozientzian eta nanoteknologian murgiltzen izeneko tailerra bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta, Laboratoriumen (11:00).
Amaitzeko, azaroaren 12an, robotikaren inguruko tailerra egingo dute 9 eta 12 urte artekoendako, Laboratoriumen. Argibide gehiago jasotzeko eta aurrez izena emateko: www.ztbergara.eus.