Errege Seminarioko aretoko obrak aurreikusi baino gehiago atzeratu dira, eta Letek eman du lanon amaierarako data berri bat: "Gabonetan irekiko dugu Errege Seminarioko aretoa. Askotan esan izan dut encaje de bolillos bat behar duen obra bat dela. Bestalde, 2015ean Gobernura iritsi ginenean obra zibilaren proiektua genuen, besterik ez. Finantziaziorako lanketarik ez, ekipamendua zehazteko proiekturik ez... Egoera horri aurre egin diogu; 1.107.000 euroko finantziazioa lortu dugu Aldundiarekin eta horrekin ekipamendua ordaindu dugu. Aurrerapauso handia izan da".
Seminarioko aretoaren kudeaketa, Udalaren esku
Areto horretarako egitaraua zehazteko lanean dihardutela eta kudeaketa Udalaren esku egongo dela gaineratu zuen alkateak. Seminarioko aretoa zinema areto moduan erabiltzerik egongo den galdetuta, "kostu handia" duela dio: "Orain ez dugu gaitasunik kostu horri aurre egiteko, baina ez dugu behar hori ahaztu. Azpiegitura guztia eginda dago edozein unetan zinema areto moduan ere funtziona dezan; horretarako kanpoko finantziazioa bilatzen ari gara".
Labegaraieta, Bolua eta Agorrosin
Labegaraietako kiroldegia eraberritzeko Diputazioak ia 600.000 euroko diru laguntza emango dio Udalari lanak 2019an eta 2020an gauzatzeko. Laguntza hori jaso izana lorpentzat dauka Letek: "Urrats asko egin dira Labegaraietan. Ikusten genuen behar ezberdinak bete behar zirela: auzotarren nahia, aisialdirako gunea eta kirola. Hori guztia aintzat hartuta egin genuen plan zuzendaria eta horren barruan kiroldegirako aurreproiektua; auzotarrek aldez aurretik eskatzen zuten gune bat izango dute kiroldegian bertan".
Kirol ekipamenduekin jarraituz, Boluko frontoia estaltzeko obrak urtarrilean hasteko moduan egotea espero dute; oposizioak irmoki salatu badu ere, galdeketaren prozesuarekin oso pozik dago alkatea: "Partaidetza sustatzea, entzule aktiboak izatea eta bizikidetza ez urratzea dira gure lanerako oinarriak eta horiek gauzatu egin ditugu Boluko frontoiaren estalkiaren proiektuarekin".
Boluko frontoiko obren hasiera, otsailerako
Estalkia egiteko lanak otsailerako hasita egotea espero dute. Agorrosin Kirol Guneari dagokionez, bestalde, herritar batek galdetzen zuen ea kirolguneari erantzun integral bat emateko proiekturik baduen Udalak, "petatxuak" jartzen ibili beharrean. Kanpoko igerilekuaren esparruak aldaketarako margen gutxi eskaintzen duela-eta, Letek gogora ekarri du konpromisoa hartuta duela Gobernuak datorren urterako bainurako beste alternatiba batzuk aztertzeko. Futbol zelaiarekin, Bergara Kirol Elkartearen lan teknikoa "oso ona" izan dela esateaz gain, Letek aurreratu du herriaren ikuspegitik landu beharreko "hainbat gai" daudela: "Horixe izango da guk landu beharrekoa".
Larramendi eta Arrizuriaga
Bestalde, Letek ez du Larramendiko industrialdea Eibarren Kirol Hiria egiteko aukera moduan ikusten: "Eibarrek presidente berria duenetik ez dugu ezer entzun; Sprik inbertsio garrantzitsu bat egin du Larramendi industrialde bat izateko, hortik aldentzea zaila da".
Kultura ekipamendua Arrizuriagan Amaitzeko, Arrizuriagan kultura ekipamendu bat egokituko da: "Partida bat badugu aurrekontuan jasota. Agintaldi honetan urratsak emango ditu bertan kultura ekipamendu bat jartzeko, eta eraikinaz harago, parkea hasi gara kultura ekitaldietarako erabiltzen. Bide horretatik jarraituko dugu