Deba ibaia auzolanean garbitzeko deia biharko, Bergarako tartean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko urr. 6a, 12:45
Hiru herritar erreka garbitzeko auzolanean, 2015ean.

Erreka Garbiketarako Batzordeak bosgarren urtez antolatu du Erreka Eguna eta gaur gauean egingo duten bileran zehaztuko dute errekako zein tarte garbitu; izen-emateak behera egin duen arren ia 200 lagun elkartuko dira biharko auzolanean, ume zein heldu.

Aurten, bosgarren urtez, erreka garbitzeko auzolana antolatu du Erreka Garbiketarako Batzordeak Udalarekin elkarlanean. Bihar, zapatua, egingo dute; 08:30ean elkartuko dira. Antolatzaileen arabera, aurten izen-ematea beste urte batzuetan baino ahulago joan da, baina, hori hala izanda ere, ia 200 lagun elkartuko dira bihar. Bailaran erreka garbitzeko jende gehien elkartzen duen herria da Bergara.

Debak hobera nabarmen

Aurreko edizio batzuetan erreka garbitzen aritutakoa da Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregi: "Ukaezina da Deba ibaiaren egoerak nabarmen egin duela hobera azken urteotan. Adin bat dugunok gogoratzen dugu nola zegoen ibaia, esaterako, San Antonio auzoan. Ia egunero kolore ezberdina zuen urak, oso kutsatuta zegoen. Gaur egun, baina, ez dauka zerikusirik".

Dioenez, oso egun polita izaten da Erreka Eguna: "Iazko komentarioa izan zen nabaritzen dela azken urteetan egin den lana, gero eta gutxiago dagoela garbitzeko. Gizartea kontzientziatu egin da; orokorrean, jendeak ez du zaborrik botatzen errekara". Gaur gaueko bileran erabakiko dute errekako zein zati garbituko dituzten. Iaz, adibidez, zaborra biltzeko edukiontziak seminarioan eta Labegaraieta jarri zituzten. "Udalaren ikuspegitik oso interesgarria da ekimena, eta horregatik jartzen ditugu gure eskuetan dauden baliabideak. Herritarrei dei egiten diegu parte har dezaten, egun polita izaten da eta".

Azken gertakaria, proba bat

Hala ere, iraileko ohiko osoko bilkuran, Irabazik Deba ibaian izandako "bi isurketa" aipatu, eta horien gaineko azalpenak eskatu zituen.

Hala ere, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregiren arabera, orduan gertatutakoa ez zen isurketa izan: "Ura agentziak baimendutako proba bat izan zen; proba ez dakit zertarako zen, zehatz-mehatz, baina kaltegarria ez zen tindu bat aktibatu zen. Gu ere larritu ginen eta hainbat dei jaso genituen, bisualki inpaktantea zelako. Hala ere, gertatu zenari ezin zaio isurketa deitu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak