Bergarako merkataritza eta turismoa sustatuko duen aplikazioari proposamenak egiteko deialdia

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ira. 14a, 12:09

Gurean aplikazioaren aurkepena, atzo.

Gurean App telefono mugikorrentzako aplikazio berri bat da; bere helburua, herriko turismoa eta merkataritza sustatzea da. Bergarako Udalak, Tokikomek eta Bedelkarrek elkarlanean sortu dute Gurean aplikazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Baina abian jarri aurretik bergararren eta inguruko herritarren iritzia jaso nahi da.

Gurean App telefono mugikorrentzako aplikazio berrian lanean denbora daramate Bergarako Udalak, Tokikom-ek eta Bedelkarrek. Aplikazioaren oinarrian beacon teknologia dago. Beacon-ak baliza txiki batzuk dira –Bergaran zehar gaur egun 50 daude, estrategikoki banatuta–; baliza horiek gertuan dituzten mugikorrei seinaleak bidaltzen dizkiete, betiere mugikorrek Gurean aplikazioa deskargatuta badute. Gurean bidez, beacon bakoitzaren irismen-esparruan dauden telefono mugikor guztietara informazio pertsonalizatua bidaltzen da.

Herritarren iritzia

Herritarrentzako egindako aplikazioa izanik, bergararren eta inguruko herritarren iritzia jaso nahi da. Proba pilotua erabilgarri dago jada, eta azken bertsioa kaleratu aurretik erabiltzaileek beraien iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera izango dute.

Aplikazioa honela deskargatu daiteke:

  • QR kodeen bidez; Bergarako Bedelkar elkarteko bazkideen establezimenduetan eta honako toki publiko hauetan: Agorrosin, Labegaraieta kiroldegia, Udal pilotalekua fraiskozurin, Udaletxea, Udal Liburutegia, Udal Euskaltegia…

  • Webgunearen bidez, sarbidean.

Ondoren, behin App Store nahiz Google Play bidez aplikazioa deskargatuta dagoenean, horren aukera guztiak aprobetxatu ahal izateko bluetooth konexioa eta geolokalizazioa aktibatu behar da –instalazio-prozesuan zehar iradokitzen den moduan–.

Modu honetan, aplikazioa probatzen duten herritarrek euren iritzia eta proposamenak egin ditzakete #GureanBergara traola erabiliz twitter bidez. Aplikazio berria herriko sozio-ekonomia bultzatzeko lagungarri izan daitekeelakoan gaude eta bergararrak parte hartzera animatu nahi ditugu. Izan zu ere, #GureanBergara proiektuaren parte.

Proiektuaren aurkezpena

Gaur Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean Bergarako alkateak adierazi duenez, Bergarako Udalak apustua egin du “teknologia berriak herritarren esku jartzeko”. “Hala, Gurean app telefono mugikorrentzako aplikazioari esker bergararrak herriko merkataritzarekin kohesionatuago gaude, eta horrek guztioi egiten digu mesede. Izan ere, herriko ekimen eta eskaintza hobeto ezagutuz, gurearen alde hobe egin dezakegu”, azaldu du. Gaineratu duenez, Gurean app-a udalerriko “ondare aberatsaz bisitariak ohartarazteko ere erreminta aproposa” da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du aplikazio honek eta, Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariak, Antton Tomasenak, azpimarratu duenez, babes hori Aldundia “ekonomiaren susperraldia finkatzeko” egiten ari den “ahaleginaren” lekuko da. “​Gure ekonomiaren lehiakortasuna bultzatu behar dugula esaten dugunean, tokiko merkataritza ere gogoan izaten dugu. Tresna berriak, berritzaileak, behar ditugu herritarrei bizia erraztu eta tokiko dendetara eramateko. Uste dut Gurean APPek bide bat zabaltzen duela alde horretatik, eta antzeko erremintak laguntzen jarraituko dugu”, adierazi du.

Tokikomeko lehendakari Alaitz Artolazabalen esanetan, egindako elkarlanaren balioa azpimarratu du. “Pilotua Bergaran, Debagoieneko edukiak lantzen dituen Goiena komunikazio taldearen eskutik egin dugu. Hasiera hasieratik beraien misioarekin bat egiten zuen proiektu bat bezala identifikatu baitzuten eta benetan sinesten dutelako Bergarak, gure inguruko herri askok bezala erakusteko asko duela”, azaldu du. Ideia horretara “toki komunikabidea, udala eta herriko komertzioak” batu izana “oso positibotzat” jo du Artolazabalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak