Haurrei begira, bi erraldoi berri egiteko erabakia hartu du Erraldoien Konpartsak. "Salto handia dago erraldoi txikien eta handien artean. Alegia, txikiekin jarduteko garaiegia den haurrak ezin du berehala handiekin jardun. Hori horrela, erdibidea bilatu
behar izan dugu", azaldu du Ibon Unamunok, Erraldoien Konpartsako kideak. Logika horretan, 2,70 metroko garaiera dute Kotoik eta Mahoik; aurreko urtean eginiko Tostoi eta Erreileno erraldoiak, berriz, 2 metro luze ziren.
Ehungintza akorduan izanda sortu dituzte aipaturiko erraldoiak. Bide horretan, ehungintzako bi langile dira Kotoi eta Mahoi. Ehungileen jantzia izango dute eta lanbidearekin lotutako tresnak eramango dituzte gainean. Orain, azken ukituak ematen dihardute; aurkezpen eguna baino egun gutxi lehenago amaituko dituzte haien jantziak.
Oinarrira joanaz, esan behar da Jesus Garcia lazkaotarrak egin dituela erraldoi berriak; konpartsa batentzat lanean jardun duen lehen aldia izan du hark. "Oraingoz, erraldoiak egitea ez da Garciaren ogibidea, denbora-pasa baizik", dio Unamunok. Dena den, "pozik" dago emaitzarekin.
Erraldoien aurkezpena, plazan
Ekainaren 3an, zapatuan, jardungo dute Kotoik eta Mahoik lehenengoz herriko kaleetan; 18:00etarako finkatu dute hitzordua, plazan. Ohikotasunetik kanpoko desfilea egin gura dute; Urduñako, Bilboko eta Aranda de Dueroko erraldoiek eurekin batera jardungo dute.
Bestetik, desfile hutsetik haragoko egitaraua prestatu dute, erraldoiak kalera atera aurretiko lana ere erakutsiko baitute. "Jendeak erraldoien desfilea baino ez du ezagutzen; baina horrek, normalean, ikusten ez den lana du atzean. Hain zuzen ere, desfilearen aurretiko lana ikusarazi gura dugu", esan du Unamunok.
Erraldoien konpartsa indartzen
2000n sortu zen Erraldoien Konpartsa. Eta, ordutik hona, indartzen dihardu. Aipatzekoa da gaur egun 60 pertsona daudela konpartsan; haurrak zein helduak daude. "Gero eta indartsuago dago taldea. Hasieran, lau pertsona besterik ez geunden", aitortu du.
Erraldoien Konpartsaren jarduna ez da herriko jaietara mugatzen; urtean zehar desfile ugari egiten dituzte; eta bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte. Aurreko urtean, esaterako, 20 zentimetroko erraldoiak –panpinak– jarri zituzten salgai. "Arrakasta handia izan zuen egitasmoak. Panpina asko saldu genituen; eta, oraindik, bada panpina eske datorkigunik ere", azaldu du Unamunok.