Kuadrillen eguna izan ohi da bergarar asko eta askorendako Pentekoste jaietako egunik kuttunena, eta goizetik hasi eta gauera arte jai giro koloretsua izaten da nagusi herrian. Gaur egun jaietako astelehenean ospatzen da, baina ez da beti hala izan, lehenago martitzenean izaten zen-eta. Baina, gaueko giroa ere luzatze aldera-edo, astelehenetara pasatu zen.
Hala ere, badira martitzena kuadrilla giroan ospatzeari eusten dionik ere, Joxe Mari Larrañaga eta bere kuadrilla bezala. Haiek pentekosteetako martitzenean urtero urtero egiten dute lagunarteko bazkaria. Lehenagoko kuadrillen egunari buruz galdetuta, gaur egun askok ezagutuko ez dituzten estanpei buruz aritu da.
60. hamarkadako estanpak
Mozorro lehiaketa antzeko bat izan ohi zen estanpa lehiaketa, eta Larrañagaren kuadrilla izan zen ekimen hori martxan jartzearen erruduna. "1965ean Udaletxeak antolatutako kuadrillen lehiaketan parte hartu genuen, eta gure koadrilan estanpa moduan hartu genuen parte: zirkuarekin atera ginen, euskal ezkontza modura ere bai... sekulako muntaia. Baina orduko hartan deskalifikatu egin gintuzten, ez genuelako koadrila osatzen, gurea estanpa bat zela-eta. Orduan, izorratu egin behar izan ginen, baina espektakulu bat izan zen hura". Lan handia hartu zuten gainera estanpok prestatzen: "Zirkuko panfletoak eta guzti atera genituen, sekulako espektakulua muntatzen genuen".
Hortaz, hurrengo urtean antolatu zuten bai kuadrillen lehiaketa eta baita estanpa lehiaketa ere. Hala, bigarren urte hartan, koadrilak aukeratu zuen gaia "gaurkotasuna" izan zen, eta kohetea eta guzti eraman zuten. Saria lortu zuten, eta hurrengo urtean ere berriro aurkeztu ziren, orduko hartan paperezko jantziak soinean, eta Hor Konpon taldeaz ere jantzi ziren. Gerora, koadrilako kide askok soldadutzara joan behar izan zuten, eta ezin izan zuten gehiago parte hartu estanpa lehiaketan. Soldadutzatik bueltan, ordea, aratusteetan jarraitu izan dute mozorro bereziak kalera ateratzen.
Herri bazkaria, ezinbestekoa
Zalantza barik, herri bazkaria izan ohi da Pentekosteetako koadrila eguneko hitzordu garrantzitsuenetakoa, askorendako ezinbestekoa. 90eko hamarkadaren erdialdean jarri zuten martxan ekimen hau Jardunek eta Olinpiaden Batzordeak, eta lehenengo urteetan martitzenetan izaten zen arren, jendearen ohiturak aldatu zirela-eta, astelehenera aldatzea erabaki zuten, jende gehiago erakartzeko. Erantzuna ikusita, egunez aldatzea "erabaki ona" izan zela uste du Mireia Larrañagak.
Bapo jan eta edan ostean, duela bospasei urtera arte bazkalostean denetariko jolasak ere egin ohi zituzten: laranja batekin binaka dantza egitea, ahoan koilara batean arrautza eramanaz lasterketa egitea... eta noski, karaokea, plazako agertoki handira igota. Aspertzeko tarterik ez zen izaten, beraz. Gaur egun jolas horiek jada ez dira egiten, baina hala ere jende asko eta asko animatzen da bazkarira joatera. Behin edo behin ere izan da bazkarirako txartel barik geratu eta euren mahaia eta eurek ekarritako bazkariarekin San Martin plazan agertu izan den lagun talderik ere. Hori bai, lehen zein orain, siestarako tarterik ez da izaten bazkalostean, txaranga arduratzen baita herritarrak esnarazi eta festan jarraitzeko giroa berotzeaz.
Goizeko jolasak
Gaur egungo kuadrillen egunean zezen plazakoa izaten da eguneko lehendabiziko hitzordua, kuadrillen arteko jolasak egiten baitituzte bertan. Parte hartzaileak zein ikusleak euren lagun taldeko blusa, kamiseta edo dena delakoa soinean azaltzen dira seminariora, parte hartzaileak animatu, eta, zergatik ez, herrikideak zaku karreretan edo bigantxengandik ihesi ikusita barre pixka bat egitera ere bai. Egun horrek ez du gainontzeko astelehenen antzik izaten bergararrentzat.
Jolas horiek, hasieran, herriko taberna desberdinen arteko herri kirolak izan ohi ziren, eta gaur egun, kuadrillek hartzen dute parte, nagusiki. Azken urteetan hutsik egiten ez dutenetako lagun talde bat Poteo Izarrak da. Eurek argi dute, astelehena da jaietako egun handia, "xarma berezia" omen duelako, eta egun horretan izan ohi duten plana kontatu dute: "Goizian gosaltzeko geratzen gara, gero jolasetara joaten gara, ondoren herri bazkarira, segidan txarangarekin ibili, eta, nola ez, txosnaguneko iluntzeko kontzertura joan, (gora Laket!). Eta gauean,, bakoitzan indarren arabera... Gure koadrilako askorendako asteleheneko plana sakratua da", dio kuadrilla horretako kide den Iosu Agirrek.
Poteo Izarrak, gainera, kuadrillen arteko joko hauetan ere izarrak dira, azken hiru urteetan eurak izan baitira garaile. Lagun taldean ia 40 pertsona dira, baina hamar bat pertsonako taldea osatzen dute jokoetan aritzeko, nola ez, koadrilako kamiseta gorria soinean. Sekreturik ez dutela dio Agirrek, baina "guztia ematera" ateratzen dira urtero urtero. Esperientziak ere zerikusia izan dezakeela uste du; izan ere, kuadrilla honetakoak hasieratik dihardute jolasetan parte hartzen: "Lehenengo urteetan tabernen arteko herri kirolak izaten ziren, eta orduan hasi ginen parte hartzen kuadrillako batzuk, taberna desberdinekin. Baina duela bospasei urtetik ona, koadrila bezala parte hartzen hasi ginen, eta hala jarraitzen dugu". Aurreratu dutenez, aurten ere seguruenik zezen plazara aterako dira.