Bihar, egubakoitza, joko du Emonek –Omen izenarekin– azken kontzertua, ibilbidean zehar ezagututako hainbat musikarirekin. 23:00etan txosnetan izango da.
Emon taldeak agertokiak utziko ditu?
Bai, halaxe da. 10 urteren ostean, erabaki dugu bukatu dela gure ibilbidea.
Sare sozialen bidez jakin genuen Bergarako jaietan izango dela agur kontzertua. Hala da?
Ez guztiz. Emon taldeak azkeneko kontzertua Bergarako Kilometroetan eskaini zuen, iaz, eta Argentinan ere bai. Erabaki genuen hori izan behar zela azkena, batez ere, nor bere kontuekin gabiltzalako eta ez dugulako denborarik hori guztia eramateko. Edozelan ere, hamar urte izan dira eta denbora honetan guztian jende asko ezagutu dugu; eta Txosna Batzordetik proposamena jaso genuenez, erabaki genuen polita izango zela jende hori guztia batu eta kontzertu berezi bat egitea. Ez da Emonen kontzertu bat izango, bertsioak joko ditugulako, gehienbat; festa bat izango da, ezagutu dugun jende guztiarekin.
Jende mordoa egongo da, beraz, agertoki gainean. Zeintzuk?
Inguruko jendea da, gehienbat. Taldetik pasatu diren abeslariak eta musikariak, inguruko lagunak eta musika munduan dabiltzanak. Oraindik ez daukagu itxita eta bakarren bat animatuko zaigu, agian.
Etxean joko duzue, familian.
Bai; parranda giroan joko dugu. Jaien lehenengo eguna da eta guztiei esan diegu etortzeko, parranda egingo dugulako.
10 urteren ostean, atzera begiratuta, zer da Emon zuretzat?
Labur esanda, 10 urteko unibertsitate bat izan dela esango nuke. Baina oraindik ikasteko asko daukagu, karrera ez dugu amaitu.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Nik pixka bat jotzen nuen orduan, baina talde baten funtzionamendua nolakoa zen ez nekien. Talde bat edukitzeak dakartzan gauza asko ez nekizkien.
Momentu bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Guztiak izan dira onak. Hasierako inozentzia hori, guztia berria egiten zaizun momentu hori polita da. Orduko irudiak ikusita, orain barre egiten dugu, eta esaten duzu: "Ze txarrak ginen!". Baina inozentzia hori pasatu beharreko zerbait dela esango nuke, eta ibilbideko etapa guztiak hartuko nituzke, batekin geratu barik.
Hasieratik geratzen zaren bakarra zara zu. Nola eramaten dira aldaketa horiek?
Hasiera-hasieratik ni bakarrik geratzen naiz, bai. Bueno, tronbo-jolea eta bateria-jolea ere ia hasieratik daude, hilabete batzuen kontua da. Aldaketei dagokienez, natural eramaten dira. Normala izaten da aldaketak izatea, nork bere bizitza daukalako. Nik, adibidez, zorte handia izan dut daukadan lanarekin uztartu ahal izan dudala, baina beste batzuentzat oso zaila da hori.
10 urtean bizitza bera ere asko aldatzen da, ezta?
Bai, bai. Talde batek sekulako esfortzua eskatzen du eta hori edozein musikarik badaki, eta taldean asko izateak esfortzu gehigarri bat ere eskatzen du.
Gaiz aldatuz, Emon taldeak beti izan du lotura berezia Kilometroekin. 2016ko abestia zuena izan zen eta 2007an ere parte-hartze jakin bat izan zenuten.
Bai, eta Kilometroez gain, Araba Euskaraz, Herri Urrats eta horrelako jaietan askotan jo izan dugu. 2007koa inozentzia garai horrekin lotzen dugu. Abesti bat aurkeztu genuen, nahiko txarra, egia esan. Ez zen aukeratua izan, baina iaz aukera izan genuen Kilometroetako kantua egiteko eta sekulakoa izan zen.
Ze esperientzia izan zen horrelako kantu bat egiteko aukera izatea?
Horrelako abesti batek ardura dakar. Lan handia egin genuen, ez zen izan beste edozein abesti bezala. Baina oso gustura aritu ginen, eta grabaketak ere oso gustura gogoratzen ditut.
Eta eguna bera? Zuzenean jotzea?
Ikaragarria izan zen. Euskal Herrian jo dugun azkena izan zen, gainera.
Faltan igartzen dira agertokiak?
Bai. Neguan gelditzen ginenean-eta faltan igartzen nituen agertokiak eta orain ere sekulako gogoa dut jotzeko. Baina jakin egin behar da geratzen eta nik uste dut ondo egin dugula; bestela, errutina bihur daiteke eta.
Emon uzteak ez du esan nahi musika uzten duzunik, ezta?
Ez, inondik inora ere.
Ze proiektu duzu esku artean?
Musikariok ez dakigu geldi egoten eta dagoeneko bagabiltza grabaketa batzuk egiten. Aurten jakingo duzue zerbait, ez dut ezer aurreratuko oraindik.
Musika irakasle, zer moduz?
Oso gustura. Beti sentitu izan ditut taldea eta irakaskuntza. Asko ikasi izan dut irakaskuntzatik, baina taldetik ere bai. Taldean ikasi dudanak irakaskuntzarako balio izan dit, eta alderantziz. Nire burua ez dut irakaskuntzan bakarrik imajinatzen. Musikariok jo egin behar dugu eta hori gure ikasleentzat ona da, zer eskaini daukagulako.
Zenbat ikasle dituzu?
Esan beharra dago, Bergaraz gain, Aramaion ere ematen ditudala klaseak, eta guztira 60 ikasle inguru ditut. Trikitiak etorkizuna bermatuta daukala esango nuke, zalantzarik gabe.