Azken urteetan egin izan duten moduan, aurten ere Eskola Agenda 21 egitasmoaren baitan herriko eskoletan landutako ideia eta proposamenak Udalari aurkeztu dizkiote ikasleek. Aurten, biodibertsitatea izan da gaia, eta zentro desberdinetako kideak elkarlanean aritu dira herriko biodibertsitatea zaindu eta mantentzeko balio ditzaketen ekarpenak egiteko foroan.
Ikasleen ordezkariak zinegotzien eserlekuetan jarri dira eta osatu duten txosteneko puntu nagusiak azaldu dituzte. Bada, Udal Ordezkariek proposamenok aintzat hartzeko eta biodibertsitatearen arloan "lanean jarraitzeko" konpromisoa hartu dute.
Ikasleek egindako ekarpenak
Ikasleek osatutako txostenean herriko biodibertsitatea zaintzera bideratutako hainbat proposamen jaso dituzte. Horien artean, esaterako, lehentasuna eman gura izan diote Zuhaitz Eguna bezalako ekintzak antolatuaz arbola gehiago landatzeari, beti ere bertako espezieak lehenetsiaz. Horrekin batera, landare inbaditzaileak detektatzeko eta horiek kentzeko lan egitea proposatu dute.
Herriko parkeetan egin beharreko hainbat hobekuntza ere proposatu dituzte gaztetxoek. Adibidez, Errotalden mahaiak eta eserlekuak jartzea, Errekaldekoan iturria jartzea, bidexka egokiak egitea landareak ez zapaltzeko, komunak jartzea, argiztapena hobetzea, txorientzako habiak jartzea...
Beste biodibertsitate eremu garrantzitsu bat ibaiak eta errekak dira. Bada, horren bueltan ere hainbat ideia landu dituzte Bergarako ikasleek. Batetik, erreka garbitzeko eguna antolatzeari ondo deritzote, baina urtean birritan egitea proposatu dute. Ibaiak ahalik eta gutxien kanalizatzeko eskaera ere egin dute, eta mendietako iturriak gehiago zaintzearena.
Berdeguneei dagokienean, ikasleek uste dute horiek handitu edo gehitu egin beharko litzatekeela, eta zakarrontziz hobeto hornitu. Berdeguneak zaintzeko lanpostuak sortzea ere beharrezko ikusten dute.
Animalien arloan, errekak bertako espeziekin birpopulatu beharko liratekeela uste dute. Arrainez gain, inpaktu azterketa bat egitea, eta, horren emaitzek erakutsiz gero onuragarria izango litzatekeela, katagorria bezalako bertako animalia espezieak sartzea ere proposatu dute. Noski, animaliok ugaltzeko eta bizitzeko ingurune aproposak sortu beharko lirateke, "zuhaitz, zuhaixka eta landare gehiago landatuta". Horrekin lotuta, basoak garbitzeko kanpainak egitea ere proposatu diote Udalari.
Besteak beste, kontzientziazioarekin lotutako hitzaldiak edota bestelako ekimenak antolatzea ere beharrezkotzat jo dute Agenda 21 lantzen aritu diren gazteek.