Animaliak identifikatzen ikasteko ikastaroa Laboratorium museoan

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 22a, 14:30
Musker berdea (Ornitho.eus)

Maiatzaren 27an, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, Euskal Herriko anfibioak, narrastiak eta odonatuak identifikatzeko ikastaroa eskainiko da Laboratorium museoan. Tailerra doan da, baina aldez aurretik izena eman behar da.

Laboratorium museoan egingo den tailerraren helburua hiru animalia taldeetako espezieak identifikatzen ikastea da, eta bide batez, ornitho.eus plataformarako boluntarioak formatzea.

Ikastaroen antolatzaileen arabera "maiatza anfibio eta narrastiak behatzeko egokienetako bat da". Ornodun taldeen artean "mehatxatuenak" izan arren, gizarteak "apenas ezagutzen ditu herpetoak" haien hitzetan. Maiatzaren 27ko ikastaroak gabezia horri aurre egiteko helburua du. Honetaz gain, ornogabe batzuk, Odonatuak (burruntziak), identifikatzen ikasteko aukera ere izango da. Naturaren kontserbazioaren ikuspegitik odonatuak "oso talde interesgarria dira, eta hauen gaineko informazioa biltzeko boluntarioak formatzea garrantzitsua" dela adierazi dute ikastaroaren antolatzaileek.

Tailerreko arduradunak izango dira Ander Izagirre (narrastiak), Jon Lopez (anfibioak) eta Iñaki Mezquita (odonatuak).

Ikastaroak, museoan egingo diren euskarazko azalpen teorikoak eta mendiko irteera konbinatuko ditu eta egun osoko iraupena izango du: 09:00etatik 18:00etara. Ikastaroa doan da, baina parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako Aranzadiko idazkaritzarekin harremanetan jarri behar da, telefonoz (943466142) edo emailez (idazkaritza@aranzadi.eus). Informazio gehiago nahi izatekotan, Laboratorium museora ere deitu daiteke (943769003).

Ornitho.eus
Webgunea herritar orori eskainitako zientzia-atari bat da, Euskal Autonomia Erkidegoko natur informazioa bildu eta zabaltzen duena. Aranzadi Zientzia Elkartearen iniziatiba bat da, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemari lotuta dagoena. Horrez gain, plataformak Administrazio Publiko ezberdinen, hainbat elkarte naturalisten eta ingurune naturalen kudeaketan lan egiten duten enpresen laguntza ere jasotzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak