Bergara argitsuago baterako lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mai. 11a, 16:30

Argiteria publikoa aldatzeko lanak uztaileko lehen egunetan hasiko dituzte Bergarako 751 argi-puntutan; LED sistema jarrita lortuko dute energia zein kostu ekonomikoa "nabarmen" txikitzea, baina batez ere herriko argitasuna hobetuko eta orekatuko da.

Energia eta kostu ekonomikoa aurrezteko asmoz, argiteria publikoa aldatu eta hobetuko du Udalak. Bergara osoan 2.500 argi-puntu edo unitate inguru badaude, interbentzio honetan 751 puntu aldatuko dira. LED sistemara egokituko dira argi puntu horiek eta horrekin energian eta kostu ekonomikoan aurreztuko da, baina bereziki herriko argitasuna hobetuko da.

Herritarren "kexa asko"

Izan ere, Udal Gobernuaren arabera, hainbat herritarrek salatu izan dute puntu jakin batzuetan oso argi gutxi dagoela. "Kexa asko jaso ditugu. Puntu batzuetan argi gutxi dagoelako, baina bereziki falta dena da homogeneotasuna. Kale berean puntu batzuk oso ondo argiztatuta daude eta beste batzuk oso gaizki, itzalita daudelako. Honekin argiteria orekatu egingo dugu", adierazi du Elena Lete alkateak.

Gainera, Udalak aurreikusita dauka beste puntu zehatz batzuk aldatzeko lanak ere abiatzea: "Puntu konkretu batzuetan kexa asko jaso ditugu eta horietan kalearen izaera zeharo aldatuko da. Bolun, Matxiategin eta bereziki trenbide zaharreko tunela argiteria aldatuko dugu". Alkateak aipatutako gune horietan 325 argi puntu aldatuko dira.      

LED sistemarekin energia %80 aurrezten da eta kostu ekonomikoa ere "nabarmen" txikitu. Hala, Udaleko ordezkariek kalkulatu dute lau edo bost urtetan inbertsioa amortizatuko dela. Argiteria aldatzeko lanek 390.500 euroko aurrekontua izango dute, BEZ barne, eta Madrilgo energiaren aurrezpenerako IDAE erakundearen bidez finantzatuko da proiektua. "Erakunde horren mailegua oso baldintza onetan lortu dugu. Dirua doakoa da, hau da, maileguak ez dauka interesik; urtebeteko kadentzia izango dugu ordaintzen hasteko eta gero hamar urte dirua bueltatzeko. Hortaz, finantziazio aldetik oso egokia iruditu zitzaigun", dio Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik.

Arregik, aldi berean, argiteria berriak ekarriko dituen hobekuntzak hiru multzotan sailkatu ditu. Zutabeetako luminarien programazioa eta kontrola –telekudeaketa– ezartzeko kableatua doan lortu da, luminaria multzoaren kopurua %5 handitzea lortu da eta, azkenik, hamalau zebra-bidetako argiteria hobetuko da: "Herrian mugimendu gehien dituzten zebra-bideak argiztatuko ditugu. Argi nahikorik ez dagoen lekuetan argiteri berezia jarriko dugu, oso garrantzitsua da herritarrendako".

Sanmartinetarako amaituta

Lanak uztaileko lehen egunetan hasiko dira eta espero dute San Martin Jaietarako amaitzea. "Kanpoko auzoetatik eta guneetatik hasiko gara eta abuztuan erdialdeko argiteria aldatzeari ekingo diogu, herritarrengan ahalik eta eraginik txikiena izateko", argitu du zinegotziak.

Argiteria publikoa aldatzea egitasmo orokor baten kokatzen da. "Udaleko eraginkortasun energetikorako planaren barruan kokatu behar da, beste atal bat da. Udalaren informazio energetiko guztia plataforma baten jasoko dugu eta ikusgai jarri", adierazi du Udaleko energia arduradun Rosa Errazkinek.

Aldaketak, bost gunetan banatuta

Lehen gunean, Ibargarai eta arkupeak, Ibargaraiko jolas parkea, olibondo plaza eta barruko plaza, Harrizuri, Ramon Maria Lili, Iparragirre, Belanbide, Justo Garate plaza, Ikerleku eta Munibe –Ostetako bidea– aldatuko dira. Bigarren multzoan, Elorregi, Ola, Azkarruntz, Ozaeta, Zubiaurre, Aritzeta eta San Antonio izango dira argiteria aldaketa biziko dutenak. Hirugarren multzoaren barruan,s argiteria aldatuko dute Santa Anan, Bolun, Bideberrin, Fraiskozurin eta Matxiategin eta laugarren multzoan sartu dituzte Basalgo, Ubera, San Juan, Buruñao, Mekolalde, Parisenea eta Osintxu. Amaitzeko, bosgarren multzoan dago Moiuako bidea. Guztira 751 argi puntu aldatuko dira, horietatik 496 unitatetan luminaria aldatuko da eta beste 255 unitateetan led teknologiako retrofit berriak jarriko dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak