Zorionak! Nahikoa ospatuta?
Iosu Elortza: Zapatukoa egun ederra izan zen, bixamona pasatu dugu. Aurrerago etorriko dira ospakizun gehiago.
Iñaki Mardaras: Astelehenean jai izateak asko lagundu zigun bixamonarekin [barreak].
Esperotako igoera izan da?
I.E.: Iaz gutxigatik egin zuen ihes igoerako txartelak, puntu bakar bategatik ez ginen igo. Aurten hasieratik ikusi dugu maila handiko taldea zegoela eta ia denboraldi osoa egin dugu lehen postuan.
Zer suposatzen du mailaz igotzeak?
I.M.: Bergara Ohorezko Mailan egon behar da. Iaz pena handia izan zen ez igotzea; entrenatzaile berria, hasiera zaila... Iaz, igo ez arren, oso pozik amaitu genuen. Aurtengo lanarekin oso harro egon gaitezke.
Eta ze ondorio dakar maila galtzeak?
I.E.: Gipuzkoan Ohorezko Maila da lehena eta bailarako taldeak, orokorrean, maila horretan daude. Lehia horrek zale gehiago erakartzen ditu, eta aurkariak ere hobeak dira. Erregional Preferenteko talde asko bigarren taldeak dira... Igartzen da. Bergara, duen harrobiarekin eta historiarekin, Ohorezko Erregional Mailan egon behar da. Merezitako lorpena izan da.
Datorren denboraldiko erronkari heltzeko gogotsu zaudete?
I.E.: Bai. Liga oso exigentea da baina uste dut taldea badagoela erronka berriari aurre egiteko. Gerra emango dugu, seguru.
I.M.: Lagunak ditugu bailarako beste taldeetan eta derbiak jokatzeko partidu oso politak izaten dira. Erronka handia izango da liga berria, baina uste dut Bergarak ondo helduko diola.
Igoera alde batera utzita, joan den asteko Goiena aldizkariko iritzi artikulu baten azaltzen zen Bergararen gazte mailako partidu baten gaztelania hutsez aritu zirela. Zergatik haserretu zineten?
I.E.: Kasu puntual bat aipatzen zen eta hortik orokortasunean erortzea arriskutsua da. Duela bi urte sartu ginenean, gure lehentasunetako bat izan zen euskararen erabilera sustatzea. Plana jarri genuen martxan Udalarekin batera. Zuzendaritzan pertsona bat arduratzen da gaiaz eta Udaletik ere, hiru hilean behin, jarraipena egiten dute entrenamenduetan zein hizkuntza erabiltzen den jakiteko; bereziki entrenatzaileengan zentratzen dira. Uste dut emaitza onak ematen dabilela; badakigu perfektuak ez garela eta akatsak egiten ditugula, baina uste dugu gutxika aurrera goazela. Kirolean, gazteen formazioaz gain, euskara sustatu gura dugu.
I.M.: Euskaraz egiten dugu gehienbat. Entrenatzailea Azkoitikoa da eta gaztelaniaz gutxitan egiten du. Jokalari batzuekin gaztelaniaz egin arren, orokorrean euskaraz aritzen gara.
Eibarrek Kirol Hiria Bergaran egitearen inguruan zer duzue esateko?
I.E.: Modu ofizialean ez dugu berririk. Eibar ez da jarri gurekin harremanetan. Kirol Hiriak aurrera egingo balu, ez dakigu onuragarria edo kaltegarria izango zen guretako; izan ere, guk badugu hemen oinarria eginda.
Eta Athleticek Bergara harrobiko talde moduan hartzearen inguruan?
I.E.: Harremana egon da, baina marko normal baten barruan kokatuko nuke, Realarekin dugun moduan. Ona da klub profesional baten laguntza eta erreferentzia izatea; biekin izan ditugu harremanak baina ez dira, oraingoz, harago joan. Guk nahi duguna da Bergaran kirola sustatzeko ahalik eta baliabide egokienak eskaintzea gure jokalariei.