2016an 40 urte egin zituen UNED Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Bergaran. Errege Seminarioan egon da 40 urteotan eta Zuzendaritza Patronatuak –Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxabankek eta Bergarako Udalak osatzen dute– bertan jarraituko duela erabaki ostean, eraikina unibertsitatearen jarduera akademikoaren beharretara egokitzeko obrak egingo dira laster.
Lanak, UNED-Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak adierazi duenez, apirilean hasteko moduan egongo lirateke. Baina obren hasierarako egun zehatza jakiteko lan horiek gauzatzeaz arduratuko den enpresa zein izango den jakin beharra dago lehenago: "Enpresarekin bilera tekniko batzuk egin beharko ditugu obrak hasi aurretik".
Proiektuan hiru fase aurreikusten dira eta lehen fasea izango da astunena: "Lehen fasea udan gauzatzea espero dugu, gure jarduera akademikoa eteten denean. Izan ere, gure jarduera lehenetsiko dugu beti". Gaur egun 1.800 ikasle ofizial inguru ditu UNED-Bergarak eta beste 1.000 inguru dituzte titulazio propioetan. "Azken urteetan beherakada bat izan dugun arren, UNED-Bergaran 3.000 bat pertsona mugituko dira ikasturte honetan. Orain gutxi izan ditugu lehen lauhileko azterketak; presentzialak dira eta 2.000 lagun pasatu dira guretik. Kopuru hauekin jarraituz gero eta gure Plan Estrategikoetan jasotako helburuak betetzen baditugu beste 40 urterako baldintzak ezarriko ditugu, eta beste batzuek jarrai dezatela gure lanarekin".
Erreforma integrala
2010ean eraikinaren egokitzapen orokorra egin zen eta orain tokatzen dena da erabilerarako interbentzio batzuk egitea. Gainera, orain arte erabili ez den espazio handi bat irabaziko litzateke eta beste zenbait aldaketa aipagarri ere egongo dira. Laburbilduz, erabilerarako espazioak orain arte baino askoz hobeto aprobetxatuko dira, izan ere, azken 40 urteotan ezer gutxi aldatu da gai horretan. "2010ean egin ez zen konponketa integral bat egingo dugu datozen hilabeteetan", argitu du Esparzak.
Agur eskailera historikoari
Eraiki zenetik Errege Seminarioak izan duen eskailera aldatu beharra dago goitik behera, segurtasun arauengatik. "Pena da, arkitektoentzat ere penagarria izan zen aldatu behar izateko erabakia hartzea; oso eskailera dotorea da, inperiala. Baina ez da egokitzen gaur egungo segurtasun neurrietara. Eskailerek jasan beharreko bolumenaren arabera kalkulu bat egin zuten eta ez du gaitasunik bolumen horri erantzuteko. Horregatik, segurtasun lege guztiak beteko dituen eskailera berria jarri beharko dugu", dio Esparzak. Garai baten aztertu zen kanpotik eskailera berri bat egokitzea, baina teknikoki ia ezinezkoa zen. Eskailera berriak hiru pasabide izan beharrean bi izango ditu, gaur egungoaren zabalera berberarekin.
Barne antolamendu berria
Bestalde, areto nagusia apur bat handituko dute, atzealdean lekua dagoelako. Azterketa presentzialetarako behar izaten dute gela handi bat izatea. Obrak amaitu ostean, proiektu gidariak zehazten duenez, honako hau izango da UNED-Bergara berriaren barne antolamendua: semi-sotoan, liburutegia; beheko solairuan, dagoeneko egokitua dagoen San Martin plazako sarrera, harrera, idazkaritza eta liburu-denda besteak beste; lehen solairuan, zuzendaritza, koordinatzaileak eta irakasle gela; bigarren solairuan azterketetarako gela –areto nagusia dena egun–, bideokonferentzietarako zein tutoretzetarako gelak; hirugarren solairuan, hainbat ikasgela txiki eta, bukatzeko, estalki-behean ikasgela gehiago eta galdara-gela.
Kontuan hartu behar da Errege Seminarioak 3.180 metro koadroko azalera duela eta horietatik 2.350 metro koadro daudela erabilgarri. Eraikin barruko erreforma esanguratsu horretarako aurrekontu osoa da 1,9 milioi eurokoa, BEZ barne.