Aratusteak 2017

'Bergara-Cai', luzaroan gogoratzeko moduko bidaia

Maite Txintxurreta 2017ko ots. 25a, 11:35

Salgai jarri eta hiru ordu eskasean agortu ziren atzo gauean Udal Pilotalekuan egin zuten aratusteetako ikuskizunerako sarrerak. Bada, aurtengo road-movie erako emanaldiak ez zien hutsik egin hitzordua heltzeko irrikaz zeuden ikusle horiei.

Aratuste garaia denez, umorea izan zen protagonista atzoko Bergara-Cai, Non stop kontzertuan, ezinbestean. Frontoian eserleku bat bera ere ez zegoen libre, segituan saldu baitziren sarrera guztiak. Udal Musika bandak, Bergarako Orkestrak, Aritzeta Abesbatzak, Debako Kulunka datza taldeak, Bergarako Erraldoi Taldeak, Ehunzango batukadak eta norbanako boluntarioek hartu zuten parte atzoko ikuskizunean, 180 lagun inguruk.

Hasteko, musikariek Cantame Un Pasodoble, eta A Tribute to Nino Rota piezak jo zituzten. Jarraian, aratusteetako pieza ezagunekin hasi ziren (Pastelero, Galtzaundi, Iriyarena eta Praiskuarena), eta harrezkero jendea bete-betean sartu zen ikuskizunean, euren txaloekin musikariei lagunduaz.

Horren ostean, lehenengo gonbidatu bereziak atera ziren, Bergarako erraldoiak eta buruhandiak, eta, nola ez, musikariek erraldoien martxa jo zuten haiek dantza egin zezaten.

Cadizera joateko deia

Bada, ikuskizuna aurrera zoala, Manu Diazek dei bat jaso zuen bere sakelakoan. Hasieran txantxetan ari zirela uste bazuen ere, Cadizeko kultura zinegotzia zeukan telefonoaren beste aldean, Bergarako aratuste kontzertua hara eramateko eskatzen, Julio Iglesiasen kontzertua bertan behera geratu zitzaiela-eta.

Hala, bergararrek pozik onartu zuten gonbidapena, eta autobusean sartu eta Cadizerantz abiatu ziren. Bidean denetarik pasa zitzaien, baina.

Hasteko Arlabanen matxura izan zuten. Han, mendizale batzuekin egin zuten topo, eta Pol-Pol Mendizale taldearen 75. urteurrenari keinu eginaz, bandak talde horren ereserkia jo zuen. Bada, autobusa konpontzeko Legutioko Anselma mekanikariari deitu behar izan zioten. Simply the Best kantaren doinuak dantzatuz agertu zen Anselma, bere mekanikari taldeaz lagunduta.

Behin arazoa konponduta, berriro ere abiatu ziren, eta Madrilen geldialdia egin zuten, gaua bertan igaro eta hurrengo egunean berriro ere bidaiari ekiteko. Han, taldeko kideek gogokoen zuten plana aukeratu zuten, eta batzuk balleta ikustera joan ziren bitartean, besteek musikal bat nahiago izan zuten.

Almorra del Riokoen ongi etorria

Artean Madrilgo gauak lagatako ajea pasatzeke, Cadizerako bidaia jarraitu zuten mahoneroek. Bidean, baina, beste geldialditxo bat egingo dute, non eta Almorra del Rio izeneko herrian. Han, gainera, harrera berezia egingo diete bizilagunek, Unescoko ordezkariak direla pentsatuta.

Izan ere, euren herriko jota ezaguna gizateriaren ondare izendatzea gura dute, eta musika eta dantza erakustaldi bikaina prestatu dute Unescokoei aurkezteko.

Helmugara iristea

Bada, autobuseko etapa guztiak igarota, halako batean lortu zuten bergararrek Cadizera iristea. Bertan, bateko eta besteko aratusteen arteko konparaketak egiten hasi ziren, baina azkenean ikusi zuten, desberdintasunak izan arren, uste baino gauza gehiago dituztela komunean. Esaterako, unibertsala den maitasuna, Bihotz kantuaren doinuez eta Kulunkakoen dantzarekin irudikatu zutena.

Gero, ikuskizunaren bukaerara heltzear, emanaldi honetan lehenengoz parte hartu duen Ehunzango batukadak sekulako erritmoa jarri zuen euren burrunbarekin, Rio de Janeiroko inauteriak gogoraraziz.

Ikuskizuna ezin arrakastatsuagoa izan zen, eta bukaerako agurretan talde desberdinetako parte hartzaile guztiek txalo zaparrada jaso zuten frontoia bete zuten ikusleen partetik.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak