Amodiozko Gutun Lehiaketaren irabazleak pozik gaur jasoko dituzten sariekin

Aitziber Aranburuzabala 2017ko ots. 14a, 08:38
Maitane Arizabaleta, Maite Franko, Maite Larburu, Patxi Zubizarreta eta Migel Angel Elkoroberezibar.

Bergarako Jardun euskara elkarteak gaur, otsailak 14, banatuko ditu Amodiozko Gutun Lehiaketaren sariak. Hemen saritutako gutunak eta irabazleei elkarrizketak.

Lehenengo saria jasoko du Pasaia-Trintxerpeko Eider Perez gazteak Bi arrain lanarengatik. Bigarren saria banatu egin dute; erdia jasoko du Hernanin bizi den Iñigo Legorburu errenteriarrak (Beste laurogei... ustian) eta beste erdia, Lasarte-Oriako Ane Labakak (Gabon polita). Bergarako onenaren saria izango da Bergaran bizi den Elena Laka eibartarrarendako eta gaztea saria Bergarako Izar Odriozolak jasoko du.

 

Eider Perez: "Halako lehiaketak eta egitasmoak babestu eta zabaldu egin behar dira"

Eider Perezek, 21 urteko Pasaia-Trintxerpeko gazteak, jasoko du gaur sari nagusia Bi arrain lanarengatik.

Pozik sariarekin?
Bai, berri ona izan da, beti da pozgarria halako sariak jasotzea. Euskal literatura munduko sari hauek beti izaten dira idazten jarraitzeko motibazioa eta idazketaz gozatzeko aukera bat. Espero nuenik... hori ezin da aurrez jakin, batez ere lehiaketetara idazten denean; hala ere, badakit gogoz eta eroso idatzi nuela eta behin idatzita gustura gelditu nintzela gutunarekin.

Zeri buruzkoa da? Zer kontatzeko helburuarekin?
Gutuna herri arrantzale giroan idatzia da, portualde eta itsasoaren inguruan, udaberrian. Hasieran inguru arrantzale horren deskribapen bat egiten da: nola bat-batean itsasoak behera egin duen, nola kontserba laten fabrikak kiebra jo duen, kantinarako bidean zer ikusten den, nola arrainak... Lehenengo pertsonan idatzia dago, herriko pertsonaia batek idazten du, eta honek maite duen beste pertsonaia bati zuzentzen dio gutuna. Funtsean, gutunaren hartzaileari maite zaitut esaten dio eta, era berean, aitorpen hori onartu eta badoala jakinarazi. Hau da, elkar maite arren, nahiago duela maitasun hori onartu eta bidean aurrera egitea; nazkatu edo nekatu dela zain egoteaz beste hitzetan esanda.
"Maite zaitut eta banoa. (...) Banoa. Ba omen dira arrain gehiago itsasoan."
Esan daiteke gutunaren hasieran eta bukaera aldean deskribatzen den ingurua, ekintzak, herrian antzematen den giro berezi edo intrigazko hori... gutuna idazten duenaren sentipenen isla dela, sabelean senti duenaren estrapolazio edo azaleratze bat.

Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Kostaldekoa izanik banuen espazio eta giro horretan kokatzeko gogoa. Begibistara nuen paisaiarekin jolastu nahi nuen eta hortik atera da gutunean maitasuna adierazteko modua. Oso idazkera bisuala dela uste dut, edo nik behintzat ondo eta garbi ikusten nuen idatzi nahi nuen horren iruditeria, beraz, ez zen zaila izan buruan nuen eszena hori orrira eramatea.
 
Lan bat baino gehiago aurkeztu duzu?
Lan bakarra aurkeztu dut, Bi arrain deituriko hau. Dena dela, iaz ere parte hartu nuen Kaosari gutuna izenburu zuen lan batekin. 

Nori eskainiko diozu saria?
Lehiaketara bidali aurretik eta saria jaso ondoren Bi arrain maitasun gutun hau irakurri duten nire lagun guztiei eskainiko diet, bai plazerez irakurtze hutsagatik eta baita gutuna idatzi izanaz alai sentiarazteagatik ere.

Beste ezer gaineratu gura baduzu...
Gaineratzekotan, aldarrikapen bat dut botatzeko: Amodiozko gutunen lehiaketa eta halako euskal literaturako sariketak eta ekimenak potentzial bat dira nire ustez, badute indarra eta badute jomuga euskal literatura eta sorkuntzan. Halako egitasmoak babestu eta zabaldu behar dira; lehenengo galderan erantzun dudan bezala motibazio bat badira literatura idatzi, irakurri edo entzun nahi duen edonorentzat. Gonbita egin parte hartzera, gozatzeko, kritikatzeko edota kontatzeko aurkeztera, idaztera... Eta noizbehinka tokatzen dira esperoko edo ezusteko sariak (epaimahaikideek emanak edo ez) eta hauek bultzatzen zaituzte beste behin edo beste inon idatzi eta aurkeztera. Ibilbide horretan dago euskal literaturako lehiaketa hauen potentziala, eta esango nuke potentzial handia dela gainera.

 

Elena Laka: "Lehen lehiaketa irabazi zuen eskutitzaren testua, Oier Araolazak idatzitakoa, erabili dut"

Bergaran bizi den Elena Laka eibartarrak bergarar onenaren saria jasoko du.

Espero zenuen saria?
Ez, ez nuen espero, sorpresa izan da.
 
Zeri buruzko gutuna idatzi duzu? Nork nori idatzitakoa?
Aurten 25 urte betetzen dituenez lehiaketak, pentsatu nuen 25. urteurrena modu berezian ospatu behar zela, eskutitza denbora horren erreferente izan behar zela. Pentsatu nuen 25 urtetan zenbat aldatu diren gauzak euskararen munduan eta oro har harremanetan eta gure gizartean. Orduan, eskutitza idazten jarri dut 25 urteko pertsona bat; bera jaio zen urtean amodiozko gutunen lehiaketa irabazi zuen pertsonari idazten dio, berarekin maitemintzen baita eskutitz irabazle harekin topo egin ondoren  euskararen aldeko mugimenduaren baitan. Horretarako erabili nuen lehen lehiaketa irabazi zuen eskutitzaren testua, Oier Araolazak idatzitakoa.
 
Eta gehitu nizkion azken 25 urteetako erreferentziak: alde batetik euskal munduarenak, literaturakoak (Saizarbitoria, Cano eta iazko irabazlea izan zen Patxi Zubizarretari keinutxo bat) eta Internetekoak (Kaixomaitia eta Interneteko hizkuntza, aditz trinko probokatzaile bat izan nahi zuena); eta beste aldetik gehitu nizkion zinemako erreferentziak, baita ere 25 urte hauetakoak (El lector, Carol), maitasun homosexual zein heterosexualerako baliagarriak, eta tira, baita aipatu nuen El graduado, klasiko bat delako gazte eta nagusi baten arteko maiteminean.
 
Horren ondoren, 25 urteko pertsona bat 45 inguruko batekin maiteminduta, hor jada azken 25 urteetan erori diren maitasun istorioen konbentzionalismoak aipatu nahi nituen: 45 urtekoa emakumea da, gainera sexu aldaketa egin duena, eta gaztea berriz, eskutitza idazten duena, izan daiteke emakume zein gizon, ipini diodan izenaren bitartez (Amaiur) bi aukerak onartzen dira, eta aipatzen den hirugarren pertsonaia (Ara) baita ere neska zein mutil izan daiteke. Adin eta genero mugen bariko maitasuna, oraingoa, ez betikoa.
 
Kontraste moduan, gutun hartzaileari Irene deitu diot, neuri erabat femenino eta erromantikoa iruditzen zaidan aspaldiko izen bat, baina nire harridurarako neska gazte ugarik daukaten izena, grekeraz bakea esan nahi duena.
 
Oro har gutunak izan nahi zuen testu bat orain eta hemen, Jardunek lehiaketa sortu eta 25 urte beranduago idatzi zitekeena, ez edozein garaiko lehiaketarako balio nahi zuena, eta era berean XIX. mendeko amodio erromantiko pastel horri apur bat distantziaz begiratzea helburu zuena.
 
Samur idatzi zenuen? Zerk bultzatu zintuen parte hartzera?
Buruan buelta batzuk eman nizkion, eta Gasteiza joan nintzen egun batean Sancho el Sabio dokumentazio zentrora sartu nintzen lehen gutun irabazlearen bila, eta idazten, ordu erdi bat egin nuen. Parte hartu nuen 25. urteurrena ospatzeko, lehen lehiaketatik pasa den denbora eta gertatu diren gauzak nabarmentzeko modukoak iruditu zitzaizkidalako. Nik ez dakit margotzen, musean edo bakailaoa gertatzen, lehiaketa horietan sekula ez litzaidake burutik pasako parte hartzea. Baina testu laburrak idatz ditzaket samur, eta horregatik hartu nuen parte.
 
Ez da parte hartu duzun lehenengo aldia, ezta?
Parte hartzen dudan bigarren aldia da. Lehena orain dela 13 edo 14 urte izan zen, eta Bergarako saria irabazi nuen baita ere.
 
Beste ezer gaineratu gura baduzu...
Eskerrak eman Jardun Euskara Elkarteari euskarazko edukiak sortzeko egiten duen ahalegin honengatik, eta nola ez, epaimahaikide guztiei, hartu duten lanagatik eta sariarengatik.

 

Izar Odriozola: "Amonak eman zidan maitasuna eskertu beharra neukan"

Izar Odriozolarentzat (Bergara, 1999) izan da gaztearen saria.

Pozik sariarekin?
Bai, oso pozik; ez nuen espero oso maila altua egongo zela esan baitzidaten.

Nork nori idatzitako gutuna da? Zer kontatzeko helburuaz?
Amama zenari idatzi diot, eta bere zantzu ezberdinak ikertu ditut lore baten egituran oinarrituz; helburua agur duin bat ematea zen nire sentimenduak papereratuz.

Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Amonak eman zidan maitasuna eskertu beharra neukan eta horretarako maitasun gutun bat idaztea aukera aproposena zela iruditu zitzaidan. Egun batzuk ideiak biltzen pasa nituen gutuna lantzeko. Lan bakarra aurkeztu dut.

Aurretik sekula parte hartu duzu Jardunek antolatutako lehiaketa honetan?
Ez, lehenengo aldiz hartu dut parte.
 
Nori eskainiko diozu saria?
Nire ingurukoak gutuna irakurtzean emozionatzea sari bezala hartu dut, eta dirua niretzat erabiliko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak