"Ez dira urteak alferrik pasatu. Hasieran, postaz bidaltzen zituzten; orain, ia guztiak e-mailez. Lehen edizioetan eskuz idatzitako ugari ziren; orain, bat edo beste. Urteotako gutunei maitasuna darie, ezinezkoa edo zaila gehienetan, baina esperantza eta ametsak ez dira falta. Sentimendu ugari, gehienez, bi foliotan. Bergarakoaren arrastoari segituz beste herri batzuetan antzeko lehiaketak antolatzen hasi ziren; poztu egiten gaitu", dio Migel Angel Elkoroberezibarrek, Jardun elkarteko kideak.
Gustura dira harrerarekin: 82 gutun eta 41 amodiozko esaldi jaso dituzte.
Irabazlea, kostaldetik idatzita
Jon Gurrutxagak, Maite Frankok, Maite Larburuk eta Patxi Zubizarretak -iazko irabazlea- osatu dute aurten epaimahaia. "Denetik irakurri dugu; lan benetan txukunak, baina, akaso, umore eta sentsualtasun gehiago eskertuko genuke", dio Zubizarretak, eta zera gaineratu du: "Asko harritu gaitu irabazlearen gaztetasunak; bikain idatzita dago, heldutasunez. Gainbeheran dagoen arrantzale herri batetik idatzitakoa da, egunerokotasun grisa, amodio herdoildu eta fosilizatu baten deskribapena; despedida moduko bat da. Oso atmosferikoa, poetikoa, intimoa eta sujerentziaz betea".
Kostaldekoa izanik espazio eta giro horretan kokatzeko gogoa zuela kontatu du Eider Perezek. "Begi bistan nuen paisaiarekin jolastu nahi nuen. Oso idazkera bisuala dela uste dut; ez zen zaila izan buruan nuen eszena hori orrira eramatea. Gogoz eta eroso idatzi nuen. Funtsean, gutunaren hartzaileari "maite zaitut" esaten dio idazleak , eta, era berean, aitorpen hori onartu, eta badoala jakinarazi".
Bigarrena, bi zatitan banatuta
Zubizarretaren esanetan, biak paretsu nabarmentzea iruditu zitzaien egokiena. "Oso antzekoak dira: Iñigo Legorbururena Txirritaren garaiko bertsolarien girokoa da, gipuzkera ederrean idatzita; Ane Labakarena, berriz, amodio baten nostalgia bertso dotorean emana. Homosexualitateak zeharkatuak biak ere. Sari banaketako irakurketan, askok elkarren osagarritzat joko ditu".
Bergarako onenaren saria eskuratuko duen Elena Lakarena ere nabarmentzeko modukoa dela dio: "Bigarren irakurketan aberatsago; literatur keinuz betea iruditu zaigu, nahiz eta gaur egungo harreman birtualen giroan kokatuta egon. Gainera, lehiaketa honi erreferentzia egiten dio". Urteurrena modu berezian ospatu gura zuen Lakak: "Eskutitzak denbora horren erreferente izan behar zuela pentsatu nuen. Euskaran eta, orokorrean, gizartean gauzak zenbat aldatu diren pentsatzen jardun nuen. Idazten 25 urteko pertsona bat jarri dut; eta hura jaio zen urtean -lehiaketaren urte berean- Jardunen lehen irabazleari idazten dio".
Gaztea eta esaldia
Amama zenari idatzi dio Izar Odriozolak, gazteen sariaren irabazleak: "Haren zantzu ezberdinak ikertu ditut lore baten egituran oinarrituz. Nire sentimenduak papera ekarrita, agur duin bat eman nahi nion".
Maria Lopezek, berriz, pottokekiko duten maitasunaz, aitarentzako idatzita zuen esaldia; moldatu, eta bidali egin zuen.
Aurtengo lehiaketako irabazleak
-Gutunak:
• Lehenengo saria: Eider Perez 21 urteko Pasaia-Trintxerpeko gazteak jasoko du Bi arrain lanarengatik.
• Bigarren saria (erdia): Iñigo Legorburu Hernanin bizi den errenteriarrak idatzi du Beste laurogei... ustian lana.
• Bigarren saria (erdia) Lasarte-Oriako Ane Labakak eskuratuko du Gabon polita lanarekin.
• Bergarako onena: Bergaran bizi den Elena Laka eibartarrari emango diote.
• Gazte saria: Izar Odriozolak (Bergara, 1999) eskuratuko du.
-Esaldia
• 'Laztan, xuxurla: gure lotura; maitale, adiskide: elkarrekin libre! Maria Lopez (Ibarra, 1992).