Aurreko urtean besteko protagonismorik ez, baina aurten ere izango du presentzia Bergarak Opus Liricaren opera emankizunean; 40 laguneko abesbatzako kide izango dira Marije Ugalde, Nere Ibarra, Karlos Etxaniz eta Edurne Laskurain.
Denera 200 parte-hartzaile izango dituen Carmen lanaren entseguak abenduan hasi zituzten, eta bi emankizunetan taularatuko dute orain asteburuan, bihar –egubakoitza– 20:00etan eta domekan 19:00etan.
Ordezkaritza bergararra gogotsu dago azken asteetan prestatutakoa jendaurrean erakusteko, hainbat arrazoigatik. Batetik, Georges Bizeten obra goi-mailakoa eta ezaguna delako, eta askok dakizkiten doinuak jasotzen dituelako: "Carmen opera oso-oso polita da. Bospasei abesti ditu edozeinek ezagutzen dituenak, eta hori ez da hain ohikoa. Hori erakargarria da jendearendako, eta guretzako ere kantuan gehiago disfrutatzeko aukera, hain dira ezagunak eta politak kantu horiek!", dio Karlos Etxanizek.
Antzerako iritzikoa da Marije Ugalde. Eurak, aurrez, obrak eman dezakeenarekiko "oso irudipen onarekin" doazela dio, publikoaren erantzunaren zain: "Opera batzuk erreferente dira eta denek ezagutzen dituzte, eta Carmen da horietako bat. Denek ezagutzen duten musika da, beti entzun izan ditugun hainbat abesti dituena, eta orain hori kantatzeko aukera edukitzea gustagarria da".
Emanaldietarako gogoz egoteko beste arrazoietako batzuk dira abesbatzak protagonismo berezia duela obra honetan eta aurreko esperientzietatik oroitzapen onak dituztela: "Obra denek dituzte euren berezitasunak. Nik azken hiru operetan hartu dut parte, eta oso-oso gustura", zioen Etxanizek; Ugaldek, berriz: "Abesbatzak protagonismo handia du obra honetan, beste batzuetan baino handiagoa, eta eskatzen du abesbatza potente bat, horregatik gara 40 abesbatzan bakarrik".
Munduko Carmen onenetakoa
Obrako protagonista nagusiak kanpokoak dira: Don Jose-rena egiten duena, Eduardo Sandoval murtziarra; eta Carmen, Maria Jose Montiel madrildarra, pertsonaia hori egiten "munduko onenetako bat", Marije Ugalderen arabera.
Opus Lirica taldearen seigarren muntaia da oraingoa, Bizeten jatorrizko lanaren bertsio modernoa. Emanaldietarako sarrerak salgai daude Kursaalen webgunean, 18 eta 75 euro arteko salneurriekin.