22.362.510,20 euroko udal aurrekontua onartu du Bergarako udalbatzak

Julen Iriondo 2017ko urt. 31a, 16:15

Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren kontrakoekin onartu zen aurrekontua atzoko osoko bilkuran. Inbertsio nagusien artean daude Seminarioko kultura aretoa, bidegorria eta Espoloiko kioskoa, eta nobedadeen artean gazteentzako alokairu sozialerako partida, besteak beste.

EAJk eta alderdi sozialistak osatutako Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren, EH Bilduren eta Irabaziren, kontrakoarekin egin du aurrera Bergarako Udalaren 2017ko aurrekontuak: 22.362.510 euro, iazkoa baino %1,55 handiagoa. Atzoko osoko bilkuran Elena Lete alkateak nabarmendu zuen gizarte zerbitzuak, kultura, kirola, gaztedia, hezkuntza edo euskara moduko sailetan ez dela jaitsierarik egon.

Inbertsio eta partida aipagarrienei dagokienez, Seminarioko kultura aretorako 495.000 euro jasotzen ditu, Espoloiko kioskorako 211.000, Larramendin –enpresa txikiak bultzatzeko helburuarekin– pabilioi baterako 150.000 euro eta Boluko frontoia estaltzeko 100.000, martxan dagoen ideia lehiaketarako bezala. Eta beste batzuk, Urarte kaletik jarraipena izango duen bidegorrirako 400.000 euro, Errekaldeko lorategia txukuntzeko 157.000, Labegaraietako proiekturako 85.000 eta San Martin eskolan jolaslekuan karpa jartzeko 77.000 euro. Eta kopuruz txikiago izan arren, alkateak nabarmendutakoen artean, gazteendako alokairu sozialerako 30.000 euro eta Erasmus plus programarako 12.000: "16-18 urte arteko gazteentzako Europara joateko aukera izango da, institutu batera; Bergarak daukan iragana eta ondarea kontuan hartuta, esparru egokiena eta naturalena zientzia eta teknologia dela ikusten dugu".

Gobernuaren aurrekontua, bere horretan, izan zen azkenean aurrera atera zena. EH Bilduk egindako ekarpenen gainean negoziatzen ibili ziren, eta hori bera positibotzat jo zuten bi aldeek. Aurrera begira, gainera, hainbat arlotan adostasunez jarduteko aukera izan daitekeela azaldu zuten, nahiz eta aurrekontua ixterakoan akordiora iritsi ez. Koalizioaren proposamenak ez zirela neurrikoak zioen alkateak: "Haiek proposatutakoen aurrekontua zen milioi bat euro pasakoa, oso altua emendakinak izateko, kontuan hartuta, batez ere, inbertsiorako gure ahalmena ez dela hiru milioira iristen".

Arrizuriagarekin lotutakoa zen EH Bilduren proposamenetako bat: "Goazen hastera herriari galdetzen zer nahi dugun, eta, behintzat, aurreproiektu batzuk-eta egitera. Bada, ez. Eta hori gutxi balitz, gainera, euren intentzioetan ez dago Arrizuriaga, ze, ingurua konpondu behar dute, eta nola ibertituko duzu diru bat inguruko parkea konpontzen etxea bada arazoa. Aurten konpontzen dugu parkea eta hurrengo urtean sartuko ditugu makina guztiak?". EH Bilduren irakurketa ez zela zuzena erantzun zuten EAJtik.

Koalizioaren proposamen denak bere horretan onartzeko modurik ez, baina adibidez Osintxurako zenbait asmotan bat etorri eta EAJk hura ere aurrekontuan ez sartu izanagatik penaz agertu zen Leire Iruin. Eta, horrez gain, kexu, aurrekontuen lanketa prozesuan inprobisazioz jardun izanagatik Gobernuak, eta azarotik eskean ibili arren kudeaketa planik jaso ez dutelako, Iruinen hitzetan: "Kudeaketa planak dira jakiteko Udal Gobernu honek ze asmo dituen urte guztirako, eta horren isla izan behar dira gero aurrekontuak. Bestela, aurrekontuak zenbakiak baino ez dira, eta horren atzetik ze proiektu eta ze ekintza dauden ez dakigu".

Irabazik osoko zuzenketa aurkeztu zion udal aurrekontuari, eta Gobernuak negoziatzeko borondate eza egotzi zion. Bergara oso egoera txarrean dagoela zioen Aiert Lizarraldek: "Bai zerbitzu sozialetan, bai ingurumen arloan eta bai auzoetan". Auzoetan, "batzuk ura eskatzen, beste batzuk gasa, beste batzuk Internet, beste batzuk Goiena telebista... aurreko mendeko beharrak direnak".

Bestetik, alkateak egotzi zion Boluko lur-jausiaren harira gaiarekiko interesik agertu ez izana. Lizarraldek erantzun zuen Gobernuari zegokiola egoera hartan erabakiak hartzea, eta ondo jardun zuela, gainera. Akusazio horretan mendeku gosea ikusi zuen Irabazikoak, eta EH Bilduk ere salatu zuen gertaera haren erabilera politikoa egiten ziharduela Gobernuak. Gai honekin lotuta, oposizioaren proposamenetarako aurreikusita zeuden 80.000 euroak Boluko beharretara bideratzea erabaki dute alderdiek, adostasunez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak