1936ko gerrako 29 gudari eta milizianoen erretratuak jasotzen ditu atzo Aroztegin zabaldu zuten erakusketak. "Faxismoaren erresistente horiei omenaldia egitea" da helburuetako bat, erakusketa antolatu duen Intxorta 1937 Kultur Elkartearendako.
Inaugurazio ekitaldian ziren elkarte horretako Juan Ramon Garai eta Julia Monje, adibidez. "Alderdi politiko ezberdinetakoak dira denak, baina denak bizi izen zuten gure historiaren parte den garai bat, egoera bat, eta erakutsi egin behar diegu hori horren berri jakin gura dutenei eta ez dutenei", adierazi zuen atzo Garaik.
Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideez gai, udal ordezkariak ere baziren atzoko inaugurazioan, tartean Elena Lete alkatea. Baita argazkietan ageri den Andres Egaña bergararra ere. "Gure ama jostuna zen eta hark egindako arropekin joan nintzen frontera. Gerra ez zen gozoa izan, ez. Gogoan dut, baina, handik etorri eta hurrengo egunean Ixabel gure amari nola esan zioten Mayc lantegian bazegoela lana niretako. Sekulako poza izan zen hori".
Historia
Argazkien egile Mauro Saravia txiletarra gustura gelditu da emaitzarekin. "Argazkiak ateratzearekin batera, euren historia zein den ezagutu dut, euren bizimodua, pentsaera, momentua, zein zen kontatu didate. Eta ikusi dut gerra ez dela lineala eta ez dela ederra". Orain gerra emakumeek nola bizi zuten jaso gura du argazki bidez eta horretan ari da. "Iparraldean egon gara, Gipuzkoan, Nafarroan... oso aberasgarria ari da izaten lan hau".
Erakusketa hori martxoan zabalduko dute Donostian eta Juan Ramon Garaik aipatu du hurrengo urtarrilean Bergarara ekarriko dutela.
Erakusketa hau otsailaren 5a bitartean egongo da zabalik.