Buztina landuaz benetako artea egin daitekeela frogatu du beste behin ere Bergarako Buztinzale elkarteak atzo inauguratu zuten erakusketarekin. Urtero jartzen dute mostra hau, eta aurtengoan, batez ere, 2016 urtean egindako lanak jarri dituzte ikusgai. Tamaina, forma eta estilo desberdinetako 60 lan inguruk osatzen dute mostra hau.
Kide bakoitzak hiruzpalau pieza jarri ditu ikusgai; batzuk, buztinezko koadroak dira, beste batzuk, berriz, figurak, eskulturak ere badaude, platerak, lanpara bat... Eibarren bizi arren Buztinzale elkarteko kide den Jesus Belaustegi eibartarra izan da salbuespena, harek hamabost bat pieza jarri baititu ikusgai, aretoko pareta oso bat hartuaz. Egurrez eta buztinez egindako eskulturak eta itxura desberdineko platerak egin ditu berak.
Buztinzalekoek aipatu dute hasi berri den urte honetan buztingintza ahalik eta gehien zabaltzeko ekintza ugari egiteko asmoa dutela. Izan ere, 2018an elkartearen 40. urteurrena burutuko dute, eta ospakizun berezi horretara begira, jendea euren elkartea ezagutzera gerturatu dadin nahi dute. Hala, edozein herritar animatu dute buztingintza probatzera eta beraiengana gerturatzera.
Buztingintzan hasteko ikastaroa
Jendea erakartzeko ahalegin honen barruan, otsaileko zapatu goizetarako hasiberriendako buztingintza ikastaroa antolatu du Buztinzale elkarteak. Bazkideak eurak arduratuko dira jendeari buztina nola landu erakusten edota Zabalotegiko lokalean duten labea modu egokian erabiltzen. Bertan parte hartzeko interesa duen orok urtarrilaren 27ra arte eman dezake izena 943779159 telefonoan. Inskripzioaren truke 25 euro ordaindu beharko dira.