Obra zibila ia amaituta eta ekipamenduan lanean, Seminarioko elizan

Julen Iriondo 2017ko urt. 12a, 17:08

Elena Lete alkatea gustura agertu da Seminarioko kultura aretoko lanek daramaten martxarekin. Obra zibila ia amaituta dago, eta ekipamenduari dagokionez hainbat esleipen egin dituzte, eta muntaketekin ere hasi dira. Erretaula zaharberritzeko lanak dira orain egin beharreko beste batzuk.

Obra zibila "ia bukatuta, bideratuta"; ekipamendurako hiru esleipen eginda –"harmailen egitura metalikoa, orrazia igotzeko sistema, ikus-entzunezko ekipamendua eta eszena-argiztapenerako proiektoreak"– eta zenbait muntaketa lan hasita; eta aretoa erabiltzea posible egingo duten argindar hornidurarako Seminariotik kanpo egin beharreko lanak ere martxan –Gabonak bitartean egin zuten Komenio kalera arteko kanalizazioa, datorren astean berrekin, eta hori amaitu eta epaitegi ondoan egongo den transformagailuko lanak bizpahiru astean egingo omen dituzte–. Elena Lete alkatea gustura agertu da kultura aretoko lanek daramaten martxarekin, hedabideekin bertara egindako bisitan.

Dagoeneko jarrita dauden elementuen artean, deigarrietako batzuk dira aldamenetako hormetan ipinitako kutxak, aurreikusi dituzten hiru motatako erabilpenetan, bakoitzean dagokion akustika lortzeko balioko dutenak: adibidez, pelikula baterako, antzezlan baterako edo abesbatzarako posizio desberdina hartzen dute.

Aretoa eliza batean kokatua egongo denez, ondarea babesteko hainbat neurri hartzen ere ari dira lanetan. Honela, zikina sortzen duten lanak amaitu, eta erretaula zaharberritzeko ordua izango da orain; enpresa aditu batek izango du horren ardura. Elizak zuen gurutze erako zorua, berriz, babestu eta estali egin dute, haserako asmoa hura zapaltzeko moduan geratzea bazen ere, haren egoerak ez duelako horretarako aukerarik eman. Mausoleoa, azkenik, bistan geratuko da, kristal baten atzean eta argiztatuta, hondatu ez dadin tenperatura eta hezetasun baldintza egokiak mantentzeko sistema batekin.

Hain justu, eliza izaera eta elementuak mantenduz hori kultura areto bihurtu beharrak Bergarako obra oso berezi egiten duela dio proiektu eszenikoaren arduradun Andoni Garaizarrek, berak ez duela halakorik aurrez ikusi: "Beste eliza batzuetan egin dira gauzak, baina eliza izateari lagata; ez da eliza bat ikusten, antzoki bat ikusten da. Hemen erronka da momentu batzuetan eliza izan behar duela berriro, eliza ikusi egin behar dela berriro, eta horrek dakartza erronka tekniko batzuk"; kultura ekitaldietarako azpiegitura kendu eta, adibidez, erretaula eta elizako bolumenak ikusteko moduan utzi beharrak.

Azalpen hauek guztiak herritarrei, eragileei eta udalbatzako beste ordezkariei datorren astean emango dizkietela iragarri du alkateak, Obretan baina zabalik leloarekin antolatuko dituzten bisiten bigarren aldian. Lanen, amaiera, bestetik, "uda partean" kokatu du, Pazkoetarako gertu egongo den esaten ausartu gabe.
Seminarioko elizako kultura aretoak 260 lagunendako eserlekuak izango ditu denera, harmaila teleskopikoetan gehienak. Zutik, 500 lagun ingurukoa izango da gehienezko edukiera.

Obra zibilaren aurrekontua 1.100.000 eurokoa da, eta ekipamenduarena, berriz, 1.200.000 eurokoa.

'Obretan baina zabalik'

Hitzordu berriak urtarrilaren 19an izango dira. Bi ordu egongo dira, bata 18:00etan eta bestea 19:00etan. Eraikina obretan dagoenez, segurtasun arrazoiengatik taldeko pertsona kopurua gehienez hemezortzi lagunekoa izango da, eta, horregatik, aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izena eman ahal izateko bi betebehar daude: 16 urtetik gora izatea eta oinetako erosoak eramatea bisitara. Udaleko Kultura zerbitzuan eman behar da izena, 943-77 91 59 zenbakira deituz, edo kultura@bergara.eus helbidera idatziz. Eskaera handia egongo balitz, bisita gidatua egiteko hitzordu gehiago finkatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak