Irabaziren ekimenez aurkeztu eta udalbatzan ordezkaritza duten alderdien artean adostutakoak izan ziren mozioetako hiru. Horietako bat, zeliakoen gainekoa. Ezkerreko koaliziotik emandako datuen arabera, 150 zeliako inguru egon daitezke Bergaran, eta familian kide zeliako bat izateak %288 garestitzen ditu erosketak. Bergarako ostalaritzan zeliakoentzat menurik eskaintzen ez dela-eta, Udalak konpromisoa hartu zuen ostalariei proposatzeko norabide horretan urratsak egitea: “Guk garbi ikusten duguna da, eta hori da zeliakoek behin eta berriz esaten digutena, oso-oso abandonatuta sentitzen direla gizarte honetan”, zioen Aiert Lizarraldek. Lizarralde "pozik" agertu zen, Irabaziren ekimenez aurkeztutako hiru mozioak onartu zituelako udalbatzak: "Eta, gainera, denon adostasunarekin; eta hori, gaur egun, zaila dago udalbatza honetan".
Bergara Zeliakoentzako Herria proiektua martxan jartzeko Euskadiko Zeliakoen Elkartearekin elkarlanean hasteko konpromisoa ere hartu zuen Udalak. Iragarri zuten Osasun Sarean landuko dutela gaia aurrerantzean, eta glutenarenarekin batera beste intolerantzia batzuk ere kontuan hartuko dituztela.
Beste mozioetako bat pobrezia energetikoa saihesteko neurriak hartzeko eskatzen zuena izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2012ko datuak aipatuz, pobrezia energetikoak etxebizitzen %9ri baino gehiagori eragiten ziela azaldu zuen Irabazik.
Hirugarren mozioak salatzen zituen atzerritarrak barneratzeko Espainiako zazpi zentroetako "giza eskubide urratze larriak".
Beste mozioetako bat EH Bilduren ekimenez aurkeztutakoa izan zen, EAJrekin adostu zutena. PSE eta Irabazi abstenitu egin ziren. EH Bilduk azalpenean zioen Europako erakundeek aholkatzen dutenaren arabera 6.000 polizia behar lituzkeela Euskal Herriak, eta 23.000 dituela; eta hori ETAk armak uzten zituela iragarri eta bost urtera, azaldu zutenez. Honek, gainera, euskaldunoi urteko 1.500 milioi euroko gastua dakarkigula zioten. “Planteatu duguna da Espainiako poliziek, era mailakatuan, alde egin behar dutela hemendik, eta euskal herritarron segurtasuna hemengo polizion esku laga”, zioen Agurne Barrusok.
Aldi berean, galde erreguetan Luhusoko atxiloketak ere salatu zituen EH Bilduk.
Eguneko bosgarren mozioa poliomilitisak eragindako pertsonekiko sostengu mozioa izan zen.
Bestetik, atzoko osoko bilkuran zinegotzi kargua hartu zuen EAJko Irune Galarragak, Iñaki Arregi ordezkatuz. Galarragak Barne batzordean eta enpresa komitean alkateak zituen ardurak beteko ditu aurrerantzean: “Arlo hauetan izan ez arren, elkarlanean eta giza baliabideekin-eta lanean esperientzia badut, eta gustatzen zait horretan aritzea”, zioen Galarragak.
Iñaki Arregik zuen Auzoetako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko batzordearen ardura, berriz, Lander Arregik hartuko du bere gain: “Gehienbat auzoetako arloa guretzat oso gertukoa da, zaindu egin nahi dugu bereziki. Orain arte, nahiz eta Iñaki izan den batzordeko burua, Iñakirekin batera Landerrek eta biok ere eraman ditugu gai horiek”, azaldu zuen alkateak, "orain arteko dinamikarekin" jarraituko dutela gaineratuz.
Horrekin batera, nabarmendu zuen, "lehenengo aldiz" gizon adina emakume izango direla, aurrerantzean, EAJren ordezkari udalbatzan.