Boluko frontoia estaltzeko proiektuaren idazketa esleitu du udalbatzak

Julen Iriondo 2016ko aza. 29a, 14:38

Bergaran osoko bilkura izan zen atzo iluntzean. Bertan onartutakoen artean, Boluko frontoia estaltzeko proiektu teknikoaren idazketa esleitzea. Gainerakoan, oposizioaren Gobernuarekiko zenbait kexatatik abiatuta izan ziren eztabaidarik handienak.

Larramendiko industrialderako Sprilurrek aurreko astean agertutako asmoarekin zuen zerikusia, adibidez, kexetako batek. EH Bildu kexu agertu zen gai hori ez dutela-eta Ekonomia Sustapen batzordean jorratu publiko egin behar zenera arte. Sprilurrek 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Larramendin enpresentzako bi eraikin egiteko, eta aurreko asteko agerraldian alkateak azaldu zuen bost bat enpresak dutela interesa bertan kokatzeko.

Elena Lete ez zetorren bat EH Bilduren kexarekin: "Larramendi gure ildo estrategiko bat zen, hori programan agertu zen; lehenengo momentutik esan genuen, hainbat adierazpenetan ere esan da. Hirigintzan ikusi dugu gaia, ikusi dugu nahiz eta beharrezkoa ez zen, ze momentuz ez dago espediente administratiborik. Ikusi dugu, azaldu dugu, kontatu dugu Hirigintzan, Tokikon... Beraz, gaurko leporatze hori ez dakit non geratzen den, ze gure ildo estrategikoan bazegoen. Eta ez hori bakarrik; hau guztia Plan Orokorrean oinarrituta dago, eta Plan Orokor hori 2009an onartu zen, eta Agurnek onartu zuen".

Agurne Barrusok, berriz, zera zioen: "Sustapen Ekonomiko batzordean ez da landu. Eurek diote Plan Orokorrean jasota dagoela; Plan Orokorrean jasota dago lur industriala dela, eta hortik Sprilurrekin landu den hitzarmenera beste urrats bat dago, eta hitzarmen horren berri ez da inongo batzordetan landu, eta horrela gai askorekin gertatzen da. Beraz, bai sentitzen dugu, bai EH Bilduk eta bai Irabaziko zinegotziak, gure bizkar gobernatzen dutela eta komunikabideetatik jakiten ditugula gauzak".

Memoriaren Eguna

Bestetik, alkatearen jakinarazpenetan, Letek azaldu zuen aurten ez direla baldintzak eman azaroaren 10eko Momoriaren Egunean ekitaldirik egiteko; barkamena eskatu zien horregatik herritarrei, eta adierazi aurrera begira lanean jarraituko dutela gai horrekin. EH Bilduk Gobernuari leporatu zion hitzordu horretara begira azken unean ibili izana, eta iazko Memoriaren Egunaren ondotik hartutako konpromisoa bete ez eta bizikidetzari dagokionez urte osoan ez dela lanketarik egin, gaia lantzen hasteko aholkularitza baten adjudikazioa egin dela soilik. Gobernuarentzat, ostera, bideari ekiteko aurrerapauso garrantzitsua izan da esleipen hori.

Boluko frontoia estaltzea

Gai-zerrendako puntu zehatzei dagokienez, Boluko frontoia estaltzeko proiektu teknikoaren idazketa Imara Ingeniaritza enpresari esleitu zioten 7.865 eurotan. Oposizioko alderdiak abstenitu egin ziren puntu honetan. EH Bildu forma arrazoiengatik, esleipen honen aurrean kontu-hartzaileak adierazi duelako ez dagoela gastu horretarako diru izendapen nahikorik. Beraz, erabakiak ez duela legea betetzen eta aurreko agintaldian halakorik ez zutela onartzen gogorarazi zion koalizioak EAJri. Gobernutik adierazi zuten gastu honetarako kreditu aldaketa bat egingo dutela, eta hurrengo osoko bilkuran dena bideratuta geratuko dela.

Irabaziko Aiert Lizarraldek, berriz, adierazi zuen frontoia estaltzea ez dela agian Boluko bizilagunen behar premiazkoena: "Zenbat jendek eskatu die hor estalpe bat jartzeko? Ziurrenik hamarrek, hogeik... Baina Bolun 2.000 pertsona bizi dira, eta jakin behar dugu 2.000 pertsona horien benetako beharrak zeintzuk diren".

Lizarralderi EAJtik adierazi zioten euren programan jasoa zutela asmo hori eta herritarrek agintean jarri ondotik programa hura betetzea dagokiela.

Atzoko osoko bilkuran, azkenik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunarekin eta Euskararen Egunarekin lotutako mozioak onartu zituzten, eta Iñaki Arregik errenuntzia aurkeztu zuen zinegotzi bezala. Irune Galarragak ordezkatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak