Promoción Cultural Bergaresa osatzen zuen bergarar talde baten ekimenez batetik, eta Bergarako Udalak sustatuta bestetik, egin beharreko izapide guztiak egin zituzten 1976an Bergarako Errege Mintegian UNED-Bergara Ikastetxea jartzeko. Ordutik urte oparo mordoa pasatu da, eta hura abian jartzeko lan egin zutenak omendu gura izan dituzte aurten, hain zuzen ikastetxearen 40. urteurrena ospatzen dabiltzan ikasturtean. Jose Luis Elkoro izan zen sustatzaileetako bat, Bergarako alkatea orduan, eta Manolo Cainzos bestea, egitasmoaren talde eragilearen ordezkaria.
Elkorok azpimarratu du "herritarren arteko indarrak batu" zirelako jarri zela abian UNED Bergaran, eta hala, berreskuratu zela galduta zegoen kulturarekiko tradizioa. Era berean adierazi du: "Guzion indarrak batuta zein indartsua izan daitekeen herri bat eta zein emaitza garrantzitsuak lor ditzakeen".
Promoción Cultural Bergaresako ordezkari Manolo Cainzosek atzera begiratu gura izan du, eta utopia, hau da, unibertsitate ikasketak Errege Seminariora ekartzeko amets hura zelan bihurtu zen errealitate azaldu du xehetasun guztiekin.
Diploma banaketa
Irekiera ekitaldian elkartu diren agintariek, Gipuzkoako diputatu nagusi eta UNED-Bergara Fundazioaren presidente Markel Olanok, Jaurlaritzako sailburua Cristina Uriartek, Bergarako alkate Elena Letek, eta UNED-Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak haren helburu nagusiak gogorarazi dituzte: unibertsitate mailako ikasketak urrutira ematea; eta euskal gizartearen beharrak, interesak eta jakin-nahiak asetzeko ikastaroak ematea. 40 urteko ibilbidearen ondoren bi helburuok gaur egun bizi-bizirik dirautela adierazi dute. Hala, azken ikasturtean, 2015-2016, titulua lortu duten ikasleek diplomak jaso dituzte agintarien eskuetatik eta txalo zaparradek lagun eginda.