"Espero baino jende gehiago" gerturatuta, Bergarako Kilometroekin "oso pozik" daude bultzatzaileak

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 20a, 15:03

Urriaren 2an Bergaran egindako Kilometroak jaiaren balorazioa egin dute gaur antolatzaileek.  55.000 lagun inguru gerturatu ziren Aranzadi ikastola laguntzeko festara, eta hori kontuan izanik, orokorrean oso pozik azaldu dira bultzatzaileak.

Gipuzkoako probintzian Bergarak duen kokapena kontuan izanik, "espero baino jende gehiago" etorri zen Kilometroetara, Aranzadi ikastolako zuzendari Ane Barrusok adierazi duenez. 55.000 mila bisitari izan ziren, eta horiekin, helburua betetzat jo dute Kilometroetako eta ikastolako ordezkariek.

Aurreratu dute jende horrek diru "dezente" utzi zuela zirkuituan zehar. Dena den, datorren urte hasierara arte ez dute jakingo zein den benetako irabazia dirutan, orduan iritsiko baitira fakturak.

Gaineratu dute arropa salmenta "oso ondo" joan dela, eta Gure Zozketako 40.000 boleto saltzearen helburua ere gainditu dutela. Seminarioko eraikinean egindako lanen maileguak ordaintzeko erabiliko du Aranzadi Ikastolak dirua.

Azterketa kuantitatiboaz gain, baina, kualitatiboa ere egin dute, eta atera duten ondorioa da ikastolen aldeko jaiak baduela etorkizuna, Kilometroetako koordinatzaile Mikel Egibarrek azaldu duenez: "urtez urte Kilometroetara joaten den jendeak joaten jarraitzen du, eta horretaz gain, jende gazteak ere ikusten du parte hartzeko beharra".

Era berean, herritik herriarendako egindako jaia izatearen helburu soziala ere erdietsi dutela diote, eta hori urte osoan zehar igarri dela.

Alkoholaren gehiegizko kontsumoak kezkatzen zituen Kilometroetako antolatzaileak, eta adierazi dute gai honekin ez daudela pozik. Dena den, azpimarratu dute aurrez egindako prebentzio lanak  izan duela bere eragina, ez baita koma etilikorik egon.

Eraso sexisten eta bestelako erasoen inguruan ere prebentzio kanpaina bat egin zuten, eta zentzu horretan helburua bete dute, aurten ez baita salaketarik izan.

Bestalde, gaurko agerraldian antolatzaileek egunean bertan zein urte osoan zehar Kilometroen bueltan lanean edo laguntzen ibili diren guztiei eskerrak eman dizkiete.

Era berean, barkamena eskatu nahi izan diete Antzuolatik etorritakoei, garraioarekin izandako arazoagatik. Izan ere, Urretxun trenak bete egin ziren eta jendea autobusetara bideratu zuten, horietako batzuk Antzuolara honezkero beteta iritsi zirelarik.

Dena den, balorazio orokorra oso positiboa izan da, eta horregatik bergararrak zoriondu dituzte. Era berean, zorte ona opatu diete oñatiarrei, datorren urtean han izango baita Gipuzkoako ikastolen jaia.

185 irteera

Ekaitz Aranberri koordinatzaileak aipatu du Aranzadi Ikastolaren komunitatearentzat ez dela izan urte lasaia. "Gipuzkoako herri gehienetan egon gara Aranzadi eta Bergarako ordezkari moduan, 185 irteera egin baititugu gure arropak saltzeko" esan du.

Gainera, adierazi du, Kilometroak 2016i esker, "urte benetan aberasgarria" eskaini ahal izan diela "bergararrei eta ingurukoei". "Herritar guztiek gozatzeko moduko ekimenak antolatu ditugu 2015eko urriaren 4an Usurbilen lekukoa hartu genuenetik" esan du eta zerrendatu egin ditu ekitaldiak. Honako hauek:

  • Azaroak 6: Aurkezpen ekitaldia.
  • Abenduak 30: Demasa Kantuan
  • Otsailak 10: Santa Ageda eskea.
  • Otsailak 28: Kilometroak Txikia.
  • Martxoak 6: Lilatoian parte hartu Donostian.
  • Martxoak 19: Erramu Zapatua. Fan&Go erromeria, idiaren pisua asmatzea, Demasa pizzak herriko pizzeroen eskutik…
  • Apirilak 26-30: Demasa Astea, aniztasuna ardatz.
  • Maiatzak 13-16: Tonbola Pentekosteetan.
  • Maiatzak 15: Txosnaguneko egitaraua jaietako domekan.
  • Maiatzak 20: Kilometroak 2016 Demasa kantuaren aurkezpena.
  • Ekainak 9-12: Garagardo Azoka.
  • Ekainak 12: Herri eragileen eguna+Zirkuituaren aurkezpena.
  • Ekainak 19: Hizkuntza Erreinu obra sinfonikoaren estreinaldia.
  • Uztailak 15: Demasa Kriteriuma.
  • Abuztuak 10: Rreala-Eibar.
  • Abuztuak 31: Bera Bera-Zarautz
  • Irailak 15: San Martinetako danborrada
  • Hamabostaldi kulturala.
  • Irailaren 20tik urriaren 2ra: Kilometroak bidea erakusketa Aroztegi aretoan.
  • Irailaren 15etik urriaren 30era: Juan Gorritiren erakusketa Aranzadi Ikastolan.
  • Irailak 17: World Kafe saioa Aranzadi Ikastolan. Kilometroak bidea hausnarketa prozesuaren baitan.
  • Irailak 19: Eskola kirola hezitzailea? mahai-ingurua Aranzadi Ikastolan.
  • Irailak 20: Inklusioaz formatu txikian antzezlana Aroztegi aretoan.
  • Irailak 24: Garden ikuskizuna Udal Pilotalekuan (Alos Quartet, Eñaut Elorrieta, Aukeran, Oreka TX…).

"Puntako kirol taldeak izan ditugu Bergaran, puntako musikariak, Garagardo Azoka lehen aldiz antolatu dugu erdigunean, frontoia hiru aldiz bete da... Herriak eman diona, Kilometroak 2016 saiatu da itzultzen Bergarari, Debagoienari, Gipuzkoari eta Euskal Herriari. Aisialdi eskaintza paregabea izan da, eta erantzuna ere halakoa" esan du Aranberrik.

Urriaren 2ako egunaren gainera, zera esan du:

"50 ikuskizun edo ekimenetik gora antolatu ziren, eta guztietan euskara izan zen nagusi. Aipatzekoa Doctor Deseoren kontzertua, ahalegin berezia egin baitzuten euskarazko errepertorioa osatzeko Kilometroak 2016ko kontzerturako.

Eta nola ez, 1.500 boluntario guzti hori ondo atera ahal izateko. Antolaketan, muntatze eta desmuntatze lanetan... eurak izan dira protagonista. Hemendik zorionak lan egin duten guztiei, bikain atera zen guztia eta eurak gabe ez litzateke posible izango eta".

Bestetik, Kilometroak 2016 egunean, parte hartu zuten taldeen jarrera "paregabea" izan zela esan du. Asko eta asko, "doan etorri" zirela Bergarara urriaren 2an, "gure proiektuarekin bat eginez". Eta eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei.

Azkenik, eskerrak eman dizkie boluntario lanetan ibili zirenei: "Ezin eskerrak eman gabe laga Bergarara hurbildu ziren milaka herritarrak. Era berean, herri-eragileak, hasierako ekitaldian eta omenaldian parte hartu zutenak. Zirkuitua euren postu edo ekimenekin alaitu zutenak. Baita urtean zehar nola edo hala Kilometroak 2016 lagundu dutenak, lokal bat uzten edo ekarpen txikiak egiten. Eskerrik asko guztien. Denon artean demaseko jaia egin dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak