Kilometroak 2016 urriaren 2an ospatuko da, ohi bezala, urriko lehen igandean, Bergaran. Aranzadi ikastola da aurtengo antolatzailea, hain zuzen ere, bere 45. urteurrenean. "Urte guztiko lanaren ostean, beraz, egun handia ospatuko dugu datorren asteko igandean" adierazi du Ekaitz Aranberri koordinatzaileak.
Antolaketa mailan, azken egunetan buru belarri dabiltza Bergaran, baina "guztia prest" dago Kilometroak 2016 "arrakastatsua" egiteko.
1.500 lagunetik gora lanean
1.500 boluntariotik gora ibiliko dira lanean egun handian. "Bergararrek fin-fin eman dute izena lan egiteko, eta Gipuzkoako gainontzeko herrietatik ere etorriko dira ikastolen jaiari bultzada ematera. Azpimarratzekoa da boluntarioen lana, horrenbeste pertsona proiektu baten inguruan lan egiten ikustea. Auzolan erraldoi bat da Kilometroak, eta haiek gabe, ez litzateke posible izango" esan du Aranberrik.
5 kilometro eta bost gune
Zirkuituari dagokionez, ia 5 km ditu eta oso urbanoa da. Aipagarria da, Aspacerekin egin duten lanari esker, gurpildun aulkian ere egiteko modukoa izango dela. Bestalde, zirkuitu alternatibo bat ere izango da, Bergarako Udalarekin landu dena. Hau, aldapatsuagoa izango da, mendi bidea da, baina Bergara goitik ezagutzeko aukera ematen du.
Hiru sarrera izango ditu zirkuituak. Bi muturretan, Labegaraietan eta Matxiategin, eta beste bat ohiko autobus geltokian.
Guneak, 5 izango dira, herrigunean banatuta: Ikastola, Espoloia, Labegaraieta, Matxiategi eta Azoka. Berezia da Espoloi ondoko Arrizuriaga parkea. Haurrekin egindako parte hartze prozesu baten bitartez, Blai-blai prozesuaren bitartez, haurrek eurek diseinatu dute gunea.
Hainbat zerbitzu eskainiko dituzte zirkuituan zehar. Ohiko txosna eta eskaintzetatik aparte, aurten, Lur-lan baserritar elkarteak bertako baserritarren produktuekin egindako bazkaria emango du Azokako jantokian.
Garraio publikoa..., eta autobusa
Urriaren 2an Bergarara heltzeko, antolatzaileek gomendatzen dute zerbitzu publikoak erabiltzea: lineako edo antolatutako autobusak. Lineako autobus zerbitzuak indartu egingo dituzte egun horretarako. Gomendatzen dute www.pesa.net webgunean ikustea.
Bestalde, AMPO enpresari esker, bizikleta aparkalekuak jarriko dituzte bi muturretako sarreretan, Labegaraietan eta Matxiategin. Beraz, dei egiten dute inguruko herrietakoak bizikletaz etor daitezen Bergarara, bidegorri sarea erabiliz.
Autoz datozenek, berriz, Amillaga aldean izango dute aparkalekua, Bergara iparraldean. Bertako aparkalekuak betetzean, Elgeta bideko Larramendi industrigunera bideratuko dituzte, eta bertatik autobus lanzaderetan jaisteko.
Egitarau "zabal eta osoa"
Kilometroak 2016ko egitaraua, "zabala eta askotarikoa da, egin ahal izan den osoena" esan du Maite Fernandez Ikuskizun batzordeko kideak. "Publiko mota bakoitzak aurkituko du berentzako eskaintza".
Musikak hartzen du egitarauaren alderik handiena, baina, dantzak eta bestelako adierazpen artistikoak eta kirol erakustaldiak ere badaude. Magia, oihal akrobazia, carver sake erakustaldia (Asier Muniain izango da), trialsina… Baita dantzak ere: Aukeran, Tio Teronen semeak, Moises Azpiazu taldea.
Haurren basoa
Umeentzako ekitaldiak ere izango dira, ohi den bezala: puzgarriak, jolasen txokoak, buruhandi eta erraldoiak… "Bi ekimen nabarmendu behar ditugu honi dagokionean: batetik, Irrien Lagunak, klasiko bat, Ane Pirata, Porrotx eta besterekin… Eta, bestetik, aurtengo berritasunetako bat: Haurren basoa, Arrizuriaga parkean (2. gunea)". esan du Fernandezek. Blai-blai prozesua urtean barrena garatzen joan da, eta txikienentzako izango den gune bat diseinatu dute txikienekin batera.
Osterantzean, eta musikari dagokionean, aipagarria da nerabe eta gazteentzako edota ume txikiak dituzten guraso edo familia osoarentzako eskaintzekin batera, guraso helduagoentzako ere hainbat daudela: Sorkun, Anari, Anje Duhalde, Doctor Deseo. "Azpimarratu behar dugu azken honek, erabat euskaraz izango den errepertorioa eskainiko duela" lehen aldiz. Hor berritasuna: Doctor Deseo, zuzenean, erabat euskaraz, Matxiategin (4. gunea). Horiekin batera, gaztetxoentzako, Kilometroak 2016ko Demasa abesti ofiziala egin duen Emon, Ze esatek!!, Skakeitan, Fan & Go, Oihan Vega…
Eta, bestalde, Erronka ere bai. Kilometroak jaiaren "azken asmakizun arrakastatsua". Gipuzkoako 24 ikastoletako ordezkariak lehiatuko dira. Finala, 17:00etan jokatuko da Labegaraietan (3. gunea).
Kilometroak jaiaren helburuen berri eman du Aranzadi Ikastolako zuzendari Ane Barrusok. Bi eratako helburuak izan ditu Aranzadi ikastolak:
Helburu Soziala
Herriarekin, eskualde osoarekin eta Gipuzkoarekin "gizarteari erakustea Ikastolen Elkartea mundiala dela, Aranzadi ikastola mundiala dela. Izan ere, bertan parte hartzen duen jendea mundiala da" esan du.
"Urte honetan zehar eta jaian bertan adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan" esan du.
Alde horretatik, aipatu du urtea oparoa izan dela, 200 boluntario baino gehiago aritu dira antolaketa lanetan. Era guztietako boluntarioak: ibilbidea Aspacerekin egin dute; haurren gunea sortzen gazte talde bat aritu da, bere ekimenez haurrekin batera prozesu parte hartzaile bat aurrera eramaten, non haurren nahiak eta iritziak hartu dituzten kontuan; kultura eragile desberdinek egin dituzte haien ekarpenak… "Beraz, nik esango nuke hasieran planteatutako helburua bete dela" esan du.
Momentu honetan kultura hamabostaldian murgilduta daude Kilometroak 2016n: Garden ikuskizuna izango da larunbatean, inklusibitatearen aldeko antzerkia egin zen asteartean, baita Eskola kirolaren inguruko hitzaldia astelehenean…
Bi erakusketa ere badaude une honetan Bergaran Kilometroak 2016rekin lotura dutenak:
Juan Gorritik Miramar Jauregian izan duen erakusketa ikastolan dago orain, urriaren amaiera arte. Aste barruan irekiko dute, 18:00-20:00 ordutegiarekin.
Kilometroak bidea: Gipuzkoako ikastolek Kilometroak jaiaren inguruko hausnarketa prozesu bat jarri dute abian, sorreratik gaur egungo Kilometroak jaira heltzeko izan duten bidea, "momentu honetan nolako jaia daukagun eta etorkizunean nolakoa nahiko genukeen aztertzen ari gara". Horretarako, hasieran azpibatzorde bat aritu zen hausnarketari hasiera ematen.
Kultura hamabostaldi honen barruan, berriz, Gipuzkoako ikastolak aritu ziren larunbatean World Kafe izeneko dinamikaz hausnarketa egiten eta horrez gain, Aroztegi Aretoan erakusketa jarri dute. Bertan ikusi daiteke egin diren 39 ediziotako materiala.
"Egunari begira, izan dadila berdintasunean, errespetuan, demokrazian eta kooperazioan oinarritutako eguna, urtea izan den moduan" esaten amaitu du Barrusok.
Helburu ekonomikoak
Bestalde, Aranzadi Ikastolako eraikinaren obra ordaintzeko eskatutako maileguak ordaintzen laguntzea izango da Kilometroak 2016n lortzen den dirua.
Prebentzioaren garrantzia
Aitziber Lopez de Aretxaga Kilometroak 2016ko lehendakariak esan du, Kilometroak jaian aspaldian dabiltzala prebentzio lanarekin buru-belarri. "Jai erraldoia da Kilometroak eta jende multzo handia batzen duen jai guztietan bezala, gurean ere eraso sexistak edo kontsumo larregiko arriskutsuak saihesten laguntzeko hainbat prebentzio lan egiten gabiltza urteetan. Bergaran ere bai" adierazi du.
Aurreratu du herriko ostalariekin batera, kanpaina bat abiatu dutela, besteak beste, alkoholdunen banaketa arduratsuaren gaineko eta taberna eta txosna guneetarako eraso sexistei aurre egiteko protokoloa landu dutela. "Protokolo hori presente izango da aurtengo jaian" adierazi du.
Eta, beste behin, gogoratu nahi du Primeran pasa, pasa gabe!, neurrizko kontsumo arduratsua bultzatzeko eta, bestetik, "Jaiak aske bizi eta gozatu esan nahi diegu urriaren 2ko igandean Bergarara helduko diren milaka lagunei". Eta amaitu du esanez: "Denon laguntzarekin esan dezagun, Bergarako Kilometroak jaia Demasa izan dela! Ondo etorriak zarete guztiok, eskuak zabalik hartuko zaituztegu".
"Beste 40 urte"
Nekane Artola, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azpimarratu du aurtengo edizioa "berezia" dela. Izan ere, Gipuzkoako Ikastolen Jaiaren 40. edizioa da Bergarakoa. "39 urte hauetan egindako lanaren emaitza".
Artolak nabarmendu du Aranzadi Ikastolako komunitateari eta bergararrei esan nahi diela "izugarria" dela urte osoan zehar egin duten lana. "Gogorra da egun handi hau aurrera ateratzeko egin behar den ahalegina, baina oztopo guztien gainetik aurtengo Kilometroak egun ederra izatea lortuko dute. Elkarlanaren eta konpromisoaren emaitza" esan du.
Kilometroak honakoa dela esan du: "elkarlana, auzolana, konpromisoa, elkartasuna, parte hartzea, Euskal Herria, aniztasuna, berdintasuna, kultura, euskara.. Hezkuntza komunitate sendo batek ikastolen proiektuari ematen dion babesaren ikur. Eta guretzako hori pozgarria da".
Bukatzeko, gonbidapena luzatu die euskal herritar guztiei urriaren 2an Bergarara hurbildu daitezen, "jaiaz gozatzera. Bergararrek prestatu dutena Demasa izango baita!" esan du.
Lopez de Aretxaga eta Aranberri.
Aplikazioa
Ekaitz Aranberri, Kilometroak 201t6ko koordinatzaileak amaitu du esanez: batetik, azken urteotan bezala, aurten ere Kilometroak jaiak aplikazio berezia izango duela telefono adimendunentzako: egitaraua, zerbitzuak..., era askotako informazioa jasoko dute. Ios eta Android sistementzako.
Azkenik, gogoratu du, Garden ikuskizuna dutela larunbatean Bergarako Udal Pilotalekuan 22:30etik hasita. Alos Quartet, Aukeran dantza konpainia, Oreka TX eta Eñaut Elorrieta Kez Zazpikoa izango dira taula gainean. Beste sorpresa batzuk ere izango dira. "Sarrerak geratzen dira oraindik, asko ez badira ere" esan du. Internetetik eros daitezke www.pikupe.com webgunean, 15 euroren truke.
Egitarau osoa
1. GUNEA: IKASTOLA
- 09:30: Hasiera ekitaldia.
- 10:00: Zirkuitu irekiera.
- 10:00: Erronkaren aurkezpena.
- 10:00-18:30: Puzgarriak.
- 10:30: Moittuai taldearen emanaldia.
- 11:00: Erronkaren lehen proba.
- 12:00: Moises Azpiazu dantza taldearen emanaldia.
- 12:00: Omenaldia eta lekukoa ematea.
- 13:00: Erronkaren bigarren proba.
- 14:00-18:30: Irrien Lagunak.
- 19:00: Itxiera.
2. GUNEA: ESPOLOIA eta ARRIZURIAGA
- 10:00: Oso fan taldearen emanaldia.
- 11:00: Iker Laurobaren emanaldia.
- 11:00: Erronkaren lehen proba.
- 12:00: Burun Danga taldearen emanaldia.
- 12:00: Blai-blai, Haurren basoa.
- 12:00: Oihal akrobazia.
- 12:30: Ipuin kontalaria.
- 13:00: Perlak taldearen emanaldia.
- 13:00: Erronkaren bigarren proba.
- 14:00: Eraul taldearen emanaldia.
- 14:00: Blai-blai, Haurren basoa.
- 14:30: Anariren emanaldia.
- 15:00: Oihal akrobazia.
- 16:00: Joseba B. Lenoir Gang taldearen emanaldia.
- 17:00: Imanol Ituño magoaren Magia parrastan ikuskizuna.
- 17:30: Sorkun-en emanaldia.
- 19:00: Itxiera.
3. GUNEA: LABEGARAIETA
- 10:00: Trialsin erakustaldia: FunBox factory.
- 11:00. Kometa taldearen emanaldia.
- 12:30: Autobus Magikoa taldearen emanaldia.
- 14:00: Emon taldearen emanaldia (Demasa Kilometroak 2016ko abestia zuzenean).
- 14:00: Trialsin erakustaldia: FunBox factory.
- 14:00: Bazkaria Erronkarientzat.
- 15:00: Oihan Vegaren Dj saioa.
- 15:30: Erronkaren errepeska eta finala.
- 17:30: Skakeitan taldearen emanaldia.
- 19:00: Itxiera.
4. GUNEA: MATXIATEGI
- 10:00: Fan & Go taldearen emanaldia.
- 11:00: Erronkaren lehen proba.
- 12:00. Ze esatek!! taldearen emanaldia.
- 12:00: Asier Muniainen carver skate erakustaldia.
- 13:00: Erronkaren bigarren proba.
- 14:00: Doctor Deseo (euskaraz).
- 15:30: Fly Shit taldearen emanaldia.
- 17:00: Azkaiter Trioren emanaldia.
- 19:00: Itxiera.
5. GUNEA: AZOKA
- 10:00: 2zio taldearen emanaldia.
- 11:00: Erronkaren lehen proba.
- 11:00-13:00: Erraldoiak eta Buruhandiak.
- 12:00: Tio Teronen semeak taldearen dantza emanaldia.
- 13:00: Erronkaren bigarren emanaldia.
- 13:00-16:30: Herri bazkaria (Lurlan), 25 euro.
- 13:00-16:30: Herri bazkaria (Frontoian), 15 euro.
- 14:30: Aukeran taldearen dantza emanaldia.
- 15:30: Anje Duhalderen emanaldia.
- 17:00: Oxabi taldearen emanaldia.
- 19:00: Itxiera.