Ume eta gaztetxoendako aisialdi eskaintza oparoa ikasturte berrirako

Oxirondoko, Osintxuko eta Angiozarko ludoteketan hasi dute honezkero ikasturte berria, baita Xabalote gaztelekuan ere. Jardun Euskara Elkarteak kudeatzen ditu zerbitzuok, eta gaurkoan ume eta gazteendako eskaintza aurkeztu dute.

Ludoteka, Xabalote gaztelekua eta udaleku irekiak. Horiek dira Bergarako Udalak ume eta gaztetxoen aisialdirako eskaintzen dituen zerbitzuak, eta Jardun Euskara Elkarteak kudeatzen ditu hirurak. Udaleku irekiak uztailean zehar egin dituzte, eta aurtengoak "oso arrakastatsuak" izan direla nabarmendu du Izaskun Labaien gazteria zinegotziak.

Ludotekei eta gaztelekuari dagokionez, hilabete honetan zabaldu dituzte ateak udako oporren ostean. Hamar hezitzaile arituko dira egoitza desberdinetan lanean.

Ludoteka zerbitzua

Egun, hiru ludoteka daude Bergaran: Oxirondokoa, Osintxukoa eta Angiozarkoa. Orain arte lehenengo biak soilik kudeatzen zituen Jardunek, baina aurten Angiozarkoa ere beraien esku geratuko da, Udalak ludoteka horren kudeaketa lehiaketa publikora aurkeztu eta gero. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutilei ematen diete zerbitzua Bergarako ludotekek.

Ludotekan izena emateko 60 euroko urteko kuota ordaindu behar da. Dena den, irailean zehar "proba egiteko" aukera izango dela azaldu du Nagore Narbaiza udaleko teknikariak: "hala, neska-mutikoek ikusi ahal izango dute ea gustatzen zaien eta apuntatu edo ez erabaki". Izena emateko paperak ludotekan bertan banatuko dituzte.

Gaztelekua

Xabalote gaztelekua, berriz, Zabalotegi auzoan kokatuta dago, eta 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen doaneko zerbitzua da.

Urtean zehar denetariko ekintzak antolatzen dituzte. "Sukaldaritzak, esaterako, arrakasta handia izaten du", azaldu du Saioa Garitanok, Jardun Euskara Elkarteko aisialdirako koordinatzaileak. Ekintza horiek antolatzeko herriko elkarteekin elkarlanean aritzen direla gaineratu du. Bestalde, irteerak ere egiten dituzte: eskiatzera, aquaparkera...

Euskara, ludikotasuna eta partehartzea

Aisialdirako aukerak eskaintzeaz gain, Jardunek kudeatutako gune horietan zenbait oinarri edo balore mantentzen dituztela azaldu du Garitanok. Hala, oinarri eta konpromiso nagusietako bat euskarari garrantzia ematea eta hizkuntza horren erabilera sustatzea da.

Bestalde, ludikotasuna aipatu du Jarduneko arduradunak. Eskolaz kanpo neska mutikoen gustukoak diren ekintzak eramaten dituzte aurrera.

Hirugarren zutabe nagusia, berriz, ume eta gaztetxoen parte hartzea da. Ludoteken kasuan umeekin hitz egiten dute eta beraien eskaeretara moldatzen saiatzen dira, Garitanoren esanetan. Xabalote gaztelekuan ere asanbladak egiten dituzte, gazteen eskaera eta proposamenak jasotzeko. "Eskaerok aztertu eta ditugun baliabideekin ahal den neurrian aurrera eramaten saiatzen gara", dio koordinatzaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.