Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren kontrakoekin onartutakoarekin eta egubakoitzean UNED patronatuak egingo duen bileran akordioa sinatuta, aurreko agintaldiko hitzarmena bertan behera utzi eta Arrizuriaga jauregia Udalaren eskuetara itzuliko da eta UNED Seminarioan geratuko; pozgarria, Gobernuarentzat: "UNEDek jarraitzen du bere egoitzan, horrela nahi zuelako, besteak beste; eta, gainera, geratzen da herriaren erdialdean, eta horrek bizipoza ekarriko dio alde zaharrari", zioen alkateak.
Baina, horrez gain, Elena Letek nabarmendu zuen Diputaziotik iritsiko den dirua: "Permuta horretaz gain, aipagarriena da Diputazioak emandako diru-laguntza berezi bat jaso dugula, 1.107.000 eurokoa, ekipamendurako eta obrarako, orain arte ez geneukana".
EH Bilduk zioen diru-laguntza hori "operazioa txukuntzeko" emango diola Diputazioak Udalari; baita bere garaian Arrizuriagara joatea UNEDek berak eskatu zuela ere. Koalizioarentzat, oraingo erabakia galera handia da herriarentzat: "2.800 metro koadro txikiagoa da Arrizuriaga; balioari dagokionez, Arrizuriagak milioi bat euro gutxiago balio du Seminarioak baino; eta, gainera, eraikinaren egoera askoz okerragoa da Arrizuriagarena Errege Seminarioarena baino", zioen Agurne Barrusok, eta gehitu gauza askotarako aukera galdu dela Seminarioari muzin eginda: "Kultur sormenerako gune bat egotekoa; liburutegi handi bat edukitzekoa –UNEDek dagoeneko badu eta has gintezkeen hori erabiltzen–; kultur taldeek eskatutako beste eremu bat ere posible zen permutarekin, eta gaur egun ez da posible".
EH Bilduk adierazi zuen alderdi eta eragileen artean adostasun handia zegoela permutarekiko, EAJ izan dela historikoki begi onez ikusten ez zuen bakarra, eta PSE-EEri galdetu zion zergatik aldatu duen orain iritziz. Horrela erantzun zuen Mari Carmen Barrenetxeak: “Juanjo Alvarezekin hitz egin izan dugu; permutarekiko interes handiena zuena zen. Zortzi urte pasa dira; gauzak utziago daude, eta Juanjo Alvarezek esan zigun behin eta berriz dagoeneko ez zuela merezi, hobe zela UNED Seminarioan geratzea, ez zuela merezi hara aldatzea, obra egin beharra hemen eta obra egin beharra han”.
Irabaziko Aiert Lizarraldek, berriz, iragarri zuen Udalak bere gain hartutako azpiegiturok "itxi" egin beharko dituela eta inbertsioa "alferrikakoa" suertatuko dela, mantenu kostuengatik: "Momentu honetan, agian, mantendu ditzake, baina ulertu behar dugu 2008tik hona errealitatea aldatu egin dela mundu mailan, eta gora baino behera goazela; gaur egun ematen ari garen zerbitzu hauek mantentzea zailagoa izango da".
Irabazik eta EH Bilduk salatu zuten eurek eskatu bezala gai hau eztabaidatzeko foro bat sortu ez izana Gobernuak; Gobernuak, berriz, erantzun, emandako pausoen gaineko informazioa helarazi diela gainerako alderdiei.