Urretxindorrak taldea omenduko dute uztailaren 9an Udal pilotalekuan

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko eka. 21a, 15:05

Aurten 50 urte bete dira Bergarako Urretxindorrak musika talde mitikoak lehen kantaldia egin zuenetik. Hori gogora ekartzeko eta taldeak egindako lana errekonozitzeko, uztailaren 7an, 8an eta 9an hainbat ekintza egingo dituzte herrian.

Euskara berpizteko helburuarekin, 1966. urtean egin zuen lehen kantaldia Bergarako Urretxindorrak musika taldeak. Aurten 50 urte bete dira Julio Unamunok, Gotzon Bikuñak, Juan Mari Narbaezek eta orain dela 10 urte zendu zen Raul Calvok taldea osatu zutela, eta orduan egindako lana errekonozitu eta omenaldia egingo diote taldeari herrian.

Izan ere, oztopoak oztopo, euskal kultura eta folklorearen loraldi sasoi hartan, taldeak paper garrantzitsua bete zuen, Frankismo garaiko zentsurari aurre eginaz. Horixe azaldu du Urretxindorren Lagunak taldeko Inazio Narbaizak, eta gogora ekarri ditu izan zituzten zailtasunak.

Hala ere, eguerdian egindako aurkezpenean gaineratu dute sekulako arrakasta lortu zuela taldeak, eta herrian omenaldi bat merezi dutela. Hori aurrera eramateko, Urretxindorren Lagunak izeneko lagun talde bat elkartu dira.

Taldearen kantuak kalera eramango dituzte eta hainbat ospakizun prestatu dituzte uztailaren 7rako, 8rako eta 9rako Urretxindorren Lagunak taldetik. Udalaren babesa ere jaso dute, gainera.

Ekitaldi herrikoiak

Oso ekitaldi herrikoiak egitea eta jendeak parte hartzea nahi dutela azaldu du Urretxindorren Lagunak taldeko Maite Ariztegik. Uztailaren 7an hasiko dira pintxo potearekin; tabernetan mural batzuk jarriko dituzte euren historia eta memoria gogoratzeko, eta baita argazkiak ere. Liburuxkak ere izango dira tabernetan, euren abestien letrekin.

Uztailaren 8an kantu-jira bat antolatu dute San Martin plazatik hasita eta Irala kalean bukatuko dute. Han taldeek eta nahi duten guztiek Urretxindorren kantuak jotzeko eta abesteko aukera izango dute.

Eta uztailaren 9an izango da omenaldia 19:30ean hasita Udal pilotalekuan. Bertan herriko hainbat kantari taldek parte hartuko dute, baita dantzari taldeak ere eta eurak ere kantuan entzuteko aukera izango da. Ondoren, afari herrikoia egingo dute Seminarioko karpan.

Honako hauek hartuko dute parte jaialdian: Urretxindorrak, Bergarako Bertso Eskola, Koru Parrokiala, San Joxepe Abesbatza, Bergarako Orfeoia, Aritzeta Abesbatza, Alai Taldea, Bergarako Musika Eskola, Musiraka Dantza Taldea, Eneko Galdos eta Manex Alberdik Edu Muruamendiarazek egindako koreografia bat dantzatuko dute, Camden town eta Ikastola Aranzadiren umeen Koru bat.

Omenaldirako sarrerak ekainaren 22a goizetik online erosi ahal izango dira Kutxako edota Pikupeko webguneetan eta Pikupeko bulegoan ere erosi ahal izango dira datorren astetik aurrera, 5 euroan. Afarirako datorren astetik aurrera eskuratu ahal izango dira tiketak, Pol-Pol tabernan, 15 euroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak