Bilkuraren hasieran, Elena Lete alkateak azaldu zuen bost edukiontzien bidezko sistemaren lehen astean, arazoren bat tarteko izan arren, datuak "onak" direla.
Horren ostean, beste jakinarazpen bat egin zuen alkateak. Esan zuen Seminarioko erabilera anitzeko aretoari lotuta, Gipuzkoako diputazioak ekipamendu kulturaletan erabiltzeko dirulaguntza eman duela.
Horren harira, oposizioak gardentasun falta leporatu zion Udal gobernuari. EH Bildutik esan zuten diputazioak sare sozialen bidez zabaldu zuela berria, eta ondorioz, Udal gobernuak bere burua horretara behartuta ikusi duenean bakarrik eman duela gai horri buruzko informazioa. Irabazi alderdia ere bat etorri zen EH Bilduk azaldutakoarekin.
Bere aldetik, alkateak adierazi zuen gardentasunez lan egin dutela, eta nabarmendu zuen azkenengo tokiko gobernu batzarrean eman zuela diru laguntzaren berri, baina oposizioko kiderik ez zela izan bertan.
Bestalde, beste behin ere bidegorriaren proiektuaren inguruko eztabaida atera zen bilkuran.
Mozioen onarpena
Atzoko plenora lau mozio eraman zituzten, bata Candyko enpresa batzordeak aurkeztua, eta beste hirurak, berriz, Irabazi taldeak. Udalbatzak aho batez onartu zuten enpresa italiarrak Candy lantegiaren lurren birkalifikazioa galeraztea, bertatik etekinik ezin atera ahal izateko.
Irabazik aurkeztutako mozioei dagokienez, lehenengoa kontratazio eta erosketa publiko berdearen ingurukoa izan zen. Udalbatzak aho batez onartu zuten, eta hala, aurrerantzean Udaleko kontratazio eta erosketetan ingurumenarekiko konpromisoa kontuan izatea onartu zuten.
Bestalde, TTIP moduan ezagun den atlantikoan zeharreko merkataritza itunaren aurkako mozioa ere onartu zuen udalbatzak, Irabaziren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSEren abstentzioekin.
Memoria historikoa berreskuratzeko mozioa izan zen onartzen azkena. Horretarako, baina, desadostasun batzuk tarteko, etenalditxo bat egin zuten akordio batera heltzeko. Azkenean, moldatutako proposamena aho batez onartu zuten.
Aiert Lizarralde, Irabaziko zinegotzia, "oso pozik" azaldu zen bilkuraren amaieran.