Orain Rezustak moduan, Etxanizek finalera iritsi zenean bi urte pasa zeramatzan profesionaletan: "Sasoi hartan atzelariek pisu handia izaten zuten partiduetan, eurek gidatzen zuten jokoa, eta Zezeaga oso ondo zebilen. Aurrerago izan ginen beste final batzuetan, baina ez genuen txapelik jantzi".
Txapelekin obsesionatu barik
Hogeita hiru urte eta gero bada garaia txapela ostera ere Bergarara ekartzeko; horren gainean galdetuta, Etxanizek garbi du: "Denek ematen diote garrantzia txapelari, baina ez pentsa, pilotari baten ibilbidea ez nuke mugatuko lortutako txapel kopurura, urte osoan egindako lana hartzen dut nik kontutan. Eta, uste dut Beñat dagoeneko pozik egoteko moduan egon daitekeela. Ikusi bestela zelako ibilbidea daraman, promozio kategoriako eskuz binakoa eta buruz burukoak irabazi ditu, eta lehenengo mailan dagoeneko final batean da, txapelketa oso ona eginda. Baina bai, behin finalera iritsita, denek gura dute txapela irabaztea".
Pelota eskolako gaztetxoak, aste barruan, Bergarako pilotalekuan.
Sasoi hartan Etxanizekin batera historia egin zuen Jose Mari Zezeagaren seme Josuk aste berezia izan du. Gazte bergararrak amateur mailan debuta egin du aste barruan –garaipenaz–, aitaren pausoei jarraika: "Askotan esan ohi dit aitak ze zaila den halako txapelketa bateko finalera iristea. Beñatek lortu du, ez da izango erraza finala irabaztea, denok ezagutzen dugulako Aimar, eta Urruti ere bikain dabilelako, baina zorte apur batekin Irujok eta Rezustak ere aukerak izango dituzte finala irabazteko. Gainera, Beñatendako bai, baina txapela irabaztea polita izango litzateke bergararrendako ere".
Finala Madrildik jarraitu behar
Eneko Muguruzak behin baino gehiagotan neurtu ditu herriko frontoian indarrak Rezustarekin, eta Bilbotik beharrean, Madrildik jarraituko du partidua: "Aspaldi egin genuen Real Madrilen eta Eibarren arteko partidua ikustera joateko plana, eta finala parean tokatu da. Pena hori dut, baina ordenagailua eramango dugu Madrilera, partidua nonbaiten jarraitu ahal izateko", dio.
Amateur mailako pilotaria, Muguruza aspaldi jabetu zen ez zela profesionaletara iritsiko, baina oraindik ere begirada pizten zaio halako final bat jokatzeko aukera aipatuta: "Kristorena izango litzateke. Ez finala jokatzea bakarrik, baita profesionaletara iristea ere. Baina guk amets hori baztertuta daukagu, eta Beñatek goza dezala finalaz".
Partidu garrantzitsuetan Beñaten ondoan botillero moduan egotea zer den ondo daki kuadrillako Mikel Gallastegik. Oraingoan, baina, botilleroaren aulkitik beharrean harmailetatik sufrituko du: "Gozatu eta sufritu, dena egingo dugu. Baina egun handia izango da, gaztetatik gurekin egon den pilotaria horrelako final batean ikustea, eta Bergarako pilota eskolarendako ere oso positiboa da".
Finala galdu ala irabazi, Beñat Rezustak garbi du zapatuan izango duela zer ospatu: "Halakoak ez dira egunero bizi izaten, gauza handia da final bat jokatzea, eta gertatzen dena gertatzen dela lagunekin ospatuko dut. Eurak bazkal ordutik hasiko dira parrandan, eta gu afal ordurako batuko gara", adierazi du.
Galdu ala irabazi, Rezustari inork ez dio kenduko Reyes Azkoitiaren besarkada beroa: "Herriko pilota eskolatik irtendako mutil bat isil-isilik horren gorenera iritsi dela ikusteak izugarri pozten nau. Joka dezatela dakitena, hala egiten badute izango dute irabazteko aukera, ez izan inongo zalantzarik".