Seguru zapatuan Beñat Rezustak herrikide askoren babesa izango duela Bilboko Bizkaia pilotalekuko harmailetan. Baina, herrian geratzen denak ere izango du partidua giro onean jarraitzeko aukera, pilotalekuan pantaila erraldoia jarriko dute-eta.
Sarrera doakoa izango da, baina pilotalekuko gehienezko edukiera zaindu gura du Udalak, eta sarrera horiek Agorrosinen jaso beharko dira eguaztenetik hasita. Hala, finalaren egunerako ere gordeko dituzte sarrera batzuk, frontoiko atean bertan banatzeko. Udal pilotalekuko leihatila 17:00etan zabalduko dute, eta ordu erdi geroago zabalduko dituzte pilotalekuko ateak (17:30).
Finalean, Rezustak eta Irujok Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra jokatuko dute. Eta, Udalak dei egin gura die herritarrei, finala pilotalekuan bertan jarraitzeko.