Miguel Altuna Institutuaren azpiegitura berriak 10.000 metro koadroko azalera hartuko du; bi eraikin egingo dituzte, elkarri lotuta egongo direnak; Ferrovial Agroman enpresak eraikiko ditu 7.000.000 euro pasako aurrekontuarekin eta aurreikuspena da hogei hilabetean bukatuko dutela guztia.
Bi eraikin berri
Hain justu ere, eraikinotako bat tailerretarako erabiliko dute, eta bestea, berriz, ikasgeletarako eta oro har, administrazioarekin lotutako zerbitzuetarako.
Aspalditik datorren egitasmoa
Arrazoi batengatik edo bestearengatik, urtetako atzerapena eta hainbat aldaketa izan ditu egitasmoak, Josune Irazabalek, Bergarako institutuko zuzendariak, esplikatutako moduan: "Ordua zen, 10 urte baino gehiago darama proiektu honek, 2001ean hasi ginen proiektuarekin, gauza bat zela eta beste bat zela atzeratu egin da eta azkenean esan dezakegu martxan dagoela".
Azpiegitura berriak eraikitzeko arrazoiak dira, berriz, txiki eta zaharkituta geratu dela Lanbide Heziketako zentroak Bergarako erdigunean erabiltzen dituen instalazioak: "Bi alderdi dauzkagu: batetik, jende gehiago daukagu orain, eta horrez gain, oso zaharkituta dago ikastetxea, igogailurik ere ez dauka eta beste gauza batzuk ere falta ditu".
Erreferente, Lanbide Heziketan
Ikasle asko erakartzen ditu Miguel Altuna zentroak, Lanbide Heziketan eskaintza zabala du-eta. Eskaintza zabalaz gainera, aipatzeko modukoa da baita ere Bergarako zentroak duen ibilbide luze eta oparoa. Adierazgarria da, esaterako, Miguel Altuna izena hartuta, joan den mende hasieratik eskaintzen duela Lanbide Heziketa.