Industria sektoreak espezializazio handiko eta langile kualifikatuak nahi ditu, eta asmo hori gauzatzeko tresna gisa dute Lanbide Heziketa Duala. Migel Altuna institutuan 2002-2003 promozioan hasi ziren sistema honekin, eta gaurko saioan, aurten izan daitezkeen balizko hautagaiei azalpenak eman dizkiete.
Onintza Langaran ikasleak bere esperientzia kontatu du gaurko saioan, eta adierazi du oso pozik dagoela LH Dualarekin. Administrazio eta finantza goi mailako ikasketak egiten ari zela, dual sistemarekin hasi zen, hau da; goizez klaseak eta arratsaldez lana egiten zuen. Haren esanetan, "oso gogorra da, batez ere azterketak garaian, baina enpresaren funtzionamenduaz… gehiago ikasten da eta enpresan geratzeko aukera gehiago ematen du horrek". Izan ere, praktika normalak egiten dituen ikaslea hiru hilabetez dago enpresa ezagutzen eta Dual sistemarekin, berriz, urte osoa.
Ikasleen zalantza nagusia
Ikasleen ikuspegitik, zalantza handiena izan da ikasketak eta lana aldi berean egitea posible den ala ez jakitea. Honen aurrean, Oscar Sevillano Ekide enpresako gerenteak etorkizuneko heziketa modua dela azaldu du, eta kontutan hartzen dutela ikasleen egoera: "Hiru hilabetetan ez da posible ganoraz ikastea, aldiz, urtebetean pertsonaren jarrera, lan egiteko disponibilitatea, autonomia, lan egiteko gai den edo ez… jakin daiteke".
Balorazio positiboa
Alberto Larrea Migel Altuna institutoko irakasle eta Lanbide Heziketa Dualeko koordinatzaileak jardunaldia ezinhobea izan dela adierazi du: "85 ikasle inguru etorri dira gaurko jardunaldietara, eta bost edo sei enpresa interesatu ere etorri dira".