Anjel Oiarbiderekin berriketaldia egiteko gonbidapena egin zuen Bergarako Gure Esku Dago taldeak, eta hainbat herritarrek onartu dute gonbidapen hori; horrela, jende asko batu da udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaleak ordu bete inguruko hitzaldia egin du. Kataluniako eta Eskoziako prozesuen aipamena egin du, eta Gure Esku Dagoko kideek Eskoziako eragile independentistekin izandako hartu-emana azaldu du eta handik elkarrengandik ikasi zutena. Gero, Goierrin herri galdeketa egiteko prozesua zertan dagoen kontatu du. Hain zuzen, "prozesu bat diseinatuta" dagoela esan du, "prozesu parte-hartzailea hasieratik bukaera arte", eta ekainaren 19a du jomuga gisa. Momentu honetan, komisio bat sortzen dabiltza eta bertako kideak aukeratzen, eta haren lana honakoa izango da: "Asmoa da goierritarrak ez izatea ikusle soilak, baizik eta Goierrin eztabaidagune zabal bat irekitzea, eta lanketa egitea: ze galdera, ze balio, ze mami… horiek guztiak ateratzeko, eta hori guztia komisio horren gainean jartzea".
Galdera, zehazki, apirilerako aurkeztea da asmoa, eta "kanpaina baten bete-betean sartzea", esan du Oiarbidek.
Debagoienean ere, laster
Debagoieneko egoera nola ikusten duen galdetuta, eta antzeko galdeketa bat egiteko moduan ote dagoen galdetuta, honakoa esan du: "Ez dut dudarik egiten; ikusi besterik ez dago jendearen borondatea eta jarrera".
Bergarako Gure Esku Dagoko ordezkariek ere uste dute Debagoienean "laster" egin ahal izango dela herri galdeketa, baina horretara ailegatu aurretik "lan handia" dagoela; izan ere, horretarako, aurretik, ahalik eta jende gehiena batu behar da ekimenera. Lehenengo pausoa emanda dago; hala, gaurko batzarrean boluntario izateko izen emate orriak banatu dituzte.