Herriko hainbat arlotan landutako euskararen aldeko ekimenak ezagutu dituzte Bergaran

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 4a, 12:33

Herritar askok hartu zuen parte atzo Jardun Euskara Elkarteak eta Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako Pintxo baten bueltan ekimenarekin. Udaletxeko pleno aretoan Bergarako hainbat esparrutan bideratzen ari diren euskararen inguruko esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten, pintxoekin eta edatekoekin lagunduta.

Lau arlo desberdinetan garatutako esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, zuzenean protagonisten eskutik.Hitzordu arrakastatsua izan zen, 90 pertsona inguruk hartu baitzuten parte bertan.

Arlo horietako bat lan-mundua izan da, eta Soraluce eta Erreka enpresetan garatutako euskara planak azaldu dituzte lantegi horietako ordezkariek. Soraluceko Joxe Muniategik, esaterako, nabarmendu du egunerokotasunean euskara erabiltzen duten pertsonak sarritan ez daudela ohituta hizkuntza hori lan kontuetarako erabiltzen. Eurek, baina, erabilera hori sustatzeko plan bat jarri dute martxan. Muniategik adierazi du prozesua ez dela azkarra izan, baina aurrerapenak egiten dihardutela, azken urteotan batez ere, oraingo jende gaztea euskaraz idatzi eta irakurtzera ohituta dagoelako.

Bestalde, Bergara Kirol Elkarteko futbol sailaren esperientzia ezagutzeko aukera ere izan zen atzo, Manu Diaz eta Josu Elortza zuzendaritzako kideen eskutik. Klubak eta Bergarako Udalak futboleko harrobian euskararen erabilera bultzatzeko elkarlanean burutzen diharduten langintza azaldu zuten beraiek.

Atzo jorratutako beste puntu bat, berriz, Idazlaguna programa izan zen. Herriko komertzioetan kartelak eta iragarkiak euskaraz eta zuzen idatzita egon daitezen, hainbat herritar boluntario dendariei laguntzen ari dira.

Azkenik, Justizia arloko ordezkariak ere izan ziren atzo Udaletxean. Ana Mozos abokatuak Bergarako Epaitegian martxan dagoen Auzia euskaraz ekimenak zertan datzan azaldu du: "hemen, Bergaran, plan pilotu bat dago; zortzi bat abokatu gara, prokuradore bat, epaile bat, hainbat langile... Gure helburua da prozesu oso bat euskaraz egitea, itzultzailerik gabe".

Lanean jarraitu beharra

Aurten 25 urte bete dituen Jardun Euskara Elkarteko presidente Peio Andrinuak azaldu du euskararen sustapenean aurrerapen asko egin direla, baina nabarmendu du oraindik ere lanean jarraitu beharra dagoela: "poliki-poliki bagoaz aurrerapenak egiten, baina beti diogu oraindik asko falta dala; garrantzitsuena euskaldun garenok erabiltzea da". "Urtean behin komeni da Euskararen Eguna ospatzea, baina urte osoan zehar komeni da euskaraz aritzea", dio Andrinuak. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak