Nekea, kezka eta haserrea, baina amorerik ez emateko konpromisoa. Horixe da Candyko langileek atzo, eguena, Bergarako San Martin plazan egindako agerraldi jendetsuan helarazi zuten mezua. Duela urtebete Bergarako lantegia itxi eta produkzioa Txinara eraman zenean, hasieran erakundeen konpromisoa izango zutela pentsa arren, babes falta sentitu eta salatu dute: "Prentsatik jakin dugu industriarako milioi pila bat erabiliko direla, baina proiektu honentzako ez dagoela dirurik. Iraingarria da. Deslokalizazio injustu batek kaleratzen gaitu, egoera larrian gaude, gutariko asko langabezia prestaziorik gabe. Orain bigarren kolpea Jaurlaritzatik datorkigu", adierazi zuen Jesus Marquez langileak.
Urbanext-en bideragarritasun falta zalantzan jartzen
Azken hamar hilabeteotako berrindustrializazio prozesuaren barruan sortu diren aukeren artean, langileek Urbanext enpresaren aukera aurrera atera nahian ibili dira langileak "buru-belarri". Frantziako enpresak material birziklatuarekin hiri altzarien fabrikazioan egiten du lan; Bergarako lantokian hiri altzariak tetrapack birziklatuekin egiteko nahia agertu du, 180.000 euroko inbertsioarekin 61 langile kontratatuta.
Langileen oniritzia zuen proiektuak baina atzoko agerraldian salatu zutenez, "hasieratik" ez zaio gustatu Jaurlaritzari: "Lehen egunetik ez zaio gustatu proiektu hau Eusko Jaurlaritzari, nahiz eta inoiz ez zaigun bideragarritasun falta duenik esan. Batera eta bestera ibili gaituzte, bai guri eta baita Urbanext enpresari, dokumentazioa, informazioa eta aldaketak eskatuz. Nola esan dezakete orain ez dela bideragarria Urbanext enpresarekin datu bat bera ere kontrastatu gabe?", galdegin zuen Marquezek.
"Non geratzen da erakundeen konpromisoa?"
Langileek uste dute ez dela azterketa nahikorik egin proiektu horren bideragarritasun eza ondorioztatzeko, eta honako hau gaineratzen dute: "Argi dago Jaurlaritzak ez duela behar besteko bultzadarik eman. Lehen egunetik borroka alderdikoia soberan izan da eta erakundeen bultzada faltatu da. Non geratzen da orain Candyko langileekin instituzioek hartutako konpromisoa?".