Azken honek, eta abenduaren 20ko Espainiako Gorteetara EAJk Gipuzkoatik Kongresura eta Senatura aurkeztuko dituen zerrendaburuek, Maria Eugenia Iparragire (Senatura) eta Joseba Agirretxea (Kongresura) hartu dute hitza ekitaldian, Mikel Lete Bergarako Uri Buru Batzarreko ordezkariaren aurkezpenaren ostean. Bergarako batzokiko areto nagusia goraino bete da.
Hiru hizlariek azpimarratu dituzte abenduaren 20ko hauteskundeen eta Madrilen "erabakiak hartzen diren edozein tokitan" egotearen garrantzia.
AHTko Bergarako lotunea
Maria Eugenia Iparragirrek adibide moduan jarri du EAJk Madrilen egindako lana Euskal Y-ari bultzada emateko, eta Bergarako lotunea eta, oro har, tren azkarraren Atlantikoko ardatza aipatu ditu. "Udal eta foru hauteskundeak oso inportanteak izan diren bezala, Madrilekoak ere inportanteak dira, erabakiak hartzen diren tokian egon behar delako eta, horretarako, talde indartsua behar delako" esan du. Izan ere, esan du kontua ez dela zeinek irabaziko dituen hauteskundeak, "Raxoik ala Sanchezek", baizik eta zeinek defendituko dituen ondoen hemengo interesak: "Euskadi da guretako lehentasuna eta Madrilen defendatuko ditugu Euskadiren interesak" esanez amaitu du.
Herria ulertzeko modu ezberdinak
Joseba Agirretxeak adierazi du EAJk nahiko lukeela erabakiak Euskadin bakarrik hartu ahal izango balira, baina "zoritxarrez, oraindik Madrilen" hartzen direla eta, horregatik, han egon beharra dagoela esan du. Hala, 1977an EAJk Madrileko Kongresuan parte hartu behar zela erabaki zuenean ere asmatu zuela nabarmendu du.
Segidan, EAJk Herria ulertzeko modu ezberdina daukala esan du, "beste batzuek inoiz egingo ez dutena", eta EAJk sei elementuren arabera ulertzen duela Herria esan du: "Herria maitatu, ulertu, errespetatu, lehenetsi, konfiantza eman eta haren aldeko apustu egin behar da" azpimarratu du. Amaitu du esanez Euskadira Madriletik ekarri direnak "EAJri esker" izan dela.
Debagoieneko argazki berria
Joseba Egibarrek itxi du ekitaldia. Hasi du hitzaldia gogora ekarriz ikus-entzuleen aurrean dagoela Debagoieneko "argazki berria" —han ziren Jose Ramon Zubizarreta, Maria Ubarretxena, Juanje Alberdi eta Unai Elkoro, hurrenez hurren, Eskoriatzako, Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako alkateak—, eta maiatzeko Udal eta foru hauteskundeetan lurraldean eta eskualdean izandako emaitzak haiei esker, azken zortzi urteetako "lan eta estrategiari esker", lortu direla gogoratu du.
Madrilera, "gureak ez diren erakundeetara", nazioa eta eskubideak defenditzera joango direla esan du, "Euskadiren etorkizunaren zati bat jokoan" delako. Eta adibide moduan ipini du Kontzertu Ekonomikoa, berezitasun edo "pekuliaritatea" baino gehiago "eskubidea" dela esanez.
Amaitu du esanez, EAJ alderdi fidagarria dela, arazok daudenean aitortzen dakiena. Horregatik, "inoiz ez dugu inor engainatuko" gehitu du.
"Gora Euskadi askatuta!" oihukatuz amaitu dituzte hitzaldia hiruek eta, amaieran, Gora ta gora Euskal Autonomia Erkidegoko ereserkia abestu dute batutako guztiek batera.