Martxan da Bergaran ezagutzaren aldeko apostua

Maialen Torres 2015ko ira. 26a, 12:00

Azkenean iritsi da bergarar askok urte luzez itxarondako eguna: inauguratu dute dagoeneko Laboratorium museoa. Atzo egin zuten irekiera ekitaldi ofiziala, eta bertan izan ziren zientzia eta hezkuntza arloetako adituak, herriko eta eskualdeko eragileak eta hainbat ordezkari politiko ere.

Museoari irekiera ofiziala emateko, gonbidatu berezientzako bisita gidatua eskaini zuten museoaren arduradunek, eta bertan ezagutu ahal izan zituzten, lehen aldiz, erakusketa berriaren txoko interesgarrienak. Ondoren, aurreskua egin zieten gonbidatuei eta horren ostean ekin zioten irekiera ekitaldiari.

Horretarako bereziki jarritako karpa batean, eta ekitaldira gerturatu ziren 200 gonbidatu baino gehiagoren aurrean, Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako ondare zuzendariak, Juan Jesus Alberdi Bergarko alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak hartu zuten hitza. Besteak beste, nabarmendu zuten, museoa ondare zientifiko ikusgarriaren bilgune izateaz gain, Ilustrazio garaiko balioen erakusle ere badela. Garai hartan ezagutzaren alde egindako apustua gaur egun ere beharrezkoa dela azaldu zuen Alberdik, eta Olanok gaineratu zuen, museoak Foru Aldundia bidelagun izango duela hasi berri duen bidean.

Erakusketa

Laboratorium museoko erakusketa iraunkorrak Errege Seminarioaren historia eta garai hartako bilduma zientifikoa osatzen duten pieza originalak biltzen ditu, hiru garai ezberdinetan banatuta. Batetik, zientzia modernoaren hastapenetan –Ilustrazio garaian– kokatzen da Errege Seminarioaren sorrera eta azaltzen da haren garrantzia, besteak beste, wolframaren aurkikuntza aipatuz. Bestetik, XIX. mendean zientziak eta fisikak industrializazioan izandako garrantzia ere azaltzen da hurrengo espazioan. Azken espazioan, berriz, zientzia naturala da protagonista.

Ikus-entzunezkoek eta pantaila interaktiboek garrantzia berezia dute erakusketan zehar. Nabarmentzekoa da, besteak beste, taula periodikoa joko bihurtuz gazteenentzako eskuragarri bihurtzen duena. Errege Seminarioko piezak eta teknologia berriak konbinatuz, beraz, 250 urteko bidaia eskaintzen zaio bisitariari, berrikuntzak historian zehar gauzak nola aldatu dituen ikusiz.

Lanean aritu direnei, eskerrak

XVIII. eta XIX. mendeetako zientzialariek Bergaran utzitako ondarera Errekalde jauregian erakusgai jartzea ez da lan erraza izan. 1981ean erabaki zuten museoa egitea eta geroztik teknikariak, zientzialariak eta Udal langileak izan dira proiektuari jarraipena eman diotenak. Urteetako lanaren ondoren, ordea, lortu dute museoa jendeari irekitzea, eta horregatik, atzoko ekitaldian hitza hartu zuten guztiek eskerrak eman nahi izan zizkieten museoaren ideia errealitate bihurtzen lagundu duten guztiei.

'Mozkorra Parregarri'

Ekitaldiaren amaieran, eta Bergarak museoarekin duen loturaren erakusle gisa, Mozkorra Parregarri operaren zati bat antzeztu zuten gerturatu ziren gonbidatuentzat.

Erlazionatuak

Laboratorium museoa inauguratu dute

Maialen Torres 2015 ira 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak