Elkororen eta Elkorogatik egindako lana ispilu, batasun aldarria Bergarako plazan

Julen Iriondo 2015ko ira. 4a, 23:11

Ehundaka lagun batu dira Jose Luis Elkororen erabateko askatasuna ospatzeko egindako ekitaldian. Mariano Ferrer, Juanjo Alvarez, Pablo Gorostiaga, Victoriano Gallastegi... hainbat hizlari izan dira bertan, eta guztein berbaldiek jaso duten osagaia izan da batasunerako aldarria. Baita Elkoro berarenak ere: "Bakea lortzeko batasuna behar da", esan du oholtza gainetik.

Ezker abertzaleko kide historikoa zigortzea ekarri zuen auziarekin egindako injustizia salatu, eta 18/98 sumarioan epaitu eta kartzelan jarraitzen dutenak ere gogoan izan dituzte. Bergarako hainbat eta hainbat herritarren maitasuna jaso du Elkorok, eta ekitaldian izan dira Euskal Herriko beste leku askotatik etorritako lagunak ere, Egin egunkariko langile izandakoak... Berbaldiez gain, musika, kantua eta dantza ere izan ditu ekitaldiak, eta, Peio Ospital gidari, zazpi euskal herriek bat egin dezagun abestuz amaitu dute.

Elkoro bera, Maite Aristegi, Jose Antonio Altuna Txatillo eta Victoriano Gallastegiz gain, esan bezala, beste hainbatek ere hartu dute hitza ekitaldian.

Mariano Ferrerrek, nahi beste jenderengana iristea lortu ez zutela aitortuta ere, azpimarratu du 18/98 + ekimenak auzi haren aurka egindako lana, eta plataformaren eredua goraipatu du: "Lehena: bakarrik ezin duzuna, beste batzuekin egin behar duzu; bigarrena: elkarlana nahi baduzu, bat egiteko puntuak bilatu behar dituzu; hirugarrena: bat egiteko puntuak topatzeko, norberak garrantzitsu jotzen dituen gauzei uko egin behar die sarri, baina, aldi berean, aukera handiak irekitzen ditu horrek".

Auzi beragatik kartzelaratua izan eta espetxetik berriki irtendako Pablo Gorostiagak, berriz, legalitatea eta zilegitasuna jarri ditu parez pare, Laudioko Udalean bere garai berean jardundako eta egun Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Carlos Urkixo aipatuz: "Hark dio Madrilgo legedia betearazteko duen egitekoa bete baino ez duela egiten; guk, berriz, herriak ematen digun zilegitasunarekin eta koherentziaz jarduten dugu", zioen.

Jose Luis Elkorori eta gainerako auzipetuei ezarritako zigorren oinarri juridikorik eza azpimarratu du, bere aldetik, Juanjo Alvarezek, esanaz 500 orriko sententziak hura jasotzen duen paperak baino balio gutxiago duela: "Adibidez erabili izan balute juridikoki terrorismo islamistarentzat erabili duten politika, zigortuak izan ziren bat bera ere ez zen zigortua izango, bat bera ere ez".

Eta batasun aldarriari dagokionez, Juanjo Alvarezek esan du, Katalunia ere aipatuz, herri batean %85-90 badira independentziaren aldekoak, ez dagoela hori geldiaraziko duen "horma juridikorik". Bestalde, Bergaran egon ezin izan duten Juan Jose Ibarretxe, Pedro Miguel Etxenike eta Jose Maria Setienen ekitaldiarekiko eta Elkoro berarekiko babesaren berri eman du Alvarezek.

Miguel Castells abokatuak, berriz, adierazi du, ezker abertzalea eskatzen zaizkion urratsak ematen ari den bitartean, Espainiako gobernuetan egondako alderdiek ez dituztela aitortu eurek gauzatutako giza eskubide urraketa larriak, eta horrek eragiten dituela "zailtasun handiak" Euskal Herriko sektore ideologiko desberdinen arteko "gutxieneko batasun" baterako.

Jose Luis Elkorok hitza hartu aurretik, lore-sorta bana eman diete bere emazteari eta Arnaldo Otegirenari, eta hark bidalitako gutuna ere irakurri dute.

Ekitaldian barrena, hizlari batek baino gehiagok nabarmendu dute Jose Luis Elkororen zigorra arintzeko Mugituko Da plataformak lan erabakigarria egin duela. Hala aitortu eta eskertu du Elkorok berak ere. Gaurko ekitaldiarekin eta sortu zeneko helburuak beteta eman dute amaitutzat plataformaren ibilbidea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak