Hitzaldia hileroko lehen domeketan egiten den Hileko Obra zikloaren barruan programatuta dago; zehazki, Bergarako margolariaren mendeurreneko ekitaldietako bat da berau. 12:00etan hasi eta 90 minutuz jardungo du Elkoroberezibarrek 1951ean margotutako artelanaren eta Simon Arrietaren gainean.
Ikerlari bergararrak emandako xehetasunen arabera, Arrietak Madrilen margotu zuen El Picador koadroa. "Antonio Sanchez toreatzailearen tabernara joan ohi zen, Zuloagak berak ohi zuen moduan, eta han ezagutu zuen pikadorea, Arturillo, gerra aurretik oso ospetsu egin zena. Arrietak margotu zituen "kapritxo"-en artean kokatu beharko genuke, hau da, enkargukoa ez zena (…) Arrietak Madrilen ospea zeukan, erreferentziazko erretratugilea bilakatu zen. Aristokraziak, toreroek eta pertsonaia ospetsuek berak egindako erretratu bat nahi zuten. Ia bi metroko koadro figuratibo errealista honetan planoetan egindako definizioa nabarmendu beharko genuke, kolorea eta argiaren tratamenduaz gain".
Madrilen eta Donostian
Abuztuaren 2ko hitzordua aukera aparta da Arrietaren kapritxo horren gainean ilustratzeko, ezen, San Telmoko deposituan egon da bakarrik margolana: "Jatorri euskalduna duen Madrileko familia batek utzi zuen deposituan. Arrietak Madrileko Círculo de Bellas Arteseko Minerva Galerian 1952an erakutsi zuenean erosi zuten. Arrietak koadro guztiak saldu zituen erakusketa hartan. Arrakasta izugarria izan zuen", esplikatu du Elkoroberezibarrek.
Edozein modutan, margolana bera ezin izango da bertatik bertara ikusi. Elkoroberezibarrek berak ere argazkiak baliatu beharko ditu haren gainean jarduteko: "Azken urteotan San Telmokoek ez dituzte deposituko obrak aurrez aurre erakusten segurtasun neurriak direla eta. Beraz argazkiez baliatu beharko naiz azalpenak emateko. Bide batez, Arrietaren bizitza eta obraren ibilbidea eskainiko dut hitzaldian".