Errekalde jauregiko paretetan bizirik dauden eta baita ere dagoeneko gure artean ez dauden artisten margolanak zintzilikatu dituzte. Batzuk, gainera, nazioarte mailako oihartzuna duten artistenak dira, eta beste batzuen izenak ere aski ezagunak dira, nahiz eta artean barik, bizitzako beste diziplina batzuetan ezagunak izan: Jesus Mari Lazkano, Joxean Iza, Luis Laskurain, Josu Okina, Miguel Okina, Rikardo Azkargorta, Miguel Lazpiur, Josuren Murgizu, Jose Luis Azkarate, Jose Antonio Laskurain (hilda), Fernando Azkargorta (hilda), Moises Eguren (hilda), Abdon Juaristi (hilda), Frantzisko Leturia (hilda), Edurne Eraña, Alfonso Romera, Xabier Agirre, Mari Paz Alustiza, Mikel Aristegi, Josemari Larrañaga, Agustin Amasorrain eta Joakin Loidi. Margolari horiek guztiak ere bergararrak dira.
Eskulturagilea, berriz, da Lorentzo Askasibar elgetarra. "Simonen estudioan egon zen, Madrilen, marrazten. Eta berak egin zuen Simon Arrieta plazan dagoen Simonen bustoa. Besteak beste, egon da AEBtan lanean 22 urtez eskultura monumentala eta pintura lantzen", jakinarazi du Luis Laskurainek, erakusketako komisario eta margolariak.
Harreman zuzena Arrietarekin
Edozein modutan, aipatutako pertsona guztiek izan zuten Arrietaren kultura sustatzaile jokabidea edo egiteko modua barneratzeko aukera, zuzenean izan zuten-eta Arrietarekin harremana. Eta horregatik orain, Arrietaren ondorengoek harengandik barneratutako artearenganako interes hori bera zabaltzen jarraitu nahi dute beraien lanekin. Bestela esanda, maisu izan zuten Arrietari errekonozimendua adierazi nahi diote artista horiek euren lanen bitartez.
Mugimendu artistikoaren kohesioa
Era berean, erakusketan eskainiko da Miguel Anjel Elkoroberezibar ikerlariak XVIII. mendetik gaur egun arte, Bergarako marrazki eta arte eskolen inguruan burututako ikerlanaren inguruko laburpena ere. "Elhuyar anaien eta Bergarako margolarien mugimenduaren arteko harremana esplikatuko du, besteak beste. Izan ere, Simonek egin zuena izan zen herritartu XVIII. mendetik bazetorren mugimendu artistikoa", Laskurainek esanetan.
Horrenbestez, erakusketa honetan iragana eta etorkizuna uztartuko dira, Simon Arrietak emandako aholku artistikoak, erakutsitako teknikak eta emandako gomendioak egungo lanetan islatuta ikusiko dira-eta.
Hamar bat margolari profesional edo erdi-profesional
Datu bitxi eta deigarri batzuk, Simon Arrietaren eraginaren garrantziaren erakusle direnak: erakusketan dauden 22 margolarietatik lauren ogibidea margolari izatea da: Lazkano, Agirre, Loidi eta Okina. Eta beste lau erdi-profesionalak dira: Rikardo Azkargorta, Joxan Iza, Mari Paz Alustiza eta Luis Laskurain. "Hori Bergara moduko udalerri batean, 15.000 bizilagun dituen udalerri batean. Datuak estrapolatuz gero, Donostia batek, adibidez, izan beharko lituzke 100 margolari, eta ez daude horrenbeste", azpimarratu du Lus Laskurainek.
Urriaren 4ra arte
Urrira arte izango da erakusketa ikusgai, honako ordutegian: astelehenetik zapatura, 10:00etatik 14:00ak bitartean, eta 16:00etatik 19:00ak bitartean. Eta domeketan, berriz, 10:00etatik 13:00ak bitartean.
Ekimenaren aurkezpenean izan dira Juanje Alberdi Bergarako alkatea; Iñaki Irizar Laboratorium museoko teknikaria; Luis Laskurain Erakusketako komisarioa eta Miguel Anjel Elkoroberezibar Ikertzailea.